Koldo Carrillo- 2012/08/01
Espainiako Barne Ministerioak Leonetik Donostiako ospitalera eraman du Iosu Uribetxeberria preso arrasatearra. Duela 7 urte diagnostikatu zioten Uribetxeberriari giltzurruneko minbizia eta berriki, minbizia berpiztu eta gorputzean zabaldu zaiola jakin dugu. Donostiako ospitalean medikuntza-proba berriak egingo dizkiote.
Gaur, eguaztena, hain zuzen ere, Etxerat elkarteak urteroko kontzentrazioa egin du Loiolako Santutegian eta arrasatearraren eta beste 13 preso gaixoen askatasuna exijitu dute agintarien aurrean. Bestalde, zapatuan, manifestazio nazionala deitu dute Arrasaten, arratsaldeko 17:30etan. Bertan, aipatutako presoen etxeratzea eskatuko dute, “Iosu askatu, hamalauak herrira”, lemapean.