Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Beste omendu bat, 83 urte eta gero, Arrasatera itzuliko da

6 fusilatu gehiago omenduko dira ekitaldi jendetsuan, ostegunean

Intxorta 1937 elkarteak jakin du Guillermo Ugarte, Isidro Monje, Victor Uribetxebarria, Blas Unamuno, Dimas Aranzeta eta Eusebio Mentxaka ere erailak izan zirela. Beraz, omenaldian guztira Debagoieneko 122 fusilatu eta desagertu omenduko dira. Omenaldia jasoko du ere Francisca Garciak, haurtxo bat zela, Arrasatetik ihes egin behar izan zuena.

595.Omenaldia.19.Aurkezpena (id: 3997263)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko irailak 19, osteguna

 

Datorren ostegunean, irailak 26, tropa faxistak Arrasaten sartu zirela urteurrena beteko da. Urtero legez, omenaldia egingo zaio fusilatu eta desagerraraziei, baina aurten omenaldi berezia izango da:

 

Hala, ekitaldi jendetsua iragarri dute antolatzaileek gaur goizeko prentsaurrekoan, Kulturateko areto nagusian. 

 

Hain zuzen, omenaldiak gorazarre egingo die altxamendu militarraren ondorioz diktaduraren errepresio frankista sufritu zuten pertsona guztiei.

 

Ekitaldi irekia monolitoaren ondoan egingo da, Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, lehengo Laubide plazan, irailaren 26an (osteguna) arratsaldeko 19:00etan.

 

16 urte igaro dira monolitoa bertan jarri zenetik Debagoienean erail edo desagerrarazi zituzten pertsonen omenez. Orduan eskualdeko 116 pertsonen izen-abizenak jarri zituzten oroigarrian.

 

2003ko ekitaldi hartan "lehen aldiz eskualdeko alkate guztiek parte hartu zuten omenaldian, eta aurtengo omenaldian gauza bera lortu nahi izan dugu". Gainera, aurtengo omenaldian beste 6 errepresaliaturen izen-abizenak gehituko dizkiete, eraildako 6 pertsona gehiago omenduko dira:

 

Eusebio Mentxaka Turiel: Arrasaten jaio zen, Errepublika garaian Santanderren bizitzera joan zen. Ezkertiarra zen, Alderdi Komunistakoa. Gerra denboran atxilotua, epaitua eta fusilatua izan zen. 

 

Guillermo Ugarte Aeta: Oñatiarra zen, gaztetan Beasainera lanera joan zen, eta gerra hastean bera bertan zegoen. Abertzalea zen, eta 58 urte zituela fusilatu zuten.

 

Victor Uribetxebarria Bengoa: Asatzakoa zen, Marruko baserrikoa, honezkero desagertuta dagoen etxea. Victor ere Beasainera joan zen lanera. Abertzalea zen, eta 64 urte zituela fusilatu zuten.

 

Isidro Monje Alonso: Julia Monjeren aitonetako bat izan zen. Aretxabaletan bizi zen, ezkertiarra zen, UGTkoa eta gerra denboran desagertu zen.

 

Blas Unamuno Amutxastegi: UHP-ko batailoiko kide zen, Bergarakoa eta ezkertiarra, Alderdi Sozilistakoa. Kanpazarko borroketan zauritu zuten. Apirilaren 24an, anbulantzian Elorriora zeramatela, requete-ek ibilgailua geldiarazi zuten eta eskuko bonba batekin anbulantzian zihoazen pertsona denak txikitu zituzten.

 

Dimas Aranzeta Etxezarreta: Elgetarra eta abertzalea zen. Bere herrian faxistak sartu zirenean fusilatu egin zuten. Berataz ez dute datu gehiago lortzerik izan orain arte.

 

 

Lagun hauen berri izateko "zorte apur bat izan dugu: Guillermo eta Victorren berri adibidez iaz izan genuen, 2018an Beasainen argitaratutako liburu bat irakurtzean".

 

Blas Unamunoni dagokionez, "berarekin borrokatutako kide bat elkarrizketatu genuen, eta elkarrizketan izan genuen Blasen berri". 

 

Beraz, goian aipatutako sei izen-abizenak gehituta, datorren astetik aurrera, Debagoienean erail eta desagerrarazi zituzten 122 pertsonaren izen-abizenak izango dira ikusgai monolitoan.

 

 

Gainera omenduko da erbesteratutako emakume bat, 83 urte jaioterritik kanpo eman dituena: Francisca Garcia. Urte bat zuela, Arrasatetik eraman behar izan zuten. Bere aitaren familia jatorriz Cuevas del Valle herrikoa zen (Avila), baina bere aita Arrasateko trenaren eraikuntzara lanera etorri zen.

 

1920ko Arrasateko erroldan bere aita ageri zen, Musakolako 'Casa hierro' delakoan. Felipe Garcia Lumbreras deitzen zen, eta 1936rako euskaraz egiten zuen. Dragones Batailoiarekin borrokan geratu zen. Requete-ak Gijon-en sartu zirenean, arrasatear eta oñatiar batzuk harrapatu zituzten, eta bertan erail zuten Felipe aita.

 

Bere hiru anai (Felipe, Rogelio eta Anastasio) Santanderren atxilotuak eta fusilatuak izan ziren, epaiketarik gabe.

 

Francisca haurtxoa eta bere anaia-arreba Arrasatetik Bizkaira igaro ziren, eta Bizkaitik Kataluniara. Bere anai-arrebetako bat Katalunian hil zen, eta beste anaia-arreba bat frantziar estatuan.

 

Horrenbestez, bere aita, bi anaia-arreba eta hiru osaba hil ziren edo hil zituzten gerra garaian.

 

"Franciscaren ama, bere senarraren hilketaren berri izan zuenean, gor geratu zen. Francisca ez da inoiz Arrasatera itzuli, eta Frantzian bizi izan da. Ondoren, bere semea Bartzelonara lanera etorri zenez, Francisca Vilanova i la Geltrú herrira bizitzera joan zen".

 

"Orduan Arrasateko udaletxera deitu zuen, jakin gura zuelako bere aitari zehazki zer gertatu zitzaion. Udaletxea Intxorta 1937rekin harremanetan jarri zen, eta hortik hasi ginen harremanetan Franciscarekin". Francisca, 83 urteren ostean, Arrasatera itzuliko da, omenaldirako.

 

Bailarako 700 eraildako izan ziren, eta horietatik 400 gudariak edota ezkertiar milizianoak izan ziren. Beste 250 matxinatu faxistak izan ziren. 56 inguru herritar zibilak ziren, bonbardaketekin erailak. Prentsaurrekoan baieztatu dute erregimen frankistaren ondorioak oso latzak izan zirela:

  • Erailketak
  • Desagerpenak
  • Beste hildako asko (700 bailara honetan)
  • Kartzela
  • Tortura
  • Kontzentrazio-eremuak
  • Bortxaketak
  • Erbestea
  • Depurazioa
  • Bonbardaketak
  • Euskararen debekua
  • ...

Horregatik guztiagatik, omenaldian berretsiko dute aspaldiko aldarrikapenarekin: Justizia. Horrekin bat egingo dute Debagoieneko kultur talde ugarik omenaldian, abestuz, musikarekin eta dantzan, helburu berberarekin:

 

"Altxamendu faxistaren ondorioz errepresio faxista jasan zuten pertsona guztiei omenaldi xume hau eskaintzea".

 

Izan ere, "Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da askatasunez bizitzeko, zauriak ixteko eta aurrera egin eta etorkizuna sendotzeko".

 

Omenaldi hau Debagoieneko eta Aramaioko udalen laguntzarekin egingo da, eta euria egingo balu Biteri plazan, 'gasolineran' egingo litzateke.

 

 

Omenaldiko egitaraua iragarri dute prentsaurrekoan: Ekitaldiari hasiera emango diote Ane Zuazubiskar eta Manex Agirre bertsolariek, eta ondoren Nati Roa, Maite Uranga eta Julia Monge senideek eta militanteek hitza hartuko dute.

 

Une horretan errepresaliatutako beste 6 lagunen izen-abizenak bistaratuko dira, eta pertsona hauen senideei Iñigo Arregiren eskulturak emango dizkiete alkateek.

 

Zazpigarren eskultura bat ere emango da, hain zuzen, Francisca Garciak ere omenaldia jasoko duelako, 84 urtekoa. "Urte bat zuela Arrasatetik ihes egin behar izan zuen, eta omenaldiaren egunean Arrasatera itzuliko da. Inoiz ez da itzuli".

 

Ekitaldian ere aurreskua eta ikurrin dantza izango dira, Txikitxu-Arrostaitzen eskutik. Ondoren lore eskaintza egingo da, Izaskun Zubizarretak biolinjoleak, bailarako txistulariek, Arrasate Musikaleko metal bostekoa eta perkusio ikasleek, eta Debagoieneko abesbatza ezberdinek 'Internazionala' interpretatuko dute, Xabier Barriolaren zuzendaritzapean.

 

Ekitaldiari bukaera emateko, Pablo Sorozabalen 'Gernika' eusko kantata jendarteratuko da. Iraitz Agirrek egingo ditu aurkezpen-lanak. Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute:

  • Julia Monge, Intxorta 1937ko kide
  • Juan Ramon Garai, Intxorta 1937ko kide
  • Maite Uranga, Intxorta 1937ko kide
  • Nati Roa, errepresaliatu baten senide
  • Anuska Ezkurra, Arrasateko udal-ordezkari
  • Iraitz Lazkano, Elgetako alkatea
  • Gorka Artola, Bergarako alkatea
  • Iker Oñate, Oñatiko zinegotzi

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak "mila esker bihotzez omenaldia aurrera eramateko laguntza eman diguzuen udal eta pertsona guztiei. Parte-hartzaileak ilusioz ari dira, baita gu ere".

 

Era berean, Intxorta 1937k dei zabala egin die arrasatearrei eta bailarako herritar guztiei omenaldira bertara daitezen: "Garai latza izan zen baina omenaldia neurri batean polita edo atsegina izaten ahaleginduko gara". 

 

Intxorta1937.org

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE