Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

GAUR MARTXOAREN 8a DA

Orain dela hilabete irakurri nuen zinema zuzendaria den emakume batek esaten zuena: mende honetako iraultza sozial eta eraldatzailea emakumeena izango da, bestela ez da etorriko.

 

  (id: 5681531)

 

Testua: Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea / Argazkia: MB artxiboa / 2018ko martxoak 8, osteguna

 

Gaur Martxoaren 8a da. Lehen aldiz greba dago deitua mundu mailan emakumeen eskubideak aldarrikatzeko. Orain dela hilabete irakurri nuen zinema zuzendaria den emakume batek esaten zuena: mende honetako iraultza sozial eta eraldatzailea emakumeena izango da, bestela ez da etorriko.

 

Gizarteak rol eta pauta jakin batzuk ezartzen dizkigu eta askotan, horien baitan jokatzen dugukonturatu gabe eta parametro horietan sartzen ez diren emakumeek sarritan gizartearen presioa jasan behar izaten dute. Mikromatxismoen bitartez emakumeoi "hori ez da zure lekua" esaten zaigu. Emakume askok jasan izan ditugu mikromatxismoak, bai gizonezkoen aldetik, baita emakumeon aldetik ere, tamalez.

 

Nik mikromatxismoak jasan izan ditut politikari izan aurretik eta ondoren. Bi seme ditut, 9 eta 4 urte dituzte orain.Kontua galdu dut zenbat aldiz galdetu ote didaten "nola moldatzen zara horrelako lan bat aurrera ateratzeko bi seme txikiekin?" Erantzuna beti da berdina: nire senarrak murrizketa dauka umeen zaintza egin ahal izateko eta amamaren laguntza itzela daukat, bestela, ez litzateke posible izango". Ama txar bat izango bazina bezala sentiarazten zaituzte subkontzientean badugulako nolabaiteko ideia bat errotuta pentsatu arazten diguna etxekoen zaintza emakumeari dagokiola. Eta ziur, galdera horri ematen diodan erantzunak ere baduela kutxu matxista bat, nire burua justifikatzen egongo banintz bezala erantzuten baitut: "etxean badut planifikazio bat lan hau egin  ahal izateko". Gustatuko litzaidake jakitea zenbat alkatek, zuzendarik, edo erantzukizuna duten postuetan dauden gizonezkoek  sentitu ote duten hori.

 

Arrasateko Udalbatzan gure taldeak bi emakume ditu lehen lerroan: alkatea eta bozeramailea. Ez da ohikoa hala izatea eta horren adibide da beste taldeetako bozeramaileak gizonezkoak direla.

 

Kritikatu nahi den politikaria emakumezkoa denean, askotan, bere diskurtso politikoen edo ekintzen kontra jo ordez, bere itxura kritikatzen da, edo eremu pribatuan geratu behar dela iradokitzen zaio. Beste hainbat profesiotan gertatu bezala, mila bider gehiago demostratu behar dugu emakumeok, lan gehiago egin behar dugu gure ahotsa entzuna izan dadin eta politika munduan ohikoa da emakumea esparru politikoan jardutera ausartzeagatik baloratzea, defendatzen dituen ideiengatik baino. Eta noski, gogorarazten zaio bere soldata maila ezin dela izan gizonezkoen parekoa.

 

Emakume politikariak deskalifikatzeko erabiltzen den modu hori indarkeria sinbolikoa dela esan zidan aditu batek. Ordutik, arreta gehiago jartzen dut berau identifikatzen saiatzen.

 

Askotan zaila da txiste, grazia, eta horrelakoetan ezkutatzen den indarkeria sinbolikoa antzematea: emakumeak gutxiesteko funtzioa dute eta helburua dominazio sistema mantentzea da.

 

Mikromatxismoak eta ezberdintasun egoerak gainditu behar ditugu. Iraultza sozial eta eraldatzailea gurea izan behar  da, emakumeona, ezberdin pentsatu arren, ideia ezberdinak izan arren, errealitateak modu ezberdinean ulertu arren...DENAK garelako emakume.

 

Gaur, nire etxeko balkoian amantala zintzilik egongo da, ekintzetan parte hartuko dut, grebara batuko naiz eta nire eskubideak eta emakume guztionak aldarrikatuko ditut, gaur eta egunero. Eta zuri ere gauza bera egiteko eskatzen dizut, gizon ala emakume, guztion esku baitago gizartea aldatu eta gizarte parekideagoa eraikitzea.

 

 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE