Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

Aprendizen Eskola zaharraren izen aldaketa: APRENDIZENA

Anabel Ugalde Gorostiza eta Jon Azkoaga Ugalderen artikulua.

120.Anabel.Ugalde.Jon.Azkoaga (id: 6520720)

 

Testua: Jon Azkoaga Ugalde eta Anabel Ugalde Gorostiza / Argazkiak: MB Artxiboa / 2017ko martxoak 24, eguakotxa

 

Herriko hedabideen bitartez jakin dugu Arrasateko Udalak Aprendizen Eskola zaharrari izena aldatzeko asmoa duela (2017-03-14). Eta aukeran jarri dituela neologismo bi: Aprendizola eta Aprendizbarri, herritarrek botoen bidez aukeratu dezaten bietariko bat. Horretarako, udalak kontuan izan ei ditu sei irizpide:

1. Aprendiz izenaren erroa mantentzea, Euskaltzaindiak aholkatuta;
2. Euskal formatura edo ahoskerara ondo egokitutakoa izatea;
3. Erraz deklinatu daitekeen izena izatea;
4. Leku izenekin lotura edukitzea;
5. Hitz bakarrean esanahi handia edukitzea eta, azkenik,
6. Beste hitz batzuekin edo lekuekin lotzea erraztuko duen izena izatea.

Ondoren, beste proposamen bat gehitu zaio udalaren aurreko biei, hau da, Aprendizak (2017-03-21).


Guk, berriz, beste baten aldeko hautua egin nahi dugu, euskaldunok IZENAK sortzeko eta erabiltzeko dugun moduetan oinarrituta, baita udalak izandako sei irizpideei ondo iritzita.


Argi utzi nahi dugu, aldez aurretik, euskaldun hiztun gisa ari garela eta gure apustua dela eraikinaren izen “berria” finkatzeko mondragoetarron hizkeran errotutako modua gogoan izatea. Izan ere, gure herrian oso fenomeno bitxia indartzen ari da. Ez dakigu zein den arrazoia, baina neologismoak erruz erabiltzen hasi dira hainbat lekuri eta erakunderi izena jartzeko. Hasieran gogorrak izan baziren ere euskaradunontzako, guztiz arrotzak zirelako, ohitu egin gara entzunaren entzunaz. Beldur gara gure moderno izate honekin, euskara jatorra eta zuzena barik, euskal gaizto egiten ote gabiltzan.


Eta orain hizpide dugu ESCUELA DE APRENDICES zena, 1939an inauguratu zutena, gerra bukatu berri, mutilek ofizioa ikas zezaten, industriak eskatzen zuen eskulan kualifikatua formatzeko. Ez dago gogoratu beharrik izen erdalduna jarri ziotela, garai haietan ezin baitzen besterik egin, nahiz eta herriko biztanle gehienak euskaldunak izan, euskaradunak. Hauek Aprendizen Eskola esaten zioten, Aprendizen Eskolia edo Aprendizen Eskolie aldaerekin, osorik deitzen ziotenean.


Arestian esan lez, euskaldunok eta erdaldunek modu ezberdinak erabiltzen ditugu izenak jartzeko, neurri handi batean euskaldunok izenok deklinatu egiten ditugulako. Argitze aldera, erdaraz esaten bazen “estudian en Aprendices”, “van a Aprendices”, “estudian en las monjas”, “van a las monjas”, euskaraz zihardutenek esaten zuten “Aprendizetan ikasten dute”, “Aprendizetara doaz”, “mojetan ikasten dute” edo “mojetara doaz”. Hor, deklinatzearen koska! Gazteleraz, beti Aprendices; eta euskaraz, ostera, aldatu egin behar.


1939an estreinatutako eskolan letreroa jartzea erabaki zutenean, ez zuten zalantzarik izan: ESCUELA DE APRENDICES. Euskarazkorik ez zuten jarri eta, sarri gertatzen zaigun moduan, ofizialtasuna falta dugu; horren izena eta izana gorde dutenak herritar arruntak direlako, Euskarazko titulurik ez dutenak.


Euskaldunok eraikinen izen kontuetan tradizio handia dugu. Oso urrun joan barik, baserri izenen zerrenda luzea egin dezakegu. Eta gure zaharrek badute zer erakutsi, eurak izan baitira euskara natural egin dutenak, jator.


ESCUELA DE APRENDICES-en pare parekoa da APRENDIZEN ESKOLA. Baina kontuan izan beharreko irizpide bat da berba bakarra izatea. Beraz, baztertu beharko litzateke.


APRENDIZAK da beste aukera bat. Hitz bakarra denez, onar daitekeena. Izen honek, berak bakarrik, deklinatu barik, ikasleei egiten die erreferentzia. Badu beste eragozpen bat: plurala dela. Zelan deklinatuko dugu? Irratian entzuten den iragarki batean dioten moduan? “... altzariaken”?


Adierazitako arrazoiak tarteko, aurreko biei ez diegu ondo irizten eta gure proposamena azaldu gura dugu: APRENDIZENA, euskararen transmisioan etenik izango ez bagenu, naturalena litzatekeena denominatibo moduan.


Gure aurreko edozeini galdetuta zein eskola zen aurrean zutena, APRENDIZENA erantzungo zuketen, nahiz eta Aprendizetan, Aprendizetara edo Aprendizetakoak esan deklinatzerakoan. Eta antzeko egoeran, mojetan, mojetara edo mojetakoak esan, MOJENA zela eskola erantzungo zuketen.


Gertu dauzkagu baserri eta etxe batzuk ere, han bizi izan zen norbait (edo norbaitzuk) gogorarazten digutenak: Arruena, Makatzena, Arretxena, Baxabena, Boleroena, Buenoena, Juldainena, Kabuena, Lazaroena, Lukoena, Mardoena, Mangena, Marianoena, Mentuena, Paparbaltzena edo Perikinena.


Dendei eta tabernei ere, urte batzuk dauzkatenei behintzat, -ena atzizkia gehitzen zaie. Halakoak dira – edo ziren - Montena, Buenuena, Kukuena, Plus-Ultrana, Lukuena, Txomintxikixena, Aizkorana, eta abar.


Gure proposamenaren aldeko argudioak argitzen saiatu gara. Aurreko ilaretan aipaturiko izen den denak Arrasatekoak dira, normaltasunaz erabiltzen direnak, jator jatorrak. Zergatik ez oinarritu jatortasun berean eraikinari APRENDIZENA* izena jartzeko?

 

Anabel Ugalde Gorostiza eta Jon Azkoaga Ugalde


Arrasaten, 2017ko martxoaren 24an.

 

 

* Durangoko eraikin enblematikoen artean dugu Plateruena, esaterako. Handik gertu, Matiena auzoaren izena bera.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE