Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arrasateko parrokoa Oñatikoa izango da

"Arrasaten bezala, Oñatin ere gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz"

Donostiako Gotzaitegiak erabaki du Horacio Argarate Oñatiko parrokoa izatea. 10 urte hauetan Arrasateko Parrokiak, Caritasekin batera, egitasmo sozialak martxan jarri ditu: Kataideko Bidean zentroa, San Frantziskoko harrera etxeak,...

595.Horacio.Argarate.Parrokoa (id: 9377642)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko uztailak 4, osteguna

 

Donostiako Gotzaitegiak erabaki du Arrasateko parrokoa Oñatira bidaltzea, eta irail inguruan joango da destinu berrira. Hona hemen berarekin egin dugun elkarrizketa: 

 

- Zelan jaso zenuen gotzaitegiaren erabakiaren berri?

 

Ezustean, eta jendeak esaten dit eurentzat ere ezustekoa izan dela. 10 urte Arrasaten egin ostean bertatik joan behar izatea harrigarria da. Hala ere, guk lehen momentutik jakin badakigu beste herri batera destinatu gaitzaketela.

 

Gainera, pena eragiten dit Arrasate uzteak, ez ordea Oñatira joateak. Hemen harremanak eginak nituen, baita lan batzuk aurreratuta ere, baina amaitzeke oraindik.

 

- Donostiako gotzaitegiak erabakiaren arrazoia azaldu dizu?

 

Bai, Oñatiko parrokoak 63 urte dituen arren gaixo dago. Gaixotasunak lan batzuk egitea galarazten dio, eta gotzaitegiari uztea eskatu dio. Gotzaitegiak adierazi dit, ni Oñatin ezaguna naizenez, Oñatin ondo hartuko nautela, Oñati gauza horietan nahiko berezia izanda. 

 

- Zeinek ordezkatuko zaitu Arrasateko parroko bezala?

 

- Victoriano Etxabe izango da. Gaur arte zurrumurru bat zen baina gaur beraxek baieztatu dit bera izango dela. Atzo arratsaldean gotzainarekin hitz egin zuen, eta Victorianok lan errazagoa izango du hemen Oñatin baino. 

 

Penagarria da, erabakia hartu aurretik, inork ez didala galdetu Arrasateko egoeraren inguruan, baina jakin badakite hemengo elizatarrek Gipuzkoa mailan izena ona dutela, kudeaketan oso trebeak direlako. Gotzaitegiak dio Arrasaten lantalde bikaina dagoela. Beraz, esaldi horren itzalean, etorriko den apaizak gauzak ondo egingo ditu.

 

Erabakiarekin min gehien hartu dutenak nire ingurukoak izan dira, baina gotzaitegikoek baloratu dute edozein datorrela ere, Arrasaten gauzak ondo egingo direla.

 

- Zein da Victoriano Etxabe?

 

- 56 urte ditu, Itziarren jaio zen, baina bizitza Arroa Goikoan eman du, eta familiaren baserria bertan dauka. Ez dut pertsonalki sakon ezagutzen, baina iazko irailean hedabide ugaritan azaldu zen, Hondarribiako alardeen harira.

 

Alarde tradizionaleko askok bere aurka jarri ziren, eta Hondarribitik joan behar izan zuen. Urte honetan ikasten jardun du, pertsona jantzia da, lau hizkuntza menperatzen ditu, Antropoligian lizentziatua da, erizain aritua, eta Teologia eta Filosofia ikasketak egin zituen.

 

Hondarribiko iskanbilaren ostean, destinu barik zegoenez, ikasturtea ikasteko baliatu du. Fisikoki oso garaia da, ia bi metroko altuera dauka.

 

- Zelan ikusten duzu Arrasate? 

 

- Fagor Electrodomesticosekin gertatutakoaren ostean, denok umilagoak gara, onerako nahiz txarrerako. Lehen jende ugari ekonomikoki goi mailan zegoen, baina itxieraren ondorioz diru asko galdu da etxebizitza askotan. Hori igarri egiten da komertzio askotan eta kaleko giroan.

 

Gainera, itxierak desepzio handia eragin du, Fagor Electrodomesticos ez baitzen enpresa bat soilik, luzarotik zetorren proiektu bat baizik. Egia da kooperatibek egoera halamoduz bideratu dutela, baina herritar asko minduta daude eta batez ere desepzionatuta.

  

Lehen konpromiso soziala zegoen Arrasaten, baina inoiz ez zen oso itxaropentsua izan, prebentzioa handia zen, eta orain, itxieraren ostean, jarrera hori areagotu egin da.

 

Herri langilea da, elkarte eta talde ugarik dihardute, konprometitua da, baina ezkortasun puntu bat zabaldu da jendartean.

 

- Konpromiso sozial handiko parrokoa zara, zelan ikusten duzu alor hori?

 

- Konpromiso soziala daukat parrokoa eta Horacio Argarate naizelako. Arrasatera etorri nintzenean eta gaur egun oraindik Parrokiako Caritas oso indartsu dabil. Pilar Arzamendik urte askotan gidatu egin du, eta lan itzela egin da enplegua sustatzen, laguntza pertsonalean,...

 

Nik egitasmo horri ekarpena egin diot, nire eskarmentuan oinarriturik: aurrez lan egina nuen gazteen etxe batean 10 urtez zuzendari bezala, Sorabillan. Beraz, Caritasen lana oso ondo ezagutzen nuen. Arrasaten aurrez zegoen konpromisoarekin bat egin nuen, eta horien ondorioz Kataideko Bidean izeneko formakuntza eta enplegu zentroa abiatu genuen.

 

Aipatu daiteke Gipuzkoako abade asko ez daudela Caritasen sartuta, lan hori beste batzuen esku uzten baitute. Parrokia horien konpromisoa berbera da, baina oro har abadeek ez dute zaletasun handirik alor honetan lan egiteko.

 

Abade batzuek zaletasun handiagoa dute umeekin edota gaixoekin egoteko, edo obrak egiteko,... Nik betidanik konpromiso sozialerako joera izan dut.

 

Bestalde, gizon, pertsona eta kristau bezala, nire ustez gure bizitza, muga batzuk dituen arren, erraza da. Beste pertsona batzuek lan itzela egin behar dute aurrera egin ahal izateko, familia-kargak dituzte,... Guk herri batera joatean, etxebizitza bat dugu gure esku, eta batzuetan etxe horretako logela asko hutsik daude.

 

Horrelakoak ikusita, nik joera daukat nire bizitza pixka bat konplikatzera, eta egia da batzuetan pixka bat hori asko bihurtzen dela, eta ondorioz batzuetan gainezka egiten dudala.

 

Ekarpen horrekin ez dut testigantzarik eman nahi, esfortzu hori onuragarria da, eta denok egin beharko genuke, pertsonarekiko konpromiso zuzen bezala. Bestalde, Caritasekin elkarlanean beste konpromiso batzuk sortuz doaz.

 

Uste dut pertsonak konprometitu beharra duela, era batera nahiz bestera: batzuk gurasoak dira eta konpromiso handia dute familia aurrera ateratzen, beste batzuek gizarte-ekintzan dihardute, beste batzuek politikagintzan,...

 

Guk erlijioari dagokion konpromisoaz gain, konpromiso pertsonala aplikatu behar dugu. Erlijioari dagokiona soilik aplikatzea motz geratzen baita. Hori ez dugu egin behar besteek gutaz pentsatuko dutenaren beldur, baizik eta koherentziagatik. 

 

- 10 urte hauetan Parrokiak egitasmo sozial jakingarriak jarri ditu martxan: Kataideko Bidean zentroa, San Frantziskoko harrera etxebizitzak,...

  

- Dinamika hori hasi zen Erguingo jangela sozialetik, neguko aterpeko osagarri bezala. Egitasmo hauek abiatu genituen nire eskarmentuan oinarrituta, hainbat herritar laguntzeko prest agertu zirelako eta konprometitu zirelako.

 

Egitasmo hauek abiatzeak eta aurrea eramateak lanak eman dituzte, baina konpromisoari esker, horiek gauzatzea nahiko erraza izan da.

 

- Zer aldatuko zenuke 10 urte hauetatik?

 

- Nik ez neukan esperientziarik ondarearen kudeaketan, eta Arrasateko Parrokiak ondare ugari ditu. Hori gestionatzea izan da gutxien gustatu zaidana. Izan ere, Parrokiak hainbat etxebitza, lursail,... dauzka jabetzan.

 

Horietan obrak egin behar izaten dira besteak beste, eta lan itogarria da. Gainera, horretan ondo aritzeko aurrez kudeaketan jakintsu izan beharra duzu. Eliztarrek eskupekoak ematen dituzte, baina guk alokairuei esker bizi gara.

 

Bizilagun ugari Parrokiaren etxeetan bizi dira, eta horrek sekulako arazo piloa sortzen ditu. Normalean ez dira larriak baina unean konpontzeko prest egon beharra dago.

 

Gainera, Udalarekin etengabean elkarri eskutitzak bidaltzen dizkiogu, desjabetzeen harira esaterako. Nik uste udaletxean sinadura ohikoena nirea dela, soilik alkatearen sinadura ohikoagoa izango da.

 

'Papeleo' guztia ez dut nik egiten, izan ere, Parrokiak badu diru eta ekonomia batzorde bat, 12 lagunez osaturikoa. Batzorde horretatik laguntza itzela jaso dut.

 

Beste adibide bat jarriko dut: orain dela gutxira arte On Tomas Udala auzoan aritu da, baina ez zuen obrarik egin, eta hango abadetxea erabat hondatuta dago. Hori konpontzea, elizaren mantentzeak,... lan asko eskatzen dituzte.

 

Gainera, egoera batzuetan pertsona batzuei aurre egin behar zaie, tratanteen mundu bat bezalakoa da, eta nik ez dut nire burua bertan ondo ikusten. Abokatuekin ere aritu behar izan dut, eta oso nekagarria da.

 

Kontuan hartzekoa da Arrasateko Parrokiak eliza piloa dituela, horietako asko auzoetan daude, eta horietaz arduratu beharra dauka parrokoak.

 

- Nola ikusten duzu oro har Arrasateko Parrokia erakunde bezala?

 

- Zoritxarrez, orain direla 10 urte baino eskasago. Zentralizazio prozesu bat egin behar izan dugu, eta horrek herritar batzuren kexak eragin ditu. Adibidez, lehen Ziorlan hileta-elizkizunak egiten ziren baina orain ez.

 

Izan ere, ez gara denera iristen. Orain direla 10 urte Arrasaten 6-8 abadek ziharduten, baina joan dira eta ondorioz erabaki genuen indarrak erdialdean biltzea. Baina egia da emaitza ez dela esperotakoa izan: Parrokia ez da indartu.

 

Gehien kexatu dira Elizaren zerbitzuak noizean behin (batez ere hileta-elizkizunak) eskatzen dituztenak. Kexa gutxien izan dira mezetara datozen kristauen artean eta batez ere kristau konprometituenen artean.

 

Lehen San Andresen lau meza izaten ziren, eta orain bat soilik, domeketan. Horrek ez du suposatu lehen San Andresko mezara zihoazen kristauak orain San Joan Bataiatzailera etortzea.

 

Izan ere, askok mezara joateari utzi diote, kontuan hartuta horietako asko adineko pertsonak direla. Orokorrean, 10 urtetan Elizaren beherakada arlo guztietan somatzen da:

 

Katekesiko umeen kopurua jaitsi da, bataioak ia desagertu dira,... Hori ez da nire errua izan, joera hori herri guztietan berbera baita, egoera kultural orokor bat. Arrasateko Parrokiaren batasun prozesua nahitaezkoa izan da.

 

Zentzu horretan, ondo bidean ibili gara, eta erdizka geratu da batasun prozesu hori aurrera eramateko egitasmoa.

 

- Oñatiko parroko jardutea erronka izango da?

 

- Denek diote Oñati leku berezia dela eta oñatiarrak ere halakoak direla. Nik eurekin harreman onak izan ditut beti. Arrasate herri handia den arren, gorde egiten ditu herri txikietako hainbat joera. Oñatin joera hori nabarmenagoa da.

 

Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz. Ni horrelakoetan beti bihotz zabalarekin, egia aurretik eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz. Horrelakoetan ondo hartu naute beti, han eta hemen. Ez dut beldurrik zentzu horretan.

 

Nik uste nire bizitza pixka bat lasaituko dela, batez ere antolaketari dagokionean. Hala ere, baliteke Oñatin ere egitasmo berriei ekitea edo heltzea.

 

Oñati ez da leku beldurgarria, Arrasate beldurgarriagoa zen. Donostia inguruko askorentzat Arrasateko inguru hau beste mundu bat da, eta gainera Arrasatek herri borrokalariaren ospea zuen. Horregatik, Donostian umorez hona etorri aurretik zera esan zidaten: 'Agur misiolari!'. 

 

Oñatiko euskara ikasiko dut, erraza ez den arren, eta pozik nago destinu berriarekin, ez zait tokatu infernura joatea. Leku atsegina da, lasaia, eta Elizako gaiak asko landu dituzte.  

 

- Zerbait gehitu nahi baduzu, edo zerbait azpimarratu, aurrera Horacio, zurea da hitza.

 

- Eskerrik asko herritar askori, eliztarrei gehien bat eta Parrokiarekin konpromisoa daukatenei bereziki. Eskerrik asko herri osoari, parrokoa izatean agintari ere bazarelako. Oso gutxitan batzurekin iskanbilaren bat edo beste izan dut, eta nire errua den neurrian barkamena eskatzen diet, bihotzez.

 

Abade bezala heldutasuna lortu dut Arrasaten. Hemen hasi nintzenean, batzuetan nire kolkorako pentsatzen nuen 'hau niretzat ur handiegitan sartzea da'. Batzutan itota edo larrituta nengoen, baina gero denon laguntzarekin une larriak gainditu ditut. Nire ustez lan nahiko txukuna egin dut. Baina hori nire inguruko pertsona guztien laguntzarekin izan da. 

 

  


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE