Koldo Carrillo- 2012/09/22
Blues doinuekin berrekin zien atzo, egubakoitza, Sons of the Delta musika taldeak Kulturate Akustikoa kontzertu zikloari. Mark Cole eta Rick Ewards musikariek Estatu Batuetako hegoaldeko blues klasikoa ekarri zuten gurera eta musikazaleen gustukoa izan zen emanaldia. Bi bluesmen ingeles hauek entzutetsuak dira bere arloan eta teknika eta erritmo atseginekin girotu zuten aretoa.
Sons of the Delta taldeak eskainitako kontzertuan, beren bi diskoko kantuak jo zituzten. Delta blues kantuak jo zituzten nagusiki, armonika, gitarra eta ahots urratuarekin lagunduta eta bluesaren oinarrietan aurkitzen diren esaldiekin gozarazi zituzten entzuleak. Erritmo bareak zein biziagoak interpretatu zituen Sons of the Delta taldeak eta hauekin batera, Estatu Batuetako hegoaldean sustraitutako bestelako erritmoak ere interpretatu zituzten. Blues erritmoak entzuleak harrapatu zituen eta emanaldi atsegin batez gozatu zuten guztiek.
Javier Corcobado eta Igor Arzuaga & Luis Vil asteburuan
Asteburuak, ostera, bestelako izaera hartuko du Kulturate Akustikoa egitarauan eta hala, giro intimistago batean biltzeko aukera izango da bi emanaldiren eskutik, biak arratsaldeko 20:00etan. Batetik, gaur, zapatua, Javier Corcobado igoko da taularen gainera. Ibilbide luzeko musikari, poeta eta idazlea dugu Corcobado eta talde ezberdinetan izandako esperientziari esker, bere izena egin du undergroundaren munduan. Kutsu poetikoa daukate bere kantuek eta bizitzari abesten dio musikariek; batzuetan, modu gozoan; eta bestetan, amorruz. Denetan ere, sentsazio eta emozioek bizitasuna eta pisu handia hartzen dute artista honengandik.
Kulturate Akustikoa programari domekan emango zaio bukaera Igor Arzuaga eta Luis Vil bikotearen eskutik. Biek ala biek musikari esperientziadunak dira eta etengabe sortzen izan dira urte luzeetan. Orain, bat egin dute bien sormen unibertsoek eta Kulturateko eszenatokian emango dute ezagutzera collage honen emaitza.