Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Erasmus egonalditik itzulera

Aitor Ferrer: "Holandan garrantzitsuena oinetako onak edukitzea da"

2007ko Irailean, Aitor Ferrer eta Usua Garin Huheziko ikasleak Holandara joan ziren Erasmus bekarekin ikasketak sei hilabetez bertan jarraitzera. Eskoriatzan ikasturtea amaitzeko itzuli berriak dira Euskal Herrira, malenkoniatsu eta burumakur, hango bizipenak kontatzen hasten direnean irriñoa ezkutatu ezin dutelarik.

Aitor Ferrer bilbotarrak eta Usua Garin zarauztarrak Huhezin ezagutu zuten elkar orain dela hiru urte. Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasketak burutzen ari dira bertan, eta horretaz gain, Arrasaten pisua elkarbanatzen dute beste lau ikaskiderekin.

  

Iaz, Erasmus bekak eskaintzen duen aukera paregabeaz gozatzeko hautatuak izan ziren klasekide guztien artetik. Irailean hegazkina hartu eta Holandara, Zwollera, abiatu ziren, maletan arropa, koaderno eta boligrafoez gain, hamaika ilusio eta itxaropen eraman zituztelarik.

  

Zwolle, Holandako ekialdean kokatzen den herria da, Amsterdametik ordu betera dagoena. Bertako ikasle-egoitzan hartu zuten ostatu Usua eta Aitorrek eta Windesheim unibertsitatean igaro zituzten klase orduak.

 


 

Usua Garin: "Oraindik tristura sentimendua ezin dugu gainetik kendu"


 

 X.E.I. Mondraberri, 2008ko otsailaren 25a, astelehena

  

“Geure buruak sakonago ezagutu ditugu”, diote. Izan ere, ez da erraza izan behar etxeko erosotasunetik kanpo, adiskide eta familiartekoen berotasunetik urrun, bizimodu berri bati hasiera ematea, herrialde atzerritar batean, gainera. Egoera berri askoren aurrean eduki dituzten jarrerengandik asko ikasi dutela ziurtatzen dute. Hala ere, bizi izan duten bakardadea erlatiboa izan da, gutxienez, momentu zailenetan batak bestearengan aurkitzen zuelako sosegua: “Hasieran, Aitorrek eta biok gure gelan ematen genituen eguneko 24 orduak, karta-jokoekin denbora pasatuz”, dio Usuak. “Aste bete inguru pasa ondoren, beste ikasleekin komunikatzen eta planak egiten hasi ginen, eta hortik aurrera beldur eta lotsa guztiak kolpetik galdu genituen.”

  

Ikasgelan, beraiekin batera, Espainia, Frantzia, Belgika, Alemania, Austria, Polonia, Lituania, Errumania, EEBB, Danimarka, eta Finlandiako jendea zebilen.  Bizi-senak indar handia du, eta Zwolleko biztanleekin baino, ikasleen artean harremanak sortu eta sendotzea errazagoa izan zitzaiela aitortzen dute, normala den bezala: “Kanpotarren artean konplizitate edo kidetasun bat nabaritu zitekeen, denok baldintza berdintsuetan ginelako han: bakarrik, herrialde atzerritar batean.” Komunikatzeko erabiltzen zuten hizkuntzarekin, ingelerarekin, ez zuten arazo garrantzitsurik izan. Ondo moldatu ziren, bai besteekin hitz egiterako orduan eta bai unibertsitateko kontuetan. Hala ere, hau horrela izango ez zelaren beldurra bazuten iritsi aurretik: “Aurreko udaran zehar ingelera ikasten akademia batean ordu asko sartu genituen, hara joaterakoan oinarrizko askatasun bat edukitzearren. Zwolle-ra iristerakoan ordea gure ikaskideon maila oso baxua zela ikusi genuen. Mundu guztiak patxadaz hartzen ingeleraren “arazo” hori.

 
Sei hilabetetan holandar sentitzeko astirik ez dute izan, baina euskal kultura eta hemengo ohiturak hango bizimoduarekin alderatzeko behar adina bizipen izan dituzte: “Hango bizitza patxadatsuagoa eta erlaxatuagoa da… Holandarrak berriz, altuak eta ederrak dira”, Usuaren esanetan. Aitorrek bere ondorioak ere atera ditu: “Garrantzitsuena, oinetako onak edukitzea da. Oinetakoek bakoitzaren estatusa definitzen du. Izugarria da Holandan zenbat zapata denda dauden ikustea.”  Ea Euskal gastronomia faltan bota zuten galdetzean, bilbotarrak ezetz esaten du, “Usuari Zarauztik hemengo gazta, saltxitxoia eta txorizoa bidali ziotelako”. Zarauztarrak hango jateko ohiturak hemengoak baino  osasungarriagoak direla uste du. Barazki asko jaten omen dute. “Janariari dagokionez, ez dute bertako identitate edo bereizgarri propiorik. Beraz, mundu osoko sukaldaritza mota asko elkartzen dira han. Supermerkatuetan janari txinatar, tailandiar eta indiar asko aurkitu daiteke” jarraitzen du Aitorrek.

 

Topikoak topiko, Italiara bidaiatzen duten turistek beti jango dute pizzaren bat bertan, eta Alemaniara doazenak saltxitxa eta garagardo festarik ospatu gabe ez dira etxera itzuliko. Holandak, tulipanen eta “zuekoen” presentziaz gain, badu beste nolabaiteko entzute polemiko bat, herrialdea, zenbait drogen erabilpen legalean eta “sexu askean” oinarritzen den Europako jolas-parke erraldoienean bilakatu delako. Amsterdamen kokatzen den Auzo gorri edo Argi Gorrien Distrituan, prostitutek, erdibiluzik, euren zerbitzuak erakusleihoetatik eskaintzen dituzte, denda espezializatuetan perretxiko aluzinagarriak (entsaladarako tomateak bailiran) lasai asko lortu daitezke eta, nola ez, Sex-shopak eta Coffee-Shopak, kalamua legalki erostea eta kontsumitzea ahalbidetzen duten lokalak, okindegiak eta botikak baino ugariagoak dira kale holandarretan. Guzti honek milaka turista erakartzen ditu urtero, eta hara ikastera joaten diren ikasleak, hau ez dute oharkabean pasatzen uzten. “Holandarrek ez dute interes handirik erakusten bertan legalki eskuragarri dauden drogen inguruan. Atzerritarrak gara umeen modura, gauza horien atzetik ibiltzen garenak” dio Aitorrek. “Erasmusa desfasatzeko aukera ezin hobetzat hartzen du jende askok, eta han hori erraz ikusi zitekeen.”

  

Hala ere, esperimentazio psikotropiko guzti horiek ez omen die Euskal Herriko festa giroari itzalik egiten: “Arratsaldeko 6retako denda guztiak itxiak daude eta kaleetatik ez dabil inor. Tabernak goizeko 01:00 edo 02:00etan husten dira. Coffee-shopek pixka bat gehiago irauten dute zabalik, baina jendea eserita egoten da giro lasaiago batean. Ez dago parrandarako izpiriturik.” 

 

Bakarrik egoteak eta inor ere ez ezagutzeak bere abantailak ere eduki ditzakeela aldarrikatzen dute. Izan ere, hango kaleetatik anonimotasun osoan ibiltzeak askatasun berezi ematen dizu gauza batzuk egiterako orduan.“Hemen jantziko ez nituzkeen arropa asko erabili dut han. Dibertigarria izan da”, dio Aitorrek. Horretaz gain, gaztea, osasuntsua eta ikaslea zarenean egin daitezkeen esperientzia horietako pare bat ere burutu dituzte. Besteak beste, 5 lagunen artean furgoneta bat alokatu eta Alemaniara abiatu ziren abentura bila. Kilometro pila egin ondoren, Bremeneraino iritsi ziren. “Denok batera egiten genuen lo furgonetan”. Egundoko kiratsa zegoen han barruan!” gogoratzen dute biek, barre artean.

 

Egin dituzten lagunetaz mintzatzen direnean, ezin dute hunkipena ezkutatu. “Oraindik tristura sentimendua ezin dugu gainetik kendu” dio zarauztarrak. Momentu berezi asko izan dira ikaskide batzuekin elkarbanatu dituztenak eta horrexegatik ez dituzte erraz ahaztuko. Bertan ezagutu zuen argazkilari profesional iraniar batek liluratuta utzi zuen Aitor: “Kazetaria zen, Saudi Arabian eta Afganistanen bizi izandakoa. Berarekin hitz egitea izugarri interesgarria zen.” Baina istorio orok du bere amaiera, eta etxera itzultzeko eguna iristerakoan negar-malkoak ez ziren falta izan: “Azkeneko egunean elkarri agur esatea oso gogorra izan zen. Han egindako lagun asko ez ditugu sekula berriz ere ikusiko, eta hori hasieratik bagenekien arren, benetan mingarria izan zen elkarri agur esan genion momentu hori”.

 

Bizitzak aurrera egiten du, ikasketek ere bai, eta Holandan barneratutako ezagupenak (belarrekin zer ikusirik ez dutenak) Eskoriatzan praktikan jarri beharko dituzte kurtsoa amaitu arte.

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE