Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Jose Luis Etxebarria

"Erlabio asiarraren 60 kabi kentzeaz gain, erlategi berriak jarri ditugu"

Adierazi digu arazo hau "kontrolpean ez dagoela", baina herritarrak gero eta kontzientziatuagoak daudela, eta holako kabi bat ikusi ezkero deitu 943 25 20 10era.

550.Jose.Luis.Etxebarria.Porru (id: 6738303)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2015eko azaroak 12, osteguna

Erlabio asiarra espezie inbaditzailearen aurkako kanpaina jo eta su dabil. Bertako koordinatzailea Jose Luis Etxebarria "Porru" dugu, eta baloratu du "Arrasaten arazo honekin jendea nahiko kontzientziatuta" dagoela.

 

Horren ondorioz jendearengandik laguntza asko jasotzen dute, eta azpimarratu duenez "jendea mimatzen baduzu jendea mugituko dela".

 

Adibidez mendian txabolak dituzten pertsonek erlabio asiarraren kabien kokapenaz abisatzen diote Udalari.

 

Azpimarratzekoa da iaz Arrasaten 49 kabi kendu zituzten guztira, eta aurten 60 honezkero.

 

Aipatzekoa da Aldain eta Grupo San Juanen elaia edo enara txori espeziearen kabi ugari daudela, eta batzuetan jende batek uste izan du erlabio asiarraren kabiak zirela.

 

"Biak bereiztu daitezke elaiaren kabiak zuloa goialdean dauka eta erlabioarena beheko partean edo beheko-aldameneko partean".

 

Azaldu behar da batzuetan konfunditu direla erlabio asiarra eta bertako erlabioetako bat (Vespa crabro espeziea). Asiarra baino handixeagoa da, hori kolorekoa eta etxe batean kabia egiten badu, kabia kentzekoa da, baina mendian egoteak ez du arazorik eragiten. Are gehiago, legeek babestutako espezie bat da.

 

Jose Luis Etxebarria "Porru" koordinatzaileak telefono deiak eta eskaera guztiak jasotzen ditu, kabia dagoen tokira bertaratzen da, egoera aztertzen du eta ondorioztatzen du kendu behar den edo ez. Kendu behar bada hiru metodo daude:

- Koordinatzaileak berak kentzen du (eskuko eskailera batekin edo Udaleko Brigadaren 15 metroko eskailerarekin).

 

- Suhiltzaileek kentzen dute (24 metroko eskailera daukate) eta ostean koordinatzaileak pozoi bat jartzen du espezie inbaditzaileak kentzeko.

 

- Azken aukera bezala, ehiztari ezagunek tiroka botatzen dute kabi kaltegarria.

Zein da egoera egun Arrasaten eta Euskal Herrian? "Arazoa oro har ez dago kontrolpean, eta biologoek ez dute aurkitu arazoarentzat konponbiderik. Soluzio bat izan liteke erlabio asiarra soilik akabatuko lukeen produktu berriren bat sortzea, erleei kalte egin barik".

 

Erlabio asiarrak kabia egin dezake 80 kilometro inguruko zabaleran, baina betiere ura izan behar du kabitik gertu, eta fruta-zaleak dira.

 

Dena den, bere elikaduraren %60 proteinak dira, gehienbat erleak ehizatuz lortzen duelarik. "Hemengo erlezainak oso kezkatuta dabiltza, eta bakoitza bere kabuz erleak defendatzeko metodoak garatzen dituzte".

 

Elkarlana positiboa izaten ari da: "Aldundiak aurten janzteko material aproposa banatu digu, suhiltzaileekin oso pozik nago beti prest laguntzeko baitaude, baita boluntarioekin (erlezainekin adibidez) ere".

 

Zentzu horretan, koordinatzailearen eta erlezainen artean 17-18 erlauntza berreskuratu dituzte aurten.

 

Kontuan hartu behar da esate baterako Ziorlako Bitxor Murgiondo erlezainak ("pertsona nagusia baina oso langilea") 6-7 erlauntza galdu zituela orain 3 urte erlabio asiarraren ondorioz.

 

Baina erlezainak berreskuratzen dabiltza, eta lan hori maiatzean eta ekainean egiten dute gehien bat.

 

Hortaz gain, erleak ahal du bere kabuz erlabio asiarrari aurre egin? "Erleak bere burua defendatzen ikasi behar du. Asiako erleak badaki erlabio asiarrari nola aurre egin". Eta baliteke bertako erlea horretan ikasten hasia: "Orain direla urte bi ezti oso gutxi jaso zuten erlezainek, baina aurten batzuek eztia jaso dute eta jasotzeko asmoa dute. Denetarik dago".

 

Bergaran eta Azkoitian ere jo eta su dabiltza zeregin honetan, eta neurri apalagoan Elgoibarren, Hernanin, Irunen, Eibarren,...

 

Jose Luis Etxebarria "Porru"k koordinatzaile-lanetan erlabio asiarren eraso bat jaso zuen iazko abuztuan:

 

"Dei bat jaso nuen Chapime inguruan kabi bat zegoelako, eta zoritxarrez kabia (zuhaitzan egon ordez) lurrean zegoen sastraka batzuen artean, eta sastraka ukitu nuenean erlabio asiarrek erasotu ninduten".

 

Arriskuaren jabe izanda, "korrika batean alde egiten hasi nintzen, baina buruan hainbat aginkada eta besoan 6 aginkada eman zizkidaten".

 

Noski ospitalera joan behar izan zuen eta botikak jaso zuen arren "inoiz ez dut horrelako burukomin gogorrik izan, lehen 5 orduak ikaragarrizkoak izan ziren".

 

Hala eta guztiz ere, "hurrengo egunean kabia zegoen tokira itzuli nintzen eta kendu egin nuen".

 

Erlabio asiarraren kabi bat izan daitekeena ikusten baduzu, deitu 943 25 20 10era telefonora espezie kaltegarri honen kabia kendu ahal dezaten. "Denon artean zerbait egin beharko dugu".

 

Kanpainan dihardutenek "espero dugu biologoek edo norbaitek zerbait asmatzea", eta instituzio publikoei dagokienez, Europar Batasunaren, Madrilgo Gobernuaren, Jaurlaritzaren eta Aldundiaren konpromisoa handitzea beharrezko ikusten dute.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE