Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Oñatiko Unibertsitate Campus berria 2010ean inauguratuko da
Unibertsitate-campusean Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultatea eta MIK Ikerketa Zentroa egongo dira.

-- Campus berriaren helburua da nazioartean erreferente izatea enpresen kudeaketarako prestakuntzan eta ikerketan. Horretarako, beharrezkoa izango da unibertsitate-ikerketa eta enpresei, erakundeei eta elkarteei zuzendutako ikerketa bateratzea.

 

-- Campus berriak 11 milioi euroko aurrekontua du eta 2010ean inauguratzea aurreikusten da, urte horretan Enpresa Zientzien Fakultatearen Urrezko Ezteiak izango baitira.

 

-- Campusak hiru esparru handi hartuko ditu: enpresa-kudeaketaren esparruko unibertsitate-prestakuntza; etengabeko prestakuntza eta graduondokoa; eta ikerketaren esparrua MIKen bidez. 

 

 

595.1 (id: 6184725) 

 

 

Donostia, 2009ko otsailaren 23.

 

Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultateak eta MIK Ikerketa Zentroak Oñatiko Unibertsitate Campus berriaren proiektua abian jarriko dute. Campusak Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultate berria eta MIK Kudeaketako Ikerketa Zentroa hartuko ditu, Oñatiko Unibertsitate eta Teknologia Hirian.  

 

Proiektu handi horretan 11 milioi eurotik gora inbertituko dira, eta funtsezko urratsa da Mondragon Unibertsitatea eta MIK bera finkatzeko eta hedatzeko bidean.  Campusak 2010eko irailean hasiko du jarduna, urte horretan Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultatearen Urrezko Ezteiak baitira, jardunari 1960an ekin ziola kontuan hartuta. Campusaren helburua nazioartean erreferente izatea da enpresen kudeaketarako prestakuntzan eta ikerketan. Horretarako, beharrezkoa izango da unibertsitate-ikerketa eta enpresei, erakundeei eta elkarteei zuzendutako ikerketa proiektu bakarrean batzea. Beraz, Oñatiko campus berriak helburu garbia izango du: balio-kate bakarrean batzea batetik irakaskuntza eta unibertsitate-ikerketa bere osotasunean, eta bestetik, transferentziara zuzendutako ikerketa, betiere enpresa-kudeaketari lotuta.  

 

Azpiegitura berriak hiru esparru hartuko ditu: Batetik, enpresa-kudeaketaren esparruko prestakuntza, Goi-mailako Irakaskuntzaren Europako Esparrura egokitutako hiru titulaziorekin. Hona hemen: 

  • Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako gradua
  • Internacional Management Assistant gradua 
  • Ekintzailetzako eta Berrikuntzako Lidergo-gradua

Bestetik, etengabeko prestakuntza eta graduondokoak emango dira, jarduneko zuzendariei eta profesionalei zuzendutako Master-programekin, horien etengabeko prestakuntza eta garapena helburu dutela.  

  

Campus honen hirugarren zutabeari, ikerketari, dagokionez, MIK proiektu berria garatuko da, fakultatearen ikerketa-unitatetik eta MIKek gaur arte garaturiko proiektutik datozen ahalmenak batuko dituena. Ikerketa Zentroak planteamendu berria izango du. Misioari dagokionez, kudeaketa aurreratuan mailarik goreneko ikerketa-jarduerak egingo ditu, bi helburu handi hauekin: kudeaketa aurreratuko ezagutza berriak sortu eta garatzea eta emaitzak enpresei eta gizarteari transferitzea.

 

Oñatiko Unibertsitate Campusa 

 

Campus berria Ibarrako kirol-esparruko lurretan eraikiko da Oñatin. 10.000 m2-ko azalera izango ditu guztira. Horren azalera eraikia, berriz, 8.752 m2-koa izango da.   

  

Eraikinak hiru solairu eta sotoa izango ditu, eta honako hauek hartuko ditu barne: hogei bat gela prestakuntzarako; zazpi gela etengabeko prestakuntzarako eta masterretarako; laborategiak ikerketa-jardueretarako; informatikako gelak; hizkuntza-laborategiak. Horien osagarri honako hauek izango ditu eraikinak: ekitaldi-areto handi bat, kudeaketa- eta administrazio-gunea, sailak, liburutegia, bilera-gelak eta 200 aparkaleku.  

 

Gaur egun, Enpresa Zientzien Fakultatean honako titulu hauek ematen dira:

 

Unibertsitate-graduatuak: 

  • Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako gradua
  • Zuzendaritzako Idazkaritza

Masterrak eta Aditu Ikastaroak 

  • Enpresen Zuzendaritzako Master Ofiziala (MBA)
  • Enpresen Zuzendaritzako Masterra, MBA-Executive (Otalorarekin lankidetzan)
  • Kooperatiba Enpresen Kudeaketako Master Ofiziala
  • Enpresa Proiektuen Zuzendaritzako Masterra
  • Banka eta Burtsa Masterra
  • Kirol Erakundeen Kudeaketako eta Zuzendaritzako Aditu Ikastaroa

Doktorego Programak: 

  • Enpresen Zuzendaritzako Doktoregoa
  • Kooperatiba-enpresen Kudeaketa Doktoregoa

Azpimarratu beharreko berritasun gisa, esan behar dugu fakultateak 2009/2010 urte akademikoan bi titulazio berri emango dituela, Goi-mailako Irakaskuntzaren Europako Esparrura egokituta eta kudeaketaren esparruarekin lotuta. 

  • Internacional Management Assistant gradua
  • Ekintzailetzako eta Berrikuntzako Lidergo-gradua

Horren ildotik, esan behar da unibertsitateak bere prestakuntza-eskaintza egokitzen jarraitzeko asmoa duela, bai graduak, bai masterrak, bai Doktorego-programak, unibertsitate-hezkuntzako eskakizun berriekin bat egiteko, eta arreta berezia jarriko da enpresetan antzemandako prestakuntza-premietan, kalitatezko prestakuntza eguneratua eskaintzeko xedez. 

 

Gaur egun, graduko, graduondoko eta doktoregoko ikasleen artean, Fakultateak 500 ikasletik gora ditu. Egun ematen diren tituluak eta titulu berriak ezartzearen ondoriozko premiak kontuan hartuta, instalazio berriak bi txandatan 1.000 ikasle hartzeko diseinatu dira.


MIK Teknologia Zentroa 

 

Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultateko ikerketa-unitatearen eta MIK Ikerketa Zentroaren orain arteko jarduera ikertzailea bateratzearen emaitza izango da MIK Teknologia Zentroa. Egitura bakarra izateari esker, honako bi hauen arteko sinergien eta osagarritasunaren onuradun izango da: unibertsitate-ikerketarena eta enpresei, erakundeei eta instituzioei zuzenduriko ikerketarena. Ikerketa-unitate berriak 50 ikertzaile inguru izango ditu 4 urteko epean, eta bikaintasuna bilatzearen aldeko apustua egingo du. Haren helburua kudeaketa aurreratuko ikerketa-alorrean nazioarteko abangoardian izatea da. 

 

Proiektua Estatuko Administrazioaren I+G+b Planaren esparru barruan kokaturik dago, baita Gobernuak 2010erako bere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean eginiko planteamendu barruan ere. Ikerketaren esparruari dagokienez, MIK Ikerketa Zentroak lau ikerketa-lerro nagusi izango ditu funtsean: 

 

  • Antolakuntza-kudeaketan garatze bidean dauden dinamikak
  • Kooperatiba eta gizarte-ekonomiako erakundeen kudeaketa
  • Ekintzailetza eta negozio berriak
  • Antolakuntzaren eta gizartearen berrikuntza

Oñatiko Unibertsitate eta Teknologia Hiria  

 

Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzien Fakultate berriaren eta MIK Teknologia Zentroaren eraikina Oñatiko Unibertsitate eta Teknologia Hirian kokatuko da.  

 

Hiriko parke horrek, 50 H-ko hedadura duela, goi-mailako irakaskuntzarekin, zientziarekin eta teknologiarekin loturiko jarduerak biltzea du xede, baita ezagutzarekin hertsiki loturiko produkzio-jarduerak ere. Horrela, jarduera horien gertutasunari esker diziplinarteko eta belaunaldi arteko harremanak eta lankidetza sustatuko dira. 

 

Unibertsitate eta Teknologia Hiri horren diseinuak ikusmolde berezia du, gainerako teknologia-parke gehienekin alderatuta. Ikusmolde integrala du eta jarduera horietan lan egiten duten pertsonek parkean bertan edo ingurune hurbilean bizitzeko aukera izan dezaten dago pentsatua. Hori dela eta, ingurune berean hainbat alderdi batzen dira: hirigintza atsegina eta askotarikoa, eremu berde handi baten erdian isolaturik dauden eraikinez osaturiko parkeen ikusmoldetik urruti; erabilerak uztartzen eta gertutasuna eta erosotasuna ezaugarri duen hirigintza, non mugikortasun beharrak oso txikiak diren, bizitzeko funtzio guztiak (lana, egoitza, aisia, merkataritza, irakaskuntza, etab.) eskura dauden eta behar horiek asetzeko aukera ugaria den; eskualdeetara eta komunikabideetara heltzeko bide azkarrak, hiru hiriburuetara, aireportura eta abiadura handiko trenera ahalik eta denborarik txikienean iritsi ahal izateko. Azken finean, ‘XXI. mendeko hiria’ sustatuko duen proiektua da, hau da, ezagutzaren hiria. Proiektuak ahalegin handirik egin gabe profesionalak eta ikertzaileak “hemen geratzea” ahalbidetuko du, eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileak erakartzen lagunduko.    

 

595.2 (id: 6232297)                    

 

www.mondragon.edu    

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE