Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

 
Doke txapelketa Kondekuara itzuliko da bihar
Elkarte gastronomikoen arteko XXXIV. doke txapelketa jokatuko da bihar, egubakoitza, SUDC elkarteak antolatuta. Txapelketak goizeko 10:00etan ekingo dio eta bukaerako galtzailearen poltsikotik ordainduko dira erreko diren sardinak.

595 (id: 5490935)

 

Koldo Carrillo- 2014/04/17

 

Sasoi honetan, Aste Santuko elizkizun eta hitzordu liturgikoekin batera, herriko tradizio bati heltzeko momentua izaten da. Dokea, hain zuzen ere, Monterron parke azpiko Kondekua zelaira itzuliko da bihar, Egubakoitz Santua, eta herriko elkarte gastronomiko ezberdinetako ordezkariek lehia bizi eta animatua izango dute giro umoretsuan. SUDC elkarteak urte luzeak daramatza doke txapelketa antolatzen Aste Santuaren bueltan, baina azken urteetan, gazteen artean izan duen beherakadaz egin digu berba Andoni Alzelaik eta gaineratu du aurten ez dela gazteen arteko doke txapelketarik izan parte hartzaile faltagatik.

Hala ere, elkarte gastronomikoen artekoa hitzordu garrantzitsua izaten jarraitzen du arrasatearren artean eta bihar, ohi moduan, sardinen usainekin batera nahastuko da jolasa. Alzelaik azaldu digunez, goizeko 10:00etan ekingo dio Kondekuan elkarte gastronomikoen arteko XXXIV. doke txapelketak. SUDCeko kideak esan digu eguraldi ona ia ziurtatuta dagoela eta hortaz, herritar guztiak gonbidatu ditu eguerdi atsegin bat pasatzera dokearekin gozatzen duten bitartean.

Esan moduan, sardinak dira doke txapelketaren beste osagarri interesgarria eta Alzelaik aurreratu digunez, “36 edo 40 kilo sardina” erreko dituzte bihar. Ohiturari jarraituz, txapelketan elkarte gastronomiko onena izendatu ostean, honen ordezkariek Udalako ordezkarien aurka jokatuko dute eta galtzaileak bere poltsikotik ordainduko ditu egunean erretzen diren sardinak.
300 (id: 5694960)

 

Dokearen inguruko datu batzuk

Aizto bat eta metalezko txanponak behar dira dokean jolasteko eta helburua txanponarekin aiztoa jotzea da, edo honetatik ahalik eta gertuen geratzea. Jokalaria aiztotik 10 metrora jarri eta txanpona bota behar du. Txanpona aiztoarekiko geratzen den hurbiltasunaren arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortzen ditu jokalariak. Hala, txanponarekin labaina jota 5 puntu irabazten ditu taldeak; txanpona labainaren inguruan dagoen karratu txikiaren barruan sartuz gero, 4 puntu irabazten dira; doke eginez gero, hau da, txanpona horizontalki jarrita dagoen soka zuriaren gainean utziz gero, 2 puntu; eta soka honetatik gertuen geratzen den txanponak puntu 1 balio du.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE