Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Ander Heriz, triatleta afizionatua:
"Gogorra bada ere, asko gozatzen dut triatloia praktikatzen"
19 urteko gazte honek badaki zer den triatloi probetan parte hartzea, eta poliki-poliki hobetzen ari denaren sentsazioa dauka. Ezaguna ez den kirol hau gizartean zabaltzea nahiko luke. Bere afizioa gogokoena egunerokotasunean nola uztartzen duen azaldu digu Anderrek.

  (id: 5894658)

 

Elkarrizketatua eta argazkiak: Ander Heriz / Elkarrizketatzailea: Hasier Larrea / 2018ko abuztuak 9, osteguna

 

Ander Heriz 19 urteko arrasatearra da, eta enpresagintza ikasten dihardu gaur gaurkoz. Azpiko kategorietan Mondrako futbol taldean jokatu ostean, duela pare bat urte hasi zen triatloia praktikatzen. Gure inguruan oso ezaguna ez den kirola izanik, jendartean ezagutzera emateko beharra sumatzen du.  Triatloiak "hezur eta arima harrapatu duela" aitortzen du Anderrek, eta bere egunerokotasunean nola uztartzen duen azaldu digu.

 

 

Hasteko, azalduiguzu triatloiaren inguruko oinarrizko datu batzuk.

 

Triatloi lasterketak antolatzen diren sasoia apirilean hasi eta urrian amaitzen da, tenperatura epeletan aritzea komeni delako. Neurri motzeko eta luzeko lasterketa daude. Distantzia motzekoetan sartzen dira sprint eta olinpiar modalitateak, eta luzekoetan aironmanak eta antzeko proba gogorrak. Nik sprint eta olinpiar lasterketetan hartzen dut parte, lehenean 750 metro igerian, 20 km bizikletan eta 5 km korrika egiten dira, hurrenez hurren. Bigarrenean distantziak bikoiztu egiten dira.

Triatleta gehienok plazer hutsagatik praktikatzen dugu, oso gutxi dira profesioz bizi dutenak. Ondorioz laguntzak ere txikiak izaten dira, entrenatzen ordu asko sartzen ditugula ere.

 

 

Noiz hasi zinen triatloia praktikatzen? Nolatan?

 

Duela hiru urte futbola utzi nuen eta urtebetez egon nintzen kirol gutxi egiten. Ondoren nire aita Behobia-Donostia maratoi erdia prestatzen hasi zen, duela bi urte gutxi gorabehera, eta korrika egiten hasi nintzen aitarekin batera. Gustatu zitzaidan plan hura eta maratoi erdi bat prestatzeari ekin nion. Handik gutxira telebistan triatloi lasterketa bat ikusi nuen eta kuriositatea piztu zitzaidan. Hala ere, sekula igeri egin gabekoa nintzen, eta bizikletan ere gutxi aritua. Aurreko urtean hasi nintzen biak praktikatzen, gaur arte.

 

  (id: 6074806)

Zenbat entrenatzen duzu astean?

 

10 orduko lan saioak egiten ditut astero. Igerian bizpahiru saio, bizikletan hiruzpalau eta korrika beste hiru. Gimnasiora ere joaten naiz astean behin, indarra hartzeko.

Afizionatua naizenez, ordu asko ematen ditut fisikoa lantzen, baina ez naiz honetatik bizi, plazer hutsagatik egiten dudan zerbait da.

 

 

Nola eramaten dituzu entrenamenduak?

 

Triatloia praktikatzen hasi nintzenean, pasa den urteko irailean, Mondrate areto futbol taldean ere jokatzen nuen. Lan karga handia pilatzen nuen bi kirol hauek uztartuta, eta ezker belaunean mina sentitzen hasi nintzen. Areto futbola utzi eta triatloiean zentratzea erabaki nuen ondorioz, eta orain, atseden hartzeko denbora gehiago daukadala, fisikoki eta mentalki hobeto sentitzen naiz.

 

Aipatzekoa da bizikletaren kontua, izan ere, oraindik ez daukat neure bizikleta propioa, eta aitarekin partekatzen dut berea. Etxean batzuetan gatazka txikiak izaten ditugu txandakatzeko, baina normalean astean hiru ibiltzen naiz pedal kolpeka. Pentsatzen ari naiz bizikleta berria erostea niretzat, eta negoziatzen ari gara. Ikusten duzunez, familian ahal garen bezala moldatzen gara.

 

 

Zeri ematen diozu garrantzi handiena?

 

 Igeriketak eskatzen dit esfortzu gehien. Astearte eta ostegunetan Aretxabaletako igerilekura joaten naiz, entrenatzen ezagutu ditudan lagunekin. Konturatu naiz asko hobetu dudala, berez ez bainaiz iaioa, komeni izaten delako umetatik jakitea. Donostiako triatloiean parte hartu nuenean, 290.a atera nintzen uretatik, eta ondoren 120. postuan amaitu nuen. Emaitzak ikusita, argi dago igeriketa hobetzen jarraitzea dela helburua.

 

 (id: 5969811)

 

 

Federatuta al zaude?

 

Antxintxikan nago federatuta, Debagoienako Triatloi Kirol Elkartean. Euskadiko federazioak derrigortu egiten du federatuta egotera lasterketetan parte hartu ahal izateko. Modu honetan segurua jasotzen dugu, erorikoren bat edo izanez gero.

 

 

Ze adin tartetako jendean praktikatzen du triatloia?

 

Lagunek esaten didate, pertsona nagusiek praktikatzen dutela, beste kirol batzuetatik erretiratu ostean. Ez nator bat ikuspuntu honekin, hasi zaitezke praktikatzen 18 urterekin, edota 12rekin. Beste kirol bat da, gogorragoa agian, baina gogortasun honetatik asko disfrutatzen dut.

 

 

Zenbat lasterketatan hartu duzu parte?

 

Legution debutatu nuen pasa den urtean, eta ondoren Getxon lehiatu nuen baita ere. Apirilera arte entrenatzen ibili ostean,lauzpabost triatloi egin ditut aurten, baita duatloi pare bat ere. Azken triatloia duela bi aste egin nuen, Palentziako Pisuerga ibaiaren inguruan. Sentsazio bikainekin amaitu nuen proba, 26. gelditu bainintzen 200 partaideren artean.

 

 

Nolako denborak egiten dituzu normalean?

 

Palentzian adibidez ordubete eta 11 minutu iraun nuen sprint modalitatea amaitzeko. Donostiako triatloia, olinpikoa izanda, bi ordu eta 21 minutu ingurutan amaitzen dut, gutxi gora behera.

 

  (id: 6038596)

 

Ze intentzio dauzkazu etorkizun hurbilera begira?

 

Zumaiako triatloian hartuko dut parte irailaren 8an. Triatloi denboraldia urria hasieran amaituko da, eta ordurako maratoi erdi bat prestatuko dut, Behobia-Donostia egiteko adibidez. Dirua aurreztuz gero Valentziara joatea gustatuko litzaidake, izen handiko maratoi erdia baita. Neguan zehar igeriketan hobetzen jarraitzea ere begiz jota daukat.

Entrenatzailea edukitzea ere pentsatzen ari naizen kontua da. Orain arte autodidakta izan naiz, eta uste dut komeni zaidala prestatzaile baten aholkuak jarraitzea, batzuetan zalantzak izaten ditudalako egiten ari naizena ondo edo gaizki egiten nabilen.

 

 

Profesionalik ba al dago mundu honetan?

 

Estatu mailan 5 pertsona bizi dira triatloia praktikatzetik. Begirune handia diet atleta hauei. Egunero 6-7 ordu ibiltzea, 4 lan saio sartuta... Sekulakoa da.

 

Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Kirol ezaguna ez denez, laguntzak ere txikiak dira, eta ordu ugari sartzen duten gehienek plazeragatik egiten dute.

 

 

Ezagutzen duzu hemendik hurbil triatloia sarri praktikatu izan duen kirolaririk?

 

Bai, badaude iraganean arrakastak izan dituztenak eta orain nagusiagoak direla jarraitzen dutenak praktikatzen, nahiz eta seme-alabak izan edo lanera joan zortzi orduz. Beñat Arnaiz Garagartzakoa, adibidez. Bere lehengusuak asko hitz egin dit Beñati buruz, eta oraindik sekulako maila ematen du lasterketetan.

 

 

Tarte handia dago atleta emakume eta gizonezkoen artean?

 

Antolakuntza aldetik emakumeen parte hartzea indartzen ari dira azken urteotan. Antxintxikak urtarrilean aurkezpen ofiziala egin zuenean, bertako presidenteak, Lurdes Oiarzabalek, emakumeei mezua bidali zien kirol honetara animatzeko. Ez dakit ondo, baina geroz eta gehiago daudela esango nuke, hala ere proportzionalki gizonezkoak baino askoz gutxiago dira, %10-15 inguru.

 

 

Beste zerbait gehitu nahi duzu?

 

Badaude guraso asko beraien haurrak futbola praktikatzera bideratzen dituztenak, eta kasu batzuetan aspertu egiten dira neska-mutil hauek. Ondo legoke seme-alabak txikitatik kirol desberdinak praktikatzera bideratzea. Triatloia probatu dezakete adibidez, ze, nahiz eta gogorra izan, askok gogoko izaten dute behin zer den jakinda.  

 

Bestalde, aurten trafikoaren lege berria jarri dute indarrean, eta honek zaildu egiten du triatloi zein duatloiak antolatzeak. Bi kasu aipatzearren, Bilboko triatloia bertan behera gelditu zen azken edizioan, eta berdina gertatu da Oñatiko duatloiarekin. Agintariei halako ekitaldiak sustatzen laguntzeko eskatu nieke, oztopoak jarri beharrean.

 

 (id: 6112505)

 

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE