Isei Barbero / 2012ko ekainak 28, osteguna
Pasa den asteburuan bere kirol ibilbideko lorpenik garrantzitsuenetarikoa eskuratu zuen Maialen Axpe (Arrasate, 1992) pertika jauzilari arrasatearrak, 4,00 metroko jauzia eginda, junior mailako Espainiako Txapelketa irabazi eta hilaren 14an Bartzelonan ospatuko den Munduko Txapelketarako txartela eskuratu baitzuen. Dena den, Bedoñakoak ez du denboraldi erraza izan, negu partean entrenatzeko dituzten zailtasunei, unibertsitatea hasi ostean ikasketei dedikatu beharreko denbora gehitu baitzaio. Erakundeen aldetik Arrasaten kirolarientzako babes falta sumatzen duela adierazi digu: “dirudienez, ez zaie interesatzen kirolarioi laguntzarik ematea”. Bero jasanezinarekin entrenatzen harrapatu dugu Mojategin, halere minutu batzuetako tartea atera du Mondraberriko galderei erantzuteko.
Kostata, baina azkenean Munduko Txapelketarako txartela eskuratu duzu. Espero zenuen?
Horretarako lanean ibili ostean, hein handi batean bai, gutxieneko marka behintzat egitea nire aurreikuspenen barruan zegoen. Dena den, hori ez zen nire helburu bakarra, txapelketa batean beti ahalik eta gehien saltatzera baitzoaz, eta baita garaipenaren bila ere. Oraingo honetan ere Avilesera asmo horrekin joan nintzen, eta, zorionez, helburua bete nuen.
Bigarren postuan sailkatzearekin nahikoa zen, baina horrekin konformatu ez, eta lehena izan zinen Avilesen.
Bai, bigarren postuan sailkatuta aukera nuen Munduko Txapelketara joateko; halere, eta lehen esan dudan moduan, txapelketa batean zure lana ahalik eta hoberen egiten ahalegintzen zara. Egia da agian Clara Amat kataluniarra zela faborito garaipena eskuratzeko, baina pronostikoak, zorionez, bere horretan geratu ziren.
Pena bat izan zen Espainiako errekorra ez haustea, ezta?
Bai, txapelketa luzea izan zen oso, eta ordurako neke handia nuen. Arratsaldeko 17:30 hasi ginen lehiatzen, eta 20:00ak zirenean oraindik bertan ginen, hortaz, atera kontuak. Azken txanpa horretan, gainera, garaipena poltsikoan nuela, tentsio puntu hori falta egin zitzaidan 4,11 metroko muga gainditzeko. Dena den, ahalegina egin nuen, baina suerte pixka bat falta egin zitzaidan. Hala eta guztiz ere, errekor hori hausteko lanean jarraituko dut.
Bartzelonan munduko pertika jauzilari onenekin izango zara, zeintzuk dira aurreikuspenak eta helburuak?
Lan gogorraren ostean, hilaren 14an Bartzelonan egotea oparia da niretzat, egindako esfortzuaren fruitua, alegia. Bertan egonda, lehenik eta behin disfrutatzea da nire asmoa, eta niretzat ezezaguna den mundua ezagutzea. Munduko Txapelketa batean oso bestelako maila dago Espainiakoarekin alderatuz, horregatik aukera paregabea izango da gauza berriak ikasteko. Kanporaketetan barruan daukadan dena emango dut, eta helburua finalera pasatzea izango da. Horretarako, uste dut 4,10 edo 4,15 metroko markarekin nahikoa izango dela; hortaz, bi helburu batera beteko nituzke: Espainiako errekorra eta finalerako txartela eskuratu.
Aurtengo denboraldiaren gainean, zein da zure balorazioa?
Pista estalian zapore gazi-gozoa geratu zait, ikasketak direla medio ezin izan baitut nahi nuen beste entrenatu. Klaseak arratsaldetan eduki ditut, eta bertatik irten ostean, 19:00ak aldera Mojategira entrenatzera etortzea -askotan bakarrik, gainera- gogorra egin zait. Horri, neguak sortzen dizkigun eragozpenak gehitu behar zaizkio. Dena den, Espainiako Txapelketan marka ona lortu nuen (3,95), hortaz, alde horretatik helburua bete nuen. Aire librean, berriz, eguraldi onaren laguntzarekin ganoraz entrenatzeko aukera izan dut. Horren adierazgarri lortutako emaitzak dira.
Axpe taldekide eta entrenatzailearekin batera entrenatzen.
Zer izan da positiboena?
Batez ere taldekideon artean daukagun giroa, gure arteko harremana oso estua baita. Horrek entrenatzeko gogo handia eragiten du, eta, azken finean, hortik datoz taldekideok orain arte lortu ditugun emaitza onak.
Eta negatiboena?
Lehen esan dudan moduan, negu partean entrenatzeko daukagun eguraldi txarra. Egia da gaur bezalako egun berotsuetan ere oso gogorra dela entrenatzea, dena den, pertsonalki nahigo dut bero eta eguzki hau negu parteko euria eta hotza baino.
Aurten unibertsitatean hasi zara. Zelan bateratu duzu ikasketak eta kirola?
Hasiera batean uste nuen errazagoa izango zela gauza biak bateratzea, nire asmoa goizetan entrenatzea baitzen. Dena den, denborarekin arratsaldeetan entrenatzea beharrezkoa zela ikusi, eta plangintza guztia aldatu behar izan nuen. Gauzak horrela, 14:00etatik 19:00etara klasean egon ostean, Mojategira etorri behar izan dut egunero, eta aitortu beharra daukat gogorra egin zaidala. Dena den, esfortzu horren fruituak jasotzean, ahaleginak pena merezi duela ikusten duzu.
Bartzelonako hitzorduaren ostean, merezitako oporrak hartuko dituzu. Zerbait berezirik egitea pentsatu al duzu?
Opor guztiak disfrutatu, abuztu osoa izango baitut niretzako. Gauzak horrela, denbora libre hori lagunak eta familiarekin egoteko aprobetxatuko dut, eta baita lekuren bat bisitatzeko ere. Gauzak horrela, behar den moduan ospatuko dut aurtengo denboraldian lortutakoa. Iraila hasieran lanari berrekingo diogu berriro ere.
Gutxi izan arren, zer egiten du Maialen Axpek bere denbora librean?
Batez ere familia eta lagunekin egotea gustatzen zait, eta aurekin disfrutatu. Zinea ere oso gustukoa dut, eta bitxia badirudi ere, baita kartetan jolastea ere.
Zeintzuk dira helburuak datorren denboraldirako?
Promesa kategorian egongo naiz, eta aurtengo denboraldia oraindik ez dudanez amaitu, ez dut pentsatu odatorren denboraldian. Azken finean, hobetzen jarraitzea da nire asmo bakarra, eta listoia gero eta gehiago igotzen joatea. Datorren urtean, gainera, ordutegien aldetik entrenatzeko erraztasun gehiago izango ditut.
Pertika jauzilariek talde polita osatu duzue Arrasaten, Malen Ruiz de Azuak edo Istar Dapenak ere zeresana eman baitute aurten. Nolako harremana daukazue?
Lehen esan dudan moduan, gure arteko harremana oso estua da. Astero 5 egun entrenatzen dugu batera, 2 orduko saioetan, eta denbora horrek askorako ematen du. Gure artean adiskidetasuna egon ezean, akabo, ez dago behar den moduan entrenatzerik. Esan daiteke, taldekideok bigarren familia bat modukoa garela.
Zein da zuen arrakastaren gakoa?
Nik esango nuke Jonathan Perezek arrakasta horretan zerikusi handia duela, gure alde lan asko egiten baitu. Entrenatzaile papera oso ondo betetzen du, baina entrenatzaile bat baino gehiago da guretzat. Egia da askotan gurekin gogorregia dela, eta hori gure mesedeetan baino ez du egiten. Azken finean, ez da entrenatzaile bat bakarrik guretzat, anai bat modukoa ere baita.
Negu partean entrenatzeko zailtasunak izaten dituzuela esan duzu lehen. Zeintzuk dira zailtasun horiek?
Mojategiko pista instalazio oso ona da, baina neguan entrenatzeko aterperik ez dauka. Behin baino gehiagotan harremanetan jarri gara Aukea eta Udalarekin arazo horri irtenbidea emateko, eta baita proiektu ezberdinak aurkeztu ere. Dena den, euren erantzunak beti ezezkoak izan dira. Dirudienez, ez zaie interesatzen kirolarioi laguntzarik ematea.
Atletismoaren esparruan, zer botatzen duzue faltan Arrasaten?
Hasiera batean pertika berriak lortzeko zailtasunak eduki genituen, eta hori ezinbestekoa da kirol honetan hobetzen joateko, pertika zaharrak bigun geratzen baitira. Zorionez, Atletico San Sebastian moduko talde batera joan ostean, horretarako diru-laguntzak handitzen dira, bai taldea beraren aldetik eta baita Federazioaren aldetik ere. Testuinguru honetan, erakundeen aldetik babes falta hori sumatzen dut Arrasaten, hobetzen joateko kanpora joan behar izaten baikara.
Beste zerbait gehitzerik nahi?
Lortutakoa gustatuko litzaidake familiari dedikatzea, eta baita nire entrenatzaileari ere, unerik zailenetan ere bertan egon baitira. Eurek emandako babes hori barik, ziur nago oso zaila izango zela egindakoa lortzea. Hortaz, nire eskerrik beroenak eurei.
Goian, ezkerretik hasita: Ruiz de Azua, Perez eta Axpe. Behean, Istar Dapena.