"Asko balio du indarrak, gehiago buru azkarrak" (atsotitza)

NABARMENAK

  • MANIFESTAZIOA BILBON MANIFESTAZIOA BILBON

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
AINIZE TXOPITEAren ERAKUSKETA
Irudi eta hitzen arteko jolasa sentsazioen metxa pizteko
Eguneroko bizipenak eta kritika soziala, umore puntu batekin azalduta. Arte garaikidea, egungo gaiak ikuspuntu fresko batetik kirikatzeko… Ainize Txopitearen collage bilduma Ińigo Arregiren dendan dago ikusgai.

Mondraberri, 2009ko ekainak 11, eguena.

 

Testuak: L.L.A

Argazkiak: Ainize Txopitea

 

life (id: 5271362)

 

Bizitzari buruz hausnartzen zabiltzanaz konturatuko zara, collagetik collagerako bide laburrean… egunerokotasunari estu lotutako gaiak direlako, askotan buruan erabili dituzun pentsamenduak bueltatuko zaizkizulako, irudi eta hitzen arteko jolas horrek erakarrita.

 

Parean jarri eta harretaz begiratu. Seguru aski askorekin identifikatuta sentituko zara, konturatu barik begininietatik barruraino sartu eta sentsazio intimoak, zeure-zeureak eragingo dizkizutelako… nahiz eta zeuk behar bada, egilearen pentsamendua harrapatu nahi zenuen koadroari so geratu zarenean…

 

Donostiar emakume gazte bat da zure enkantamenduaren erruduna, arte garaikidearen zirrikituak ondo baino hobeto ezagutu eta uztartzen dituena. Ainize Txopitearen lanek Ingalaterran, AEBtan barrenak zirikatu dituzte. Halaber, Alemaniatik bueltan Arrasaten lur hartu izana luxu bat izan da.

 

Etxetik gertu, Iñigo Arregiren dendan izango duzu bere collageez gozatzeko aukera. Eta koadroei bertatik bertara begiratzera atrebitzen ez bazara, bere web orrian sartuta proba dezakezu lehendabizi: www.ainizetxopitea.com
 
Ainize Txopitea: “Emakumeen presentzia sustatu beharko litzateke galeria garaikideetan”

 

ainize (id: 5202663) 


Gaztea zaren arren, honez gero arrakasta lortu duzu zeure lanekin.  Zelan ausartu zinen artista izatera?

 

Tira, ez naiz hain gaztea ere, 31 urte ditut… Beti egon izan naiz artearekin kontaktuan, nire aitaren bitartez, Daniel Txopitea margolaria eta ingurune artistiko batean hazteak eragina izan du nigan, duda barik. Beti izan naiz oso sortzailea, baina aldi berean nire buruarekin oso zorrotza ere bai. Agian arrazoi horregatik eman nuen berandu saltoa, 2005era arte ez nuen erakusketa bakar batean ere parte hartu.

Ordutik konferentzietan eta jardunaldietan aritu naiz, zenbait aldizkaritarako idatzi eta Espainia, Ingalaterra, Alemania zein AEBn mostra kolektibo eta bakarkakoetan parte hartu dut.

 

Egia da pausoa ematera atrebitu egin behar dela, baina zailtasuna mantentzean dago; pertsona eta artista lez eboluzionatuz zoazen heinean lan koherente bati  sortuz joatean. Arrakasta lorpen pertsonala eta publiko zein adituen onarpenaren arteko sinbiosi bat moduan ikusten dut

 

Aita margolari entzutetsua zenuen. Zeuk berriz, collagea eta arte digitala lantzen dituzu. Zelan garatu duzu bide hori?

 

Neure belaunaldiko artista naiz eta honenbestez, medio ezberdinetan mugitzen naiz; zeuk diozun digitalean edo teknika mixtoetan. Dena den, biak oreka baten baitan uztartzen ditut; collageak egiterakoan paperarekin kontaktu zuzenean nago, eta zikindu egiten naiz. Arte digitala sortzeko prozesuak berriz, espazio fisiko minimo bat behar du hasieran eta tratamendua oso ezberdina da. Sortzeko beharra sentitzen dut, ezinbestekoa da nigan.

 

Londresen eman dituzu azken 10 urteak eta berton egin zenituen arte digital ikasketak. Bizipen horrek zenbateraino eragin dizu zeure alde artistikoan?

 

Londres bere aktibitate kulturalak egiten du zoragarri. Digital Media Production karrera egiterakoan new mediarekiko interesa piztu zitzaidan. Berehala aldendu nintzen ikuspegi komertzialetik teknologia informatikoa sortzeko erreminta moduan erabiltzen hasteko. Hortik etorri ziren zenbait fotomuntaketa digital eta web tresna. Collageaz berriz gazte-gaztetatik disfrutatu dut; aske, eroso sentitzen naiz teknika honekin eta gainera pintura, ilustrazioa, grafismoa eta argazkia uztartzeko aukera ematen du.

 

tximeleta (id: 5299115)


Web Orriak ere disenaitzen dituzu…

 

Nire sortze aktibitatearekin uztartzen dut  diseinatzaile grafiko eta web diseinatzaile lana… katalogoak, kartelak, erakusketetarako gonbidapenak egiten aritzen naiz. Duela 6 urtetatik web paper-zorroak ere diseinatzen ditut. Nire bezeroetako batzuk hauexek dira: Bonachela Dance Company, dantza garaikide konpainia; Probe Project; Begoña Ameztoy; Carmela García argazkilaria; Anton Egiguren pintorea; Tina Escaja poeta; Juan Ramón Makuso; Colin Lee tenorea eta Ikertze Kultur Asoziazioa.


Ez dakit zure lanak abstraktuak edo surrealistak diren. Baina gai askori buruz pentsarazi didazu zure collageekin. Bizitzari buruzko hieroglifikoak dira?

 

Suposatzen dut koadroetan lantzen ditudan gaietan islatzen direla barruan ditudan pentsamenduak.  Mezuak botatzea gustatzen zait, atmosferak sortzea, sentsazioak eragitea… nire bizipenen, kritika sozialen edo umorezko keinuen islak dira.

Margotzen hasterakoan egunerokotasunetik aldentzen saiatzen naiz, irudimena askatzeko. Finean, bizitza eguneroko elementuek ez ezik, ukitu ezin diren faktore mordo batek ere osatzen dute, eta irudimenaren bitartez fantasiak sortutako irudien garapenari zabaltzen diozu bidea. 

 

300.elporque (id: 5219518)

Askotan poesiak eta hitz solteak ere badira tartean. Poeta ere ba al zara?

 

Hitza oso presente dago nire obran. Gehienetan esaldi sotil bat dago eskuz idatzita edo bestela ezaugarri tipografikoa duen adierazpenen bat. Poesia era harmoniko batean gustatzen zait irudiarekin uztartzea. Poesia idazten dudanean barrutik irteten zait, obra plastikoak aldiz, intuitiboagoak dira, mentalagoak…


Galdera zorrotzak planteatzen dituzu, baina gero broma sotilekin egin didazu keinu zenbaitetan. Ironiarekin begiratu behar zaie zure koadroei?

 

Ironiak collagean esaten ari denaren kontrakoa ulertarazi dezake; baina ez dut uste hainbeste aldentzen naizenik, nahiz eta egia den askotan umorezko tonu bat sumatzen dela. Umorea esanahi asko transmititzea ahalbidetzen duen komunikazio modu bat da eta gauzen errealitateei ikuspuntu libreago batetik erakusteko aukera ematen duena.


Geishak dira protagonista zure koadro batzuetan. Zer irudikatzen dute?

 

Estetikoki izugarrizko edertasuna izateaz gain, Geisharen figurak ikasketa, artea eta perfekzioa sinbolizatzen ditu. Emakume hauek soineko tradizionalekin mozorrotzen dira  eta aurpegia maskara batekin margotzen dute helburu batekin; entretenitzea.

 

bizitza (id: 5256936) 

 

Sentsualak iruditzen zaizkit, baina ausenteak aldi berean. Dontzeila hauen tradizioak bere horretan dirau 400 urte baino gehiagoren ostean… Beraiei dedikatzen dizkiet nire obrak, iraganeko kulturatik bizirik geratzen diren azken erakusleak direlako.

 

Etxe ingurura kuku bat egin duzunez gero... zelan ikusten duzu Euskal Herriko sormen artistikoaren panorama?

 

Euskadin maila altuko artistak egon dira eta jarraitzen dute egoten. Jendarte konplexu eta anitza izatearen ondorioz dela pentsatzen dut. Garapen kulturala berritzen jarraitu behar da eta agian, artista handi gehiago errekonozitu behar dira beti izen berdinak aipatu beharrean. Aldi berean, belaunaldi berrietako sortzaileei lekua egin behar zaie eta galeria edo feria garaikideetan emakumeen presentzia handiagoa sustatu beharko litzateke.

 

 

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE