Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
[Artikuluaren itzulpena: Julen Mendizabal arrasatearra]

Gezurren aurka

'Gezurren aurka: gure umeak dira, Urriaren 1aren seme-alabak, irabaztea nahi dute eta gure babesa merezi dute' artikulua idatzi du Vicent Partal-ek, VilaWeb egunkariko zuzendariak. Julen Mendizabal arrasatearrak euskarara ekarri du.
Testua eta argazkia: Vicent Partal / Itzulpena: Julen Mendizabal Elezkano / 2019ko urriak 22, asteartea

 

 

Gezurren aurka: gure umeak dira, Urriaren 1aren seme-alabak, irabaztea nahi dute eta gure babesa merezi dute.

    Gure gazteak kriminalizatuz, Espainiak erditik apurtu nahi gaitu.

    Astelehenetik hona errepresioa eta biolentzia polizialari erantzuten ari diren gure gazteen aurka batu dira gobernu espainola eta botere autonomikoa. Harro egoteko moduko 2017ko gobernu autonomiko harekin alderatuta, Madrilen entzunak izatea erregutu beharrean aginte makila altxatzen zuten alkate haiekin alderatuta, eta egoerarik zailetan, Quim Form barne kontseilaria eta Trapero Mossoen buruzagaiak erakutsitako jarrera duinarekin alderatuta, kontrastea sakonki etsigarria da. Baina orain berdin dio. Denborak jarriko ditu guztiak bere lekuan eta orain premia bizia duten gauzak ditugu.

    Une honetan, benetan kezkagarriena dena, gazte belaunaldi berriaren aurkako kriminalizazio kanpaina da. Gure umeak, zure bilobak, ilobak, zure lagunen seme-alabak, gure hirietako kaleetan jasatzen ari garen deskribatu ezinezko autoritarismo eta biolentzia polizialari makurtu gabe aurre egiten ari dira. Mundu guztiak ikusi dezakeen bezala, edozein demokraziatan ordena publikoa mantetzeko zilegia dena baino diktadura batean ohikoak diren gehigikerien muturrera heldu da biolentzia poliziala. Zentzu honetan, umiliazioa eta sumisioa besterik bilatzen ez duen Estatu espainolaren kriminalizazio kanpainari batu ordez, klase politiko katalana, batez ere gobernua, presidentea, ERC eta Junts per Catalunya, herritarrak defendatuko zituela espero genuen. Kriminalizazio kanpainari batuz, gure ordezkariek aukera historiko bat galdu dute eta ikusi beharko dugu norarte eramango gaituen zabaldu duten konfiantza krisi hau.

    Egun eta gau hauetan kalea zapaldu dugun guztiok ikusi dugu: bere bizitzako borroka egiteko unea orain dela erabaki duen gazte belaunaldi bat dago, zeren irabazten ez badute ez dute etorkizunik izango, ez beraiek ezta Kataluniak ere. Eta irabaztea nahi dute. Eta irabazteko egin beharreko guztiak egiteko prest daude.

    Infiltratuak egon badirela? Bai, jakina. Independentismoarekin zerikusirik ez duen jendea ere batu dela? Noski baietz. Zein mundutan bizi garela uste duzue? Infiltratuek beraien lana egiten dute eta beti izan behar dugu hori kontuan. Baina kontua ez da hau. Kontua, gu guztion defentsan poliziari aurre egiten ari zaizkion gehiengo handia gure gazteak direla da. Eta ezin ditugu bakarrik utzi, eta ez dugu haiek kriminalizatzeko eskubiderik.

    Zeren ez dute inolaz ere horrelakorik merezi. Erabiltzen dituzten bitartekoekin ados egon gaitezke edo ez, ekintzaren batek nahasi gaitzake, beldurra izan dezakegu, beldur asko dugu, haiengatik eta egiten dutenagatik, eta haiei egin ahal dietenarengatik. Baina nola egin dezakezue haien aurka? Zuek izan zaretenean, eskutik helduta, manifestazio guztietara eraman dituzuenak, duintasunez bizi ahal izateko eta heltzear zegoen herri berri bat hitz eman zenietenak. Kamisetak eta banderak, baita beltza ere erosi diezue-eta. “Urriak 1, ez ahanzturarik ezta barkamenik ere!” oihukatzen irakatsi zenieten-eta. Erreferendumaren egunean sumindurik oihuka aurkitu zintuztenean, orain beraiei jotzen dien polizia berberarekin zineten haserre. Erreferendumaren gauean Estatu espainolak, bere senideak, bere lagunen senideak jipoitu zituelako suminduraz negarrez ari zineten bitartean bihotza arindu zizueten, kontsolatu. Hunkituraz beterik azaldu zenieten nola mugitu ziren hautestontziak eta Guardia Zibilak ez zuela bat ere aurkitu, poliziari izkin egiteko Puigdemont zubi batean azpian autoz aldatu zela, herri batean hautestontzi bat ezkutatzeko xakean jolasten jarri zirela eta beste herri batean elizan zenbatu zituztela boto paperak. Irabazi arte geldituko ez ginela hitz eman zenieten-eta.

    Errepublika aldarrikatu zenetik bi urte igaro dira, mobilizazio erraldoiekin, duintasun askokoak, baina onartu behar dugu Estatuaren jarrera autoritarioa ez dugula ezta milimetro bat ere mugitu. Europa ofizialak ez du pizgarririk Katalunian ematen ari diren etenik gabeko giza eskubideen zapalkuntzarekin arduratzeko eta munduak begiratzen gaitu, bai, baina oso urrutitik eta gaiari heldu gabe. Zeren mundua Hong Kong, Tunisia edo Ekuadorri begiratzen dio. Bi urte hauetan zehar, gu baino infinituki mundializatuagoak diren gure gazteak, guztiaz ikasten aritu dira, isiltasunean, astelehena arte.  Espainiak azken akats eta guztietatik larriena egin zuen arte eta hautemangarria, ukigarria izango den zerbait lortzeko gazte hauek eman ziguten arrazoizko denbora amaitu da.

 

590.Katalunia.FERRAN-NADEU (id: 5131581)

 

Gaur goizean kasualitatez argazki hau atera dut Bartzelonan, Graziako pasealekua Kale Nagusiarekin bat egiten duen lekuan. Nire aurrean, ziztu bizian zihoazen polizia espainolaren furgoi guztiak espaloira igo dira estelada batekin korrika ari ziren hiru umeren atzetik. Jarrera kriminal honekin, egin dituzten eta egiten ari diren guztietatik bat gehiago, jendea hil zezaketen. Argazkiari begiratu diodanean, egin berria zen margoketa aurkitu dut, eta uste dut gertatzen ari den guztia bikainki laburbiltzen duela: “Egitera behartu gaituzte”. Eraila izan aurretik, Estatu Batuetako presidentea izan zen John F. Kennedy-k 1962an adierazitako beste esaldi historiko bat laburbiltzen du. Bere herria astintzen ari zen berdintasun eta giza eskubideen aldeko altxamenduaren erdian honakoa esan zuen Kennedyk: “Iraultza baketsu bat ezinezko bihurtzen dutenak sahiestezina egiten dute iraultza biolentoa”.

    Iraultza baketsua ezinezko bihurtu dutenak, Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez dira. Beraiek dira gau guzti hauetan gertatzen ari denaren errudunak. Beste inor gehiago ez. Eta izango dira, bakea, askatasuna eta autodeterminazioa konponbidea direla onartzen ez duten bitartean -Ponsatí ministroak proposatutako hiru puntuak eta gaur Errepublikako Kontseiluak bere egin dituenak-. Hau bezain erraza da: poliziaren biolentziari amaiera, presoak askatu eta hitzartutako erreferendum batean urriaren 1ean onartutakoa berretsi ahal izatea. Presio guztiak beraz norantza honetan joan behar du.

    Gure gazteak kriminalizatuz, estatuak erditik apurtu nahi gaitu, “independentista onak” eta “independentista txarrak” banatuz. Baina nahikoa da egiten duen zinismoarekin egitea inor bere zepoan eror ez dadin. Ala ez duzue gogoratzen “independentista onak”, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, haien ospe ona jokoan jarriz edozein biolentzia gelditu nahi eta jaso duten saria espetxea izan dela? Zein beste etorkizun uste duzue espero duela, gaur Espainiarekin kolaboratu eta bihar Espainiak gehiagorako behar ez duenenarentzat, espetxea ez bada? Horren inuzenteak gara? 2017ko Urritik hona, horren gauza gutxi ikasi ditugu?

    Jende nagusiak sarritan entzun nau beraien mobilizazioaren duintasun erraldoia txalotu eta goratzen. Jende nagusiaren belaunaldiaz harro sentitu izan naiz eta sentitzen naiz, trantsizioaren iruzurra irentsi zuten eta hori onartzeko aski zintzoak izan dira eta egindako akatsa konpontzeko atsedenik gabe borrokatzeko duintasuna dute. Gaur ziririk sartzen ez uztea erregutzen dizuet. Kalera irten behar zarete eta gure gazteei elkartasuna adierazi. Lagundu itzazue guztian, bereziki espetxeratu dituztenak, dagoeneko badirela batzuk. Beharrezkoa den arte lehenengo lerroan izango dira, badakite nola egiten den eta beharrezkoa den denbora guztian zehar egiteko prest daude. Baina ezinbestekoa da gure gazteek jakitea miresten ditugula eta haietaz harro gaudela.

    Eta konbentzitu gaitezen, hemen eta orain tirania garaitu dezakegu, guztiok batera, zahar eta gazteak bat egin eta iparra galtzen ez badugu. Bakea, askatasuna eta autodeterminazioa.   

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE