Testua: Ane Zabala - Goiena / 2019ko uztailak 28, domeka
Mundukide Fundaziokoak iritsi dira Mozanbikeko iparraldeko Niassa probintziara. Marrupa eta Majune herrietan fundazioak dituen programak bisitatuko dituzte Beñat Arzadun Mundukideko kooperantearen eskutik, zeinak 17 urte daramatzan Mozanbikeko nekazariekin lanean. Fundazioko proiektuek lorpen esanguratsuak lortu dituzte bertakoen bizitzak hobetzeko helburuarekin eta egun Niassa eta Cabo Delgado probintzien artean 15.000 nekazarirengana iristen dira onura horiek.
Mozanbikera Euskal Herritik joan den taldea osatzen dute: Gernikako Maier kooperatibatik Eneko Redondo, Aretxebaletako Hiruatx GKEtik Oihana Arietaleanizbeaskoa, Arrasateko Harreman GKEtik Andoni Uribeetxeberria, Mundukideko boluntarioen arduraduna Mari Luz Tome, Mundukide komunikazio arduraduna Urri Urizar, Mundukideko Afrikako proiektuen kudeatzailea Adrian Lamas eta Goienako kazetaria Amaia Zabala.