Hiru urte betetzen dira Arrasate Bizirik elkarteak pintxo-pote izeneko ekimena martxan jarri zuela herriko hainbat tabernetan: Monte, Lorategi, Dublin, Iturriotz, Hilarion, Zuk Nahi eta Mondragon Hotela. Gauzak horrela, urteurrena behar bezala ospatzeko, ekimen honen arduradunek hainbat berritasun prestatu dituzte datozen hilabeteetarako.
Aurrenekoa ostegun honetan bertan helduko da, Amstel garagardoa, cava edota kriantza bat erosteagatik, bezeroek txarteltxo bat jasoko baitute. Txarteltxo horietan 1 eta 3 euro bitarteko sariak egongo dira, pintxo-potea ospatzen ez den gainontzeko egunetan hartzen diren tragoetan deskontuak izateko baliagarriak izango direnak.
Monte Tabernako Juan Carlos Davilak azpimarratu digunez, “deskontu horiek txartela jaso den tabernan egingo dira bakarrik”. Era berean, pintxo-pote hitza ere ager daiteke aipatutako txarteletan, “horrek txartelak saririk ez duela esan nahiko du”, gaineratu digu Davilak. Guztira 20.000 txarteltxo kaleratuko dituzte, pintxo-pote egunean aurretik aipatutako tabernetara gerturatzen diren bezeroen artean banatuko direnak.
Esan bezala, Arrasate Bizirik elkarteko pintxo-pote ekimenak hiru urte bete ditu jada, eta hastapen garaiak “zailak” izan ziren arren, jendearen erantzunarekin pozik dago Juan Carlos Davila. “Egia da eguraldiak asko baldintzatzen duela herritarren parte-hartzea, dena den, krisi ekonomikoak gogor astindu arren, jendeak fideltasun handia erakutsi du orain arte”.
Eta fideltasun hori saritzeko, ekimen berri hau jarri dute abian Arrasate Bizirik elkartekoek. Testuinguru honetan, Davilak argi utzi nahi du Arrasate Bizirik elkarteko tabernetan soilik burutuko dela ekimen hau, “eta ez orain arte gure izenaz pintxo-pote ekimena aurrera ateratzeko aprobetxatu diren tabernetan”.
Era berean, datozen hilabeteetarako ere beste hainbat sorpresa esku-artean dituztela aitortu digu Monte Tabernako ugazabak. Azken finean, “bezeroek orain arte emandako babesa saritu nahi dugu”, dio Juan Carlos Davilak.