Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Argazki-galeria

Kanpanzar Arrasatek ezin izan du denboraldia garaipen batekin agurtu

Liga txapelketako azken jardunaldiaren baitan, eta transzendentziarik gabeko partiduan, Isasiren mutilek Bilboko Unibertsitariaren kontra neurtu dituzte indarrak Mojategin. Bilbotarrek eskarmentu handiagoa erakutsi dute eta, horren adierazgarri, azken emaitza: 18-54.

Isei Barbero / 2018ko apirilak 15, domeka


 

300 (id: 4904004)Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Liga txapelketako azken partidua jokatu dute zapatu honetan Mojategin.  Igor Isasiren mutilek Bilboko Unibertsitario izan dute bisitari eta, ahalegindu badira ere, ezin izan dute denboraldia garaipen batekin agurtu.  Bisitariek argi eta garbi erakutsi dute zergatik diren egungo hirugarren sailkatuak eta, norgehiagoka osoan zehar, agerian geratu da Kanpanzar Arrasate baino esperientzia eta eskarmentu gehiago zutela.  Horren adierazgarri azken emaitza, 18-54 bilbotarren alde.

 

Amaierako markagailua ikusita kontrakoa iruditu arren, lehenengo zatiaren zenbait minutuetan indarrak parekatuta egon dira.  Hala eta guztiz ere, 10. minutua bete orduko bisitariak jada 0-7 ziren aurretik.  Bere izaerari eutsiz, baina, Kanpanzar Arrasatek ez du amorerik eman, eta zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez Arizaletak bilbotarren abantaila murriztu du (3-7).  Lehenengo zatiaren ekuatorean egin du arratsaldeko bigarrena Bilboko Unibertsitariok, oraingo honetan ere transformazioan hutsik egin gabe.  3-14koarekin Isasiren mutilek lanean jarraitu dute, baina bisitarien eraginkortasuna erasoan erabatekoa izan da.  Gauzak horrela, atsedenaldira joan aurretik beste hiru entsegu lortu dituzte, horietatik bi azken bost minutuetan, 3-35ekoarekin partidua erabat erabakita utziz.

 

Norgehiagoka maldan gora izan arren, aldageletatik bueltan Isasiren mutilek borrokatzen jarraitu dute eta, berdegunera salto egin eta gutxira, Barrutiak zuri-moreentzako lehenengo entsegua lortu du (8-35).  Etxekoen pozak, baina, ez du luzaroan iraun, eta Bilboko Unibertsitariok kolpe berri bat eman eta 8-42koa ezarri du.  Handik gutxira, ordu laurdena betetzear zela, Dolarak arratsaldeko bigarren entsegua lortu du Kanpanzar Arrasaterentzat, markagailua 13-42 utziz.  Norgehiagoka amaitu bitartean Bilboko Unibertsitariok beste bi entsegu egin ditu, eta bakarra Kanpanzar Arrasatek, markagailua 18-54ean geratu dela.

 

Kontuak kontu, denboraldia porrotarekin agurtu badute ere, pozik egoteko moduko ikasturtea izan da Isasiren mutilek eginikoa, jardunaldi baten faltan mailari eustearen helburua beteta baitzeukaten.  Hala eta guztiz ere, denboraldia ez da batere erraza izan sarrailagileentzat.  Liga txapelketari ezin hobeto ekin zion Arrasateko taldeak, aurreneko partiduan garaipena ekarri baitzuen Baztanetik.  Hurrengo asteetan, baina, Isasiren mutilek kategoria berriaren gogortasuna bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten.  Norgehiagoka guztietan maila polita erakutsi arren, porrotak bata bestearen atzetik jaso zituen Kanpanzar Arrasatek, Getxoren kontra Mojategin ezustekoa eman arte.  Lehen itzulian gutxik espero zutena lortu zuten zuri-moreek, beste bi partidu irabazi –Errioxa eta Gernikaren kontra etxean-, orotara lau garaipenekin amaituz ligaren lehen zatia eta salbazioa bideratuta utziz.

 

Gabonen ostean, baina, hortzak estutzeko garaia heldu zen Kanpanzar Arrasaterentzat.  Isasiren mutilek ordura arteko gogo eta kemenari eutsi zieten baina, zoritxarrez, aurkarien eskarmentua eta beteranotasuna agerian geratu zen norgehiagoka askotan.  Testuinguru honetan, txapelketaren azken zatira etxeko lanak egiteke zituela heldu zen Arrasateko taldea, mailari eusteko ezinbestekotzat bilakatuz aurkari zuzenak garaitzea.  Getxon orain direla aste batzuk jasotako porrota ere mingarria izan zen baina, zorionez, sarrailagileek burua altxatzea jakin izan zuten eta, Errioxa eta Gernikan martxoan lortutako garaipenei esker, beste urtebetez 1. Mailan jarraitzeko eskubidea bermatu dute.

 

Orain atseden hartzeko parada izango dute Isasiren mutilek, ekaina hasiera Arrasaten izango den Zazpinako Nazioarteko Txapelketa prestatzen hasi baino lehen.  Aurten, gainera, Arrasate Errugbi Taldearen ekimen honek, Garagardo Azokarekin batera, 20 urte beteko ditu eta, ziur asko, klub zuri-moreak zenbait sorpresa prestatuta edukiko dituela bi hamarkada hauek ospatzeko.

 


Partiduaren ARGAZKI-GALERIA ikusteko klikatu HEMEN



EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE