Testua: IMANOL GALLEGO / Argazkiak: HARITZ DENDATEGI / 2012-ko irailak 24, astelehena
Atzokoa oso egun oparoa izan zen. Hasieran euriak guztia izorratuko zuela zirudien arren ez zen horrela gertatu eta guztia primeran irten zen. Agenda betea zegoen eta ezin genuen unerik galdu. Arratsaldeko lehen geldialdia , Victoria Eugenia antzokia, bertan Salvajes filma aurkezten zen-eta. Stone, Travolta eta Del Torok Maria Cristina Hotela eta antzokia banatzen dituen 200 metroak jendearen oihu eta txaloen artean egin zituzten eta antzokian ere txalo eta garrasi ugari entzun ziren.
Victoria Eugeniako aurkezpena bukatu ostean Kursaaleko alfonbra gorrian ere ez zen oihurik falta izan, barruan berriz seriotasuna izan zen nagusi. Edurne Ormazalek hasi zuen ekitaldia baina atzoko aurkezle nagusia Benicio Del Toro izan zen.
Berak aurkeztu zuen bere laguna den John Travolta. Esan beharra dago Travolta momentu guztietan oso adeitsua izan dela eta Donostia saria jasotzeak ilusio berezia egiten ziola nabari zen. Bere irribarre famatuaz jendea bereganatzea lortu zuen eta hiriari zein zinemaldiari eskerrak eman ostean txalo ugari jaso zituen.
Bigarrengoz Del Torok hartu zuen hitza eta Oliver Stone aurkeztu zuen. Azken urteetan zuzendari honen filmeen kalitatea jaitsi dela ukatu ezin dugu arren, JFK eta Nacido el 4 de Julio bereak dira eta gainera 3 oscar eskuratu ditu. Horregatik zinemaldiaren 60. edizioak ematen duen Donostia Sari Berezia jaso zuen.
Zuzendaria hunkitua zegoen eta askotan onartu duen bezala zinemaldia eta Donostia oso gogoko ditu.
Zinemira
Zinemirako alfonbra gorria txikiagoa zen. Bataplan kanpoan oso jende gutxi zegoen. Baina hala ere sari honek xamar berezia du. Aurten gainera, kamera atzean dagoen bati eman diote eta horrek meritu handia dauka. Michel Gaztambide izena ez da oso ezaguna izango baina bereak dira besteak beste No habrá paz para los malvados eta Vacas filmeko gidoiak. Berak esandako hitzak hartuaz, bera teknikari bat besterik ez da, baina zinea zer izango litzateke horien lana gabe?
Saria eman ostean, eta Bataplanen geundela kontuan izanda ba… uste baino gehiago luzatu ginen. Dena den, ez ginen Bataplan barruan zeuden debagoiendar bakarrak izan jendaren artean Asier Altuna zuzendariarekin topo egin genuen-eta.
Ah! Zinemirakoa ez da Oscarren osteko festa famatu horiek bezalakoa izango, baina gaueko ordu biak inguru han azaldu ziren Benicio eta Travolta. Hemen horren festa aspergarriak egiten ez ditugunaren seinale argia!
Sail Ofiziala
Gaur goizean, eta aharrausi eder batzuen ostean Sail Ofizialeko bi film ikusi ditugu. Lehena Truebaren El artista y la modelo. Egia esateko ez da istorio berri bat mila aldiz ikusi dugu artista eta bere musaren arteko erlazio estua, baina hala ere luzemetraia ongi egina dago. Espainiako Zine Akademiak Oscar sarietarako hiru finalisten artean aukeratu du eta egia esan ez da oso aukera txoroa.
Aipatzekoa Chus Lampreave eta Claudia Cardinale; lehena umore puntua jartzeagatik eta bigarrena bere presentzia elegantearekin pantaila guztia betetzen duelako.
Zinean beti ikusi ditugu gizonek sortutako taldeak. Mafia, lagun taldeak, kirol taldeak… Gehienetan gizonak ageri izan dira honelako gauzetan baina kasu honetan Lauren Cantet zuzendariak emakumeez soilik osatutako lagun talde baten nondik norakoak azaldu dizkigu. Egia esateko Foxfire luzea iruditu zait eta horrenbeste pertsonai ageri direnez guztia oso azaletik erakusten dizkigu zuzendari frantsesak. Ez da bere errua, baina 2008an Cannesko Urrezko Palma eskuratu ostean… luzemetrai honek ez nau bete. Hala ere, eta zerbait positiboa esateko, AEBetako 50. hamarkada oso ondo irudikatzea lortu duela esango nuke.
Bukatzeko, eta hau duela gutxi jakin dut, txutxumutxu gisa esango dizuet, 26an sorpresa modura Monica Bellucci izango dugula Donostian.