Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

 

Kapanzar Arrasatek porrota jaso du Uribealdearen kontra

Isei Barbero / Argazkiak:  Koldo Carrillo / 2014ko apirilak 7, astelehena

 

Behin liga amaituta, Uribealdea B-ren kontra bere garaian atzeratutako partidua jokatu zuten Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek domeka goizean.  Igor Isasiren mutilak garaipena eskuratu eta lidergora gerturatzeko itxaropenaz zelairatu arren, azkenean esku-hutsik geratu ziren.  Izan ere, garaipena Bizkaiko taldeak erdietsi zuen, 15-39ko emaitzarekin.  Kanpanzar Arrasate une oro izan zen atzetik markagailuan eta, zoritxarrez, Dolara eta Iñigok lortutako entseguek ez zuten ezertarako balio izan. 

 

Klub zuri-moreko Zuzendaritza Batzordeko kideak haserre bizian agertu dira domeka goizean Mojategin gertatutakoarekin eta, euren kexa adierazteko, idatzia bidali dute Euskadiko Errugbi Federaziora.  Izan ere, Uribealdeak beste ekipo bat ere badauka Nazional mailan, hala nola 21 urtez azpikoa.  Arrasate Errugbi Taldeko agintariek aipatutako idatzian diotenez, bizkaitarrek talde horietako jokalari batzuk erabili omen zituzten domekako partiduan, “klub guztiok gure multzoak B taldeak izatea onartu genuenean hori ez zela egingo zin egin baziguten ere”.

 

590 (id: 5849214)Manex Olabarria baloiarekin.

 

Ika-mika honen jatorriarekin topo egiteko atzera jo behar dugu, bigarren fasea abiarazi baino lehenagora.  Garai horretan zenbait klubek, tartean Uribealdea, aurretik aipatutako eskaera egin zuten, Kanpanzar Arrasateren multzoan B taldeak izatea, alegia.  Orduan Federazioak ekipo horien jokalarien zerrenda “itxia” izango zela informatu zien gainontzeko parte hartzaileei eta, honenbestez, talde bakarrarekin baino ezin izango zutela jokatu.

 

Arrasate Errugbi Taldeak esku artean duen informazioaren arabera, arau hori ez zen bete domekako partiduan eta, esan bezala, horrek sutan jarri ditu klub zuri-moreko agintariak.  Partiduaren emaitza bertan behera uztea edota norgehiagoka errepikatzea exijitzen ez badute ere, Ramon Barrutia buru duen lantaldeak bai eskatzen diola Federazioari "seriotasun gehiago" izatea, euren esanetan horrelako jarrerek txapelketa “hutsaldu” egiten baitute.

 

 

Azken partidua

 

Domekako porrotarekin asko zaildu zaio Kanpanzar Arrasateri denboraldia lidergoan amaitzea; dena den, sarrailagileek oraindik horretarako aukera apur batzuk izan badauzkate.  Igor Isasiren mutilek oraindik ez dakite orain direla 15 egun –epailea ez agertzeagatik- Hernaniren zelaian bertan behera utzitako partidua jokatu beharko duten edo ez.  Une honetan auzia Kirol Diziplinarako Batzordearen mahai gainean dago, eta badirudi aste honetan kaleratuko duela horren inguruko ebazpenen bat.


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE