Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Laura Alutiz nutrizionistak hitzaldia eman du

"Elikagai osasungarrienak dira osagai gutxien dituztenak"

Nutrizionista arrasatearraren tailerrak jakingura handia piztu du. Gomendio ugari eman ditu, eta ohartarazi du "elikagaien industriaren lehentasuna ez dela kontsumitzaileen osasuna". Bertako eta sasoiko produktuen balioa nabarmendu du.

595.Elikadura.Osasungarria.Hitzaldia1 (id: 7724740)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko urriak 18, ostirala
 
Laura Alutiz nutrizionista arrasatearrak atzo arratsaldean hitzaldia eman zuen Kulturaten, 'Elikagaien etiketa nutrizionalak'.
 
Tailerrak jakingura handia piztu zuen, eta Kulturateko Jokin Zaitegi aretoa txiki geratu zen, entzule mordoa bertaratu baitzen.
 

Nutrizionistak hainbat gomendio eman zituen, besteak beste, "egositako lekaleak, poteetan saltzen direnak, ur-txorrotatik pasatzea komeni dela. Izan ere, koloranteak eta kontserbanteak dauzkate, eta horiek urarekin kendu daitezke".

 

Gauza berbera egitea komeni da "plastiko poltsa barruan eta moztuta saltzen diren letxugak eta bestelako osto berdeak".

 

Ultraprozesaturiko elikagaiek "denetarik daukate, elikagaiekin zerikusirik ez duten substantziak kasu", eta ondorioz "horrelakoak ahalik eta gutxien kontsumitu behar dira, kaltegarriak baitira eta pertsonaren osasuna arriskuan jartzen dute".

 

Kontsumorako elikagaiek "kontrol ugari gainditu eta araudi bat bete behar dituzte. Hori bete ezean, enpresak isun bat jaso lezake edota ixtera behartua izan".

 

Elikagaietako produktuek etiketa bat izan ohi dute, eta etiketa horrek azaltzen ditu produktuaren osagaiak, adierazpen nutrizionala,... "Arazoa da kontsumitzaile askok, informazio horiek irakurri arren, benetan ez dakitela zer kontsumituko duen". Arazo hori konpontzen laguntzea izan zen atzoko ekitaldiaren helburua.   

 

Etiketan ageri den informazioetariko bat adierazpen nutrizionala da. Hau da, 'light' edo 'reducido en grasas' bezalako kontzeptuak. "Horiek adierazten dute produktuak organismoarentzat propietate onuragarriak dituela, baina kontuz":

 

"Light maionesari adibidez, koipearen zati bat kentzen diote baina beste alde batetik gehitu egiten diote. Izan ere, produktuari konsistentzia eman behar diote, eta trikimailuak erabiltzen dituzte testura hori lortzeko".

 

Beste adibide bat da "galleta devoragrasa" deiturikoa, "benetan koiperik kentzen ez duena". Digestive gaileta "izen deigarria eta erakargarria duen arren, gaileta normal bat da".

 

'0% materia grasa' produktuak, jogurt batek adibidez "azukre pilo bat dauka, eta horretaz ohartzen zara etiketan begiratzen baduzu. Baita esne-hautsa edota esne gaingabetua ere. Izan ere, jogurt batek ez du zertan osagai horiek eduki. Jogurt osasungarriak, hemengoak eta gomendagarriak dira:

  • Goenaga
  • Lacturale
  • Mahala

 

"Jogurtari zapore bat gehituz gero, azukre piloa gehitzen zaio, eta ondorioz jogurta hondatu egiten da".

 

Etiketako osasun-adierazpenei dagokienez, "ondorio positiboak omen dituzte adibidez Actimel bezalako produktuek. Antza organismoarentzat onuragarriak dira".

 

Nutrizionistak gomendatzen du "etxean jogurta egitea, eta oso erraza da: jogurt bat eta litro bat esne nahastuz, zazpi jogurt lortzen dira, diru gutxirekin gainera".

 

Trazabilitatea kontzeptua zen den azaldu zuen: "Kontsumitzaileari azaltzen dio produktua noiz egin den, non egin den eta beste datu batzuk".

 

Osagaiei dagokienean, produktu osasungarrienak "osagai gutxien dituztenak dira. Horrela, nolabait esateko, produktu batek hiru osagai baino gehiago baditu, ez da elikagai bat".

 

595.Elikadura.Osasungarria.Hitzaldia2 (id: 7850428)

 

Osagaien etiketako ordena ere garrantzitsua da: "Lehen postuan azaltzen den osagaia produktuaren osagairik nagusiena da. Horrela, azukrea osagaien artean hirugarren postuan agertzen bada, horrek esan nahi du produktu horrek azukre dexente duela".

 

Zein da ondorengo hiruretatik osasungarriena: fruta bat, zuku bat ala freskagarri bat? "Hirurek izan ditzakete antzeko karbono hidrato kopurua, baina fruita da osasungarriena. Zukuak azukre ugari pilatzen du, freskagarriari azukreak gehitu zaizkio, eta frutari ordea ez zaizkio gehitu".

 

Hau da, "ez da nahikoa karbono hidratoak begiratzea, begiratu behar da ere zer-nolako azukrea, koipea,... duen produktuak". Zentzu horretan, informazio nutrizionalaren erreferentzia 100 gramoak dira, "baina erosketa egitean, kontuan hartu behar duzu zenbat gramo jango dituzun. Izan ere, ez da gauza bera 100 gramo edo 50 gramo jatea". Kaloriei dagokienean, produktu bat 'bajo valor energéctico' izateko, legez: 

  • Solidoa bada, 40 kaloria edo gutxiago izan behar ditu, 100 gramoko.
  • Likidoa bada, 20 kaloria baino gutxiago izan behar ditu, 100 gramoko.

 

Produktu bat 'valor energético reducido' izateko, legez:

  • 40 kaloria baino gutxiago izan behar du, 100 gramoko.
  • Jatorrizko elikagaiaren kalorien %30 edo gutxiago izan behar du.

Horren adibide bat da 'light' maionesa: "Maionesa honi koipe kopuru bat kendu diote, baina artoaren almidoia gehitu diote, eta hau koipe bihurtu dezake organismoak. Ondorioz, organismoarentzat azken finean eragin berbera dute biek ala biek. Ondorioz, sarritan hobeto da maionesa normala jatea, light delakoa baino".

 

Produktu bat 'alimento sin aporte energético' izateko, legez:

  • 4 kaloria edo gutxiago izan behar ditu, 100 gramoko

Honen adibide bat sakarina da, sakarina osasungarria al da? "Diabetikoentzat ez, eta gainera gero eta ikerketa gehiagoren arabera, sakarinaren eta balizko minbizia kasuen artean erlazioa dago".

 

"Ez da beharrezkoa elikagaiei azukrea gehitzea, izan ere, onena da gure gustua elikagaiaren berezko zaporera ohitzea. Ez da zaila, gure dastamen-papilak egun batzuetan jatorrizko zaporeetara ohitzen dira".

 

Produktu bat 'bajo contenido en azúcares' izateko, legez:

  • Solidoa bada, 5 gramo edo gutxiago izan behar ditu, 100 gramoko
  • Likidoa bada, 2'5 mililtro baino gutxiago izan behar ditu, 100 mililitroko 

 

Produktu bat 'sin azúcares añadidos' izateko, legez:

  • 0'5 gramo edo gutxiago izan behar ditu, 100 gramoko

Hau da, "elikagaiak berez duen azukrea, azukre gehigarri barik". Munduko Osasun Erakundeak eguneko 5 gramo azukre kontsumitzea aholkatzen du, eguneko 2.000 kaloria gastatzen dituzten pertsonendako.

 

Azukreari dagokionez, 'light' produktuak egiteko, jatorrizko produktuari azukrearen parte bat kendu zaio, "baina gehitu diote muztioa, fruta kontzentratua edota kainako azukrea. Hiru horiek funtsean azukrea dira, eta beraz antzekoa da".

 

Kontuan hartzekoak dira "isomaltosa ere azukrea dela" eta 'zero' etiketadun mermelada batzuek "beste fruta baten azukre gehitua daukate. Edo sakarina, edo aspartame, edo edulkorantea, produktuari zaporea eta konsistentzia emateko".  

 

Ondorioz, "osasungarriagoa da betiko mermelada jatea, baina gehiegi jan gabe. Light mermeladak normalak baino kaloria gutxiago ditu, baina 'zero' delakoak eta normalak antzeko kaloriak dituzte". Koipeari dagokionez, produktu bat 'bajo en grasas' izateko, legez:

  • Solidoa bada, 3 gramo koipe baino gutxiago izan behar du, 100 gramoko
  • Likidoa bada, 1'5 mililitro koipe baino gutxiago izan behar du, 100 mililitroko

Produktu bat 'sin grasa' izateko, legez:

  • 0'5 gramo koipe baino gutxiago izan behar du, 100 gramoko

"Ez dizuet gomendatzen 'bajo contenido en grasas trans' produktuak erostea. Izan ere, etiketa horrek esan gura du produktu horrek trans grasak dituela. Osasunarentzat oso kaltegarria da". Horrelako produktu bat 'bajo contenido en grasas trans' izateko, legez:

  • Solidoa bada, 1'5 gramo baino gutxiago izan behar du, 100 gramoko
  • Likidoa bada, 0'75 mililitro baino gutxiago izan behar du, 100 mililitroko

 

Produktu bat 'sin grasas saturadas' izateko, legez:

  • 0'1 gramo baino gutxiago izan behar du, 100 gramoko

Koipe osasungarriena "birgen extra olioa da. Kokoaren koipea edo olioa oso modan dago, eta osagungarria da birgen extra baldin bada. Bestela errefinatua da, eta horrek esan nahi du nutriente asko galduak dituela".

 

Fibrari dagokionean, "diabetea kontrolatzeko baliagarria da, baita bihotzeko gaixotasunen aurka ere, besteak beste". Produktu bat 'fuente de fibra' izateko, legez:

  • Gutxienez 3 gramo izan behar ditu, 100 gramoko

Era berean, produktu bat 'alto contenido en fibra' izateko, legez:

  • Gutxienez 6 gramo izan behar ditu, 100 gramoko

"25-30 gramo fibra jan behar ditugu eguneko". Ogiaren inguruko araudi berriari dagokionez, orain ogi bat integraltzat hartzeko %100ean izan behar du integral".

 

Era berean, "ogi normalari, zerealeak gehitzen dizkioten arren, ogi horrek ez dauka fibrarik. Gainera, ogi normal batzuei salbadoa (birrina) gehitzen diote kolore ilunagoa izan dezan, itxura osasungarriagoa izan dezan, baina baliteke fibrarik ez izatea".

 

Ondorioz, "osasungarriena da errefinatu gabeko ogia jatea, esate baterako". Aditiboei dagokienez, "kontserbanteak, antioxidanteak,... dira. Prozesaturiko produktu bat eguneko jatea ez dago oso txarto".

 

Dena den, kontuan hartu behar da "elikagaien industriak trikimailuak erabiltzen dituela, konpententziak bultzatuta, bere produktua 'hobetzen' du, hau da, elikagaia gehiago manipulatzen du, produktua erakargarriagoa egiteko".

 

Izan ere, "elikaduraren industriaren lehentasuna ez da kontsumitzaileen osasuna, ahalik eta gehien saltzea baizik". Horrenbestez, "ez egin kasu bere iragarkiei".

 

Gomendatzen da "5 gramo gatz kontsumitzea eguneko". Oro har, aholkatzen ditu "ahalik eta produktu naturalenak, ahalik eta prozesatu gutxien dutenak". 

 

"Nire iritziz, kontsumitzaileak osagaiei begiratu behar die lehenbizi, eta ondoren informazio nutrizionalari". "Lehentasuna eman bertako eta sasoiko produktuei". 

 

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE