Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
''Baserriaren kulturari eutsi gura diogu''

Kabuena baserriak okela kontsumitzaileei zuzenean salduko die

Udala auzoko baserri honek abeltzaintzan esperientzia luzea dauka, baita 100 abelburu ere. "Gazteen ekimenez, Kilometro 0, transgeniko gabeko, ingurumenaren aldeko,..." egitasmo bat abiatzen dabil.

550.Santamasetan.KABUENA (id: 4615514)


Argazkiak: Kabuena eta Gontzal Landa Herbias / Testua: GLH / 2019ko urtarrilak 11


Kabuena baserriak, Udalaitzen magalean, denbora luzea darama ganadua gobernatzen, hazten eta saltzen.


Bertako seme Aitor Murgoitiok azaldu bezala, "bizi guztian ganadua izan dugu", egoera berrietara moldatuz:


"Garai batean esnetarako behiak genituen, gero sektore konkretu horretan eraldaketa handia izan zen, kopuru handietara jo baitzen, eta hemengo baserriek ezin izan zuten horretan jarraitu".

 

595.Kabuena4 (id: 5048006)


Ondorioz, haragitarako ganadua aukeratu behar izan zuten, eta arraza egokiena aukeratzeko, Kabuenak proba bat egin zuen:


"Inguruko abeltzaintzan erabiltzen ziren bost arrazetatik bina buru erosi genituen. Urtebete - urte eta erdiko proba izan zen". Proban ondoko irizpideak aintzat hartu zituzten:

  • Erditzea
  • Ganaduaren gobernua
  • Haragiaren kalitatea
  • Haragiaren errentagarritasun ekonomikoa

"Probak argi ondorioztatu zuen 'asturiana de los valles' arraza egokiena dela, kalitate handikoa. Gauza berbera ondorioztatu zuten hainbat liburuk eta adituren dastatzek".


Baserritar askok arraza hori aukeratzeak polemika eragin zuen: "Batzuek zioten bertako arrazak aukeratu eta sustatu behar zirela. Alabaina, Industrian barneratuta daukagu errentagarritasun ekonomikoa dela irizpide garrantzitsuena. Zergatik ez irizpide bera baserrian aplikatu?".


Alde horretatik, "nire sukaldean lehentasuna errentagarritasun ekonomikoak dauka, baserriek dagoeneko arazo ekonomiko handiak baititu". Kabuenak asturiar arraza baliatu du azken 36 urteotan.

 

595.Kabuena1 (id: 4895209) 
Industrializazioaren ondorioz, Aitor ere bigarren sektorean lan egiten hasi zen baina lehen sektorea utzi barik: "Baserria ezin genuen utzi, eta gaur egunera arte mantendu dugu".


Kabuenak kontsumitzaileari zuzenean saltzea erabaki du, baina orain arteko prozesua bestelakoa da:


"Baserritarrak harakinari okela saldu dio. Baserritarrak zehaztutako egun batean ganadua hiltegira eramaten du, eta sakrifikatu ostean, hiltegiak harakinari eramaten dio".


Ordea, baserritar-kontsumitzaile harreman zuzena "ez da berria: lehen baserritarrak kontsumitzaileari esnea zuzenean saltzen zion, etxez etxe salduz" adibidez.

 

595.Kabuena2 (id: 4937049)


Historia ziklikoa ei da, eta "berriro iritsi da zuzeneko salmenta egiteko aukera. Horregatik orain Kabuenak komertzial bat martxan jartzen ari da".


Kontuan hartzekoa da "bertako haragia kanpoan saltzen dela. Komertzialak arraza honetako okel guztia saltzeko bidea jarri zuen, baina beste pauso bat eman gura dugu".


Izan ere, "neska-mutilak pentsamolde berriekin datoz, eta Kabuenak bere haragia zuzenean saltzea planteatu digu berriz".


Neska-mutil hauek "Kilometro 0 garatu nahi dute, eta ikastetxeekin elkarlanean aritu". Haragia erosiko duenari "aitortuko zaio ingurumena errespetatuz lortutako okela erosi duela. Gainera, horren truke, ez du diru gehiago ordaindu beharko, gutxiago baiziK".

 

595.Kabuena3 (id: 5005358) 
Egitasmoaren helburu bat da "baserrian lanpostu duin bat sortzea eta mantentzea". Beste xede bat da "baserriaren kulturari eustea eta arrasatearren artean zabaltzea, Arrasatek beharrezkoa baitu ingurumenarekin beste harreman bat izatea".


Alde horretatik, baserritarrak Udalarekin Kurtzetxikiko egitasmoan elkarlanean dabiltza, eta "baserritarrok mendiaren behealdeko zati bat ere kudeatzeko prestutasuna agertu diogu Udalari".


Azken hamarkadetan, baina, "Udalak baserriei lekua kendu izan die Garaia Berrikuntza Gunea egiteko, Musakolako eta San Andresko baserriak desagertu dira,...".


Prozesuari buelta emateko asmoz, Kabuenak txahal haragia eta ahuntz haragia eskainiko ditu. "Ahuntzaren azpigorri arraza produktiboki ez da emankorrena, baina bere haragiaren kalitatea altua da". Beste arraza batzuk, zuria esate baterako, "produktiboki hobea da baina haragia eskaxagoa du".

 

595.Txahala.Udalatx.KABUENA (id: 5092103)
Kabuenako Aitor Murgoitiok azpimarratu du abelburuak "bertako belarraz elikatzen ditugula gehien bat, abelburuak udaberrian zelairatuz, eta bertan izaten dira abendura arte".


Salbuespena txekorrak dira: "Hiltegira eraman baino 3 bat hilabete lehenago, kortan izaten dira, lasai egon daitezen. Neguan abelburuak kortan egotean, Arabako lasto pixka bat ematen diegu, transgeniko gabekoak, baita zertifikatutako pentzua ere, Euskal Herrikoa, hau transgeniko gabekoa".


Pentzuari dagokionez, enpresa ekoizleak palma koipedun pentzua edo gabekoa eskaintzen ditu: "Palmaduna merkeagoa da, baina hortaz elikatzen den ganaduaren haragia ez da hain osasungarria gizakiontzat". Ondorioz, "guk palma koipe gabeko pentzua erosten dugu, zertifikatua".


"Kontuan hartuta Euskal Herrian produzitzen dugula kontsumitzen dugunaren %30 bat. Behar bezala etiketatu behar da".


Gehitu duenez, "guk zuzeneko salmentaren alde egin dugu. Salmenta honen atzean filosofia bat dago, baserriaren eta ingurumenaren aldekoa".


Azpimarratu duenez, zuzeneko saloresketak ahalbidetu ditzake "kostu gutxiago izatea, ingurumena errespetatzea, baserriei eustea,...".


Kabuenak egun 100 abelburu inguru ditu, tartean behiak, ahuntzak, txerriak eta oiloak, "denak libre, kaioletan ez".


kabuenabaserria.com


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE