Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Iñigo Arriaranen argazki-galeria

Aurrerapauso berri bat Lehen Mailarako bidean Kanpanzar Arrasaterentzat

Isei Barbero / Argazkiak:  Iñigo Arriaran / 2017ko martxoak 13, astelehena

 

Ez dute hutsik egin, eta zuzen-zuzen jarraitzen dute 1. Mailarako bidean Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Igoera faseko bigarren jardunaldiaren baitan, Igor Isasik zuzentzen duen taldeak Txingudiri egin zion bisita zapatu arratsaldean, eta Plaiaundin sarrailagileak 3-25eko emaitzarekin nagusitu ziren.  Modu honetan Arrasateko taldeak iragan asteko estreinaldiko jardunaldian lortutako lidergoa berretsi du, bide batez, txapeldun izateko bidean aurrerapauso garrantzitsua emanez.

 

Markagailuari begira kontrakoa iruditu arren, Kanpanzar Arrasatek izerdi dezente bota behar izan zuen Irunetik garaipena ekartzeko.  Aurreikusten zen moduan, belar naturalak ez zien mesederik egin Isasiren mutilei, eta kosta egin zitzaien hasierako 0-0ekoa haustea.  Ordu laurdena bete arte ez ziren bisitariak aurreratu, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez.  Sarrailagileen pozak, baina, ez zuen luzaroan iraun, handik bost minututara, eta modu berean, Txingundik berdinketa jarri baitzuen berriro ere markagailuan. 

 

590 (id: 4473085)Zubizarreta baloiarekin zapatu arratsaldean Plaiaundin.

 

Zigor kolpeak izan ziren protagonista hasierako 40 minutuetan, lehen zatia amaitzeko 15 minuturen faltan, eta berriro ere zutoinen artera bidalitako baloi baten bitartez, bisitariak 3-6 aurreratu baitziren.  Emaitza horrekin joan ziren atsedenaldira Igor Isasiren mutilak , hiru puntuko abantailarekin eta jokalari bat gutxiagorekin, epaileak txartel horia erakutsi baitzion Gardoki kapitainari.

 

Bigarren zatia hasi eta berehala hautsi zuen partidua Kanpanzar Arrasatek, Dolararen entsegua eta Lezamizen transformazioari esker.  3-13koarekin sarrailagileek erosoago jokatu zuten, abantaila horrek ematen zuen lasaitasuna lagun.  Gauzak horrela, minutu gutxiren buruan bisitariek arratsaldeko bigarren entsegua lortu zuten, kasu honetan ere transformazioan hutsik egin barik (3-20).  Partidua erabakita zegoela, Arizaletak berriro ere jarri zuen baloian Txingudiren entsegu-marran, amaierako 3-25ekoa lortuz.

 

Kontuak kontu, partiduak garaipen gisa zenbatzen jarraitzen du aurtengo denboraldian Kanpanzar Arrasatek, zuzen-zuzen Euskal Ligako 1. Mailarako bidean.  Datorren asteburuan ez da jardunaldirik izango, eta hurrengo partidua hilaren 26ko asteburura arte ez da jokatuko.  Igoera faseko lehen itzuliko azken jardunaldia izango da hori eta, horren baitan, Isasiren mutilek Uribealdea hartuko dute Mojategin, aurrerapauso berri bat –eta erabakigarria izan daitekeena- emateko asmo irmoarekin.


Galeria de fotos
Irun-ART

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE