Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Bea Santamaria eta Eider Etxebarria, Bizipoz kooperatibako sortzaileak

"Bizipoz-en jende nagusia ahalduntzeko lan egiten dugu, erretiroaren ostean etapa berri bat hasten baita"

 (id: 4703413)

 

Testua: Hasier Larrea / Irudiak: Bizipoz eta HL / 2019ko urtarrilak 16, asteazkena

 

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Bizipoz, jende nagusiarekin lan egiten duena. Bea Santamaria eta Eider Etxebarria dira proiektuaren sortzaile eta langileak. LEINN gradua ikasten ari zirela, jende nagusiarekin lan egiten hasi ziren, eta galdera ugari etorri zitzaizkien burura: Nola bizi du zahartzaroa pertsona batek? Herriak prestatuta al daude gero eta zaharragoa den populazio baten beharrak asetzeko? Zer egin dezakegu guk erretiratu diren pertsonen bizitzak hobetzeko? Galdera hauei tiraka hasi ziren 2015ean tailerren bidezko formazioak eta parte hartze sozialeko programak diseinatzen.

 

"LEINN graduko laugarren mailan geunden, eta ikusi genuen proiektuak garatzeko aukerak izan zitzakeela. Gradu Bukaerako Lana egiteko, fakturazio kopuru bat lortu behar genuen gure proiektuarekin, eta lortu genuenez, GBL-a egiten hasi ginen, proiektuan sakonduz. Hiru hilabeteren ostean, ziur geunden proiektua guztiz bideragarria zela, eta martxan jarri ginen", gogoratzen dute.

 

"Bizitza pertsonalerako aholku baliagarriak ematen ditugu, ohitura osasuntsuak sustatu..." diote ekintzaileek. " Dependentzia egoerak ekidin edo ahalik eta beranduen heltzeko helburuz egiten dugu lan. Pertsona talde hauek gizartean baloratuago sentiarazi nahi ditugu, erretiratzen direnean, gizarteak orokorrean alboratzeko tendentzia izaten duelako. Gure asmoa gatazka honi buelta eman eta garrantzia eta potentziala dutela erakustea da", gehitu dute.

 

"Hasieratik garbi izan dugu ez ginela hitzaldiak ematera mugatuko, metodologia praktiko eta integral batekin lan egitera baizik: osasuna, adimen emozionala, teknologia berriak, ekonomia... bezalako gaiak teoria gutxi eta praktika askorekin lantzen ditugu", adierazi dute Eider eta Beak.

  (id: 4749810)

 

Proiektuaren bilakaeragatik galdetuta, "duela 3 urtetik hona lan ildo edo programa ezberdinak irekitzen joan gara. Hasieran geneukan eskaintza zabaldu dugu, nagusiek behar gehiago dituztela konturatu garelako".

 

Gaur egun argi daukate hasierako ideia eta filosofia bera mantentzen dutela, eskaintza zabalago batekin. "Hasieran Herripoz programa bakarrik geneukan, eta esperientzia hartuz joan ahala beste beharrizan batzuk betetzeko programak egin ditugu. Gaur egun, dinamika, metodologia eta filosofia bera mantentzen dugu, aldatu den bakarra beharretara moldatzeko modua izan da", zehaztu dute.

 

 

Eskaintzen dituzten zerbitzuak

 

Guztira zazpi lan ildo dauzka Bizipozek, erabiltzaile bakoitzaren beharrera moldatua:

 

  • Herripoz: tailerrak eta coaching prozesuak: parte hartzaileek proiektu desberdinak garatzen dituzte, herrian beharrezkoak direla uste duten gai sozialekin lotuak. Arrasate, Ordizia Oñati eta Hernaniko udalean. Guztira 55 tailer eta 90 parte hartzaile. 19 proiektu garatu dira. Adibidez, ibilbide osasuntsuak diseinatzen dituzte herrietan.
  •  Herripoz 1.2: coaching-ik gabe, bi orduko zortzi tailer, astean behin, bi hilabetetan zehar.
  • Elkarpoz: jubilatu elkarteen batzordeekin lan egin, eraldatu eta eguneratzeko formazioa eman, jubilatu berriak erakartzeko, adibidez. Donostiako elkarteekin egin dugu lan, orain Pasaiako distrituekin ari gara, lau elkarte daude baina herri berekoak dira, beraz elkar ezagutzea ezinbestekoa da.
  • Nagusipoz: Udalarekin elkarlana, Nagusien kontseiluekin lan egin: nagusien profilak ordezkatuta daude hemen, eta mahai batean elkartzen dira Udaletxeko langileekin, Caritasekoekin... Zahartzaro prozesuarekin erlazionatutako herri dinamikak egiten dira: Udalak igogailu bat egin behar badu, adibidez, nagusien kontseiluari galdetzen zaio zer iritzi duten.
  • Lagunpoz: OMSk  (Osasunaren Nazioarteko Antolakundea) eta Euskadi Lagunkoia fundazioak (Eusko Jaurlaritzaren proiektua)  sustatzen duten programa. Herri mailako talde motore batek herriaren egoera aztertzen du zortzi alderdi kontutan hartuta: : osasuna, komunikazioa, etxebizitza, eraikinak, garraioa... Aspektu positibo eta negatiboak atera eta hobetzeko proposamenak egiten dituzte. Ondoren akzio plan bat diseinatzen dute. Herriak prestatu behar dira etorkizuneko biztanleen beharrak asetzeko. Herri eta hiriek pertsona nagusiei begirako fokua jartzen da hemen.
  • Ikaspoz: tailer konkretuak dira, Kultura etxeetan, jubilatu elkarteetan, esperientzia eskoletan ematen ditugunak. Beraiek esaten digute guri zer den landu nahi duten gaia.
  • LanPoz: langileek erretiroa prestatzeko hiru egunetako programak dira, enpresetan egiten ditugunak. Jubilazio prozesu horretan laguntzen ditugu langileak. Laboral Kutxako langileekin aritu gara honetan.

 (id: 4818004)

 

Jasotako sariak

 

Forbes aldizkariaren errekonozimendu hau ibilbide arrakastatsu baten izeberg punta baino ez da, guztira bost sari hauek eskuratu baitituzte, guztiak ekintzaileei bideratuak

·         Making More Health saria: "jaso genuen lehen errekonozimendua izan zen, lana ondo egiten ari ginela esatera zetorrena".

 

·         Deba Barrenako Ekintzaileen Elkarteak emandako saria: "afari bat egiten da, parte hartzaileek euren proiektua aurkezten dute eta irabazi genuen".

 

·         Invisible Beauty Makers: saririk esanguratsuena izan da. Fundacion Puig-ek babesten du, koloniak egiten dituen multinazionalak. Enpresa horretako bi langilek zure proiektua hobetzen laguntzen dizute, horretarako Bartzelonara joaten gara bost aldiz urtean, eta irudi korporatiboa, finantziazioa... lantzen laguntzen digute.

 

·         Change Makerx Change: munduko ekintzaile sozialen sareak ematen du, saria Parisen astebeteko egonaldia da, summit edo jardunaldi batzuetan parte hartuz. Bestalde, sare honetako partaide bilakatzen zara, kontaktu mordoa lortuz.

 

·         Premios JES (Gaztediaren Gizarte Ekintzailetza): Europako Unibertsitateak hainbat ekintzaile aukeratzen ditu, astebeteko formazioa emateko. Madrilen Estatuko 10 ekintzaile eta Portugalgo 5 ekintzaile batu ginen astebetez eta komunikabideetan agertzen zara, proiektua lau haizetara erakutsiz. Jardunaldi honek difusio handia eman zigun, eta Europako unibertsitatea Forbes aldizkariaren kolaboratzailea denez,  finantza aldizkariak gugan jarri zituen begiak.  (forbessummit.es)

 

·         Forbes 30under30: dirurik eman ez digun sari bakarra den arren, prestigio gehien duen saria da.

  (id: 4844171)

 

Gustura egiten dutenarekin

 

Nagusiekin gustura aritzen dira Etxebarria eta Santamaria, "esker onekoak direlako". LEINN gradua egiten zeudela galdera bati erantzun nahi izan zioten: "zer egin dezakegu jende nagusiagatik? Esperientzia handia duten pertsonak dira, asko dakitenak, eta badirudi lan egiteari uzten diotenean balioa galtzen dutela. Gainera, gu ere nagusiak izango gara etorkizunean". Kuriositate horrek eraman ditu gaur egun dauden tokiraino. Zorionak eta segi lanean!! 

 

Bizipozen webgunea bisitatzeko, klikatu hemen


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE