"Txintxarri mihinbakoa sasian usteldu" (atsotitza)

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
Maria Fagan- Mery May musikari gaztea

"Ilusio asko egin dit nire lana kaleratzeak"

Dreams da Mery May bakarlari arrasatearrak kaleratu duen lana. Bertan, bere izaeraren “alde ameslaria” erakusten du eta berekin izan gara lehen diskoa atera eta gero, nola sentitzen den jakiteko. 20 urteko arrasatearrak pozez erantzun die guk egindako galderei.

595.2 (id: 4746839)

 

Koldo Carrillo- 2010/02/05

 

Noiztik daramazu bakarlari moduan?

Orain dela bi urte hasi nintzen bakarka jotzen.

Pozik egongo zara diskoa kalean duzula. Zer suposatzen du horrek zuretako pertsonalki?

Ilusio asko egin dit nire lana kaleratzeak. Lehen gustatzen zitzaidalako jotzen nuen musika, baina denborarekin, nire abesti multzo bat biltzea lortu nuen eta nolabait gorde beharra zegoela uste nuen. Horregatik grabatzea erabaki nuen.

Noiztik izan duzu musikaz harremana?Nola izan zen hura?

Musika betidanik izan dut gustuko. Zazpi urterekin flauta trabesera jotzen hasi nintzen Arrasate Musikalen, baina denborarekin konturatu nintzen hura ez zela nire instrumentua eta hamahiru urte nituela, gitarrarekin  hasi nintzen. Etxean, bestalde, aitak eta anaiak eragina izan dute musikalki nigan eta The Beatles edo U2 asko entzun ditut.

Bakarlari izan baino lehenago, Foxy Boxxi taldean ibili zinen. Nolakoa izan zen?

Foxy Boxxirekin rock n´ rolla egiten nuen, baina neure kontura gitarra akustikoarekin ere ibiltzen nintzen etxean, bestelako gauzak egiten.  Kantu lasaiagoak egiten nituen, ez rock n´ rolla.
300.3 (id: 4697854)

 

Danbakan parte hartu zenuen. Nahiz eta irabazi ez, kritika oso onak jazo zenituen. Aurrera egitera animatu al zintuen hark?

Bai, 2008. urtean hartu nuen parte Danbakan. Nik uste lagundu ninduela eta gainera esperientzia oso polita izan zen niretzat, oraindik ez bainuen sekula horrelako eszenatoki batean jo. Bestalde, ateak ireki zizkidan aukera hark eta harremanak ere egin nituen bertan. Danbakan ezagutzera eman ostean, zenbait tokitatik deitu ninduten kontzertuak eskaintzen.


Nola deitzen da kaleratu berri duzun diskoa? Arrazoi konkreturik horretarako?

Dreams. Nahiko ameslaria nahiz eta.

Non lortu ahal da zure lana?

Taupa eta Illuntzen topatu ahal izango da ostiraletik aurrera.

Zer transmititzen saiatzen zara zure kantuetan?

Gehien bat sentimenduen eta niri gertatutako gauzen gainean egiten dut berba, barrutik irteten zaizkidan gauzak. Hasieran, kantu goibelak sortzen nituen, baina orain bestelako gaiak ere ukitzen hasi naiz.

Abestirik ba al daukazu euskaraz? Pentsatu al duzu horretan sekula?

Egia esan, ez dut oraindik kanturik euskaraz. Burutik pasatu zait, bai, baina nahiko kostatzen zait abestien letrak idaztea, eta idazterako orduan ingelesez irteten zaizkit hitzak. Aurreko aldi batean, adibidez, Sorkunen kontzertu bat ikusten nengoela inbidia puntu bat sentitu nuen horrelako hitzak eta gaiak euskaraz idatzita entzutean.

Ingelesa ere oso gertuko hizkuntza da zuretzat.

Bai, aita irlandarra da eta ia ama hizkuntza da niretzat.

Sekula esan duzu Irlandan topatzen duzula bereziki inspirazioa. Zer sumatzen duzu faltan hemen?

Irlandan egon nintzen uda batean ideia asko etorri zitzaizkidan idazteko eta gero hemen garatu nituen. Hemen nagoenean, batzuetan, ez zait ezer ez bururatzen kantu bat egiteko. Suposatzen dut han denbora gehiago daukadala pentsatzeko.

300.2 (id: 4732292)Orain, diskoa aurkezteko, zenbait kontzertu emango dituzu, lehena gaur Taupan.

Bai, Taupan eskainiko dut lehen kontzertua eta gero, beste kontzertu batzuk emango ditut datozen asteetan. 19an Gasteizen joko dut, Bilbon 26an eta aurrerago Ordizian ere joko dut.

Musika entzuterakoan estilo batera mugatzen zara edo nahiago duzu denetatik entzun?

Denetarik entzutea gustatzen zait, egunaren arabera. Egun batean Metallica jarri dezaket eta hurrengoan Jamiroquai.

Zein izan da ikusi duzun azken kontzertua?

Uste dut Gose izan zela, Arrasateko Gaztetxean.

Egun gris baterako, zein abesti gomendatuko zenioke lagun bati?

Stevie Wonderren abestiren bat, Isn´t she lovely edo halakoren bat.

Arrasate oso herri emankorra da musikari dagokionez. Nola ikusten dituzu gazteak musikalki?

Bai, herri hau oso lotuta egon da beti musikarekin. Oraindik ere punkera jotzen duen musikak jende gehien hurbiltzen du, baina rocka ere bere garrantzia hartzen ari da eta Arrasaten rock talde onak irteten dabiltza.


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE