Emakumezko bat arinki zauritu da GI-627 errepidean izandako auto istripu batean, Kataide industriagunearen parean. Ertzaintza ikertzen dabiltzan arrazoiengatik -litekeena da euriak ezbeharra eragitea-, goizeko 7:30ak aldera Arrasaterako noranzkoan zihoan Seat Ibiza markako auto batek kontrola galdu, eta galtzada erdibitzen duen porlanezko piezen kontra jo du.
Ezbeharra gertatu eta berehala Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, eta, esan bezala, kotxea gidatzen zihoan emakumezkoa zauri arinekin eraman dute Debagoieneko Ospitalera. Istripuak ilara luzeak eragin ditu, eta autoa erretiratu bitartean Ertzaintza trafikoa bideratzen aritu da. 8:30ak aldera garabiak autoa erretiratu, eta errepideak normaltasuna berreskuratu du.