Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Asier Sala (Bad Co. taldeko kide):

"Amerikako Estatu Batuetako biran kontrasteak izan dira"

Arrasateko gazteak nazioarteko punk-rock talde ezagunetako batekin bira batzuk egin ditu, eta The Potes taldearekin ere disko berria grabatzen dihardu.

595.Asier.Sala.Strummer.AEBetan1 (id: 8320977)


Goiko argazkia eta bideoa: Erin Micklow / Beste argazkia eta testua: Gontzal Landa Herbias / 2018ko uztailak 10, asteartea

 

Asier Sala arrasatearra, 'Sala Strummer' bezala ere ezaguna, urte ugari daramatza gitarrari eragiten eta kantuan:

 

13 urterekin Korrupcion en la Nacion taldean hasi zen Arrasaten, koadrilako lagun batzurekin. Entseatzen zuten arren, ez zuten kontzerturik eman, "baina ordurako jada ustelkeria sumatzen genuen" esan digu umorez.


Taldekideetako bat Arkada Socialera joan zen eta bera Enboskadara, 10 urte ingurutan zehar punk-oi! doinuak jotzen eta abesten.


Enboskadaren zikloa amaituta, taldea desegitea erabaki zuen, eta taldekide bakoitzak bide berriei ekin zien, Asier Motherfuckers taldera hain zuzen. Bertan, Never Surrender-eko bateriarekin, gitarristarekin eta Jon Alkortarekin bat egin zuen.


Ilusioak sustaturik, abesti berriak sortu zituzten, Arkadako Odei abeslaria lagun, eta kontzertu batzuk eman zituzten, tartean Danbaka txapelketan.


Alabaina, taldekide batzuek beste talde batzuetan ere aritzen ziren, Motherfuckers-ek zaila zuen aurrera egitea, eta ondorioz Alkor eta Asierrek, konexio onak lagunduta, Dirty Brothers taldea sortu zuten.


"Proiektu honek egun zail dauka aurrera egitea, eta iazko Aramaixoko Jaietan azken kontzertua izan daitekeena eman genuen".


Aurreko urteetan ere Asier The Potes-en aritu da, RIPeko Jul-ek banjoa jotzen ikastea erabaki ostean. "Zuk banjoa ikasten baduzu nik zurekin akustiko batzuk joko ditut" proposatu zion Salak Jul-i "zerbeza batzuk edan ostean".

 

Entseguak egiten hasi ziren, lagun gehiago gehitu ziren, eta azkenean 6-7 pertsonek entseguetan parte hartzen zuten. The Pogues-en omenez, taldeari The Potes izena jarri zioten, eta gaur egun disko berri bat grabatzen dihardute.


"Gogotsu gabitza, uda honetan amaitu ditugu grabazioak eta disko berriak udazkenean ikusiko du argia" iragarri du Asierrek.

Arrasatear musikari honek bere burua definitzen du "batzuetan pixka bat desastrea baina gauzak ilusio eta intentzio onekin egiten dituena. Engantxatuta geratu naiz musikaren eta gitarraren mundura".


Horregatik "hiruzpalau egunetan ez badut gitarra jotzen edo abesten, urduri jartzen hasten naiz. Niretzat musika terapia da, indarra eta bizipoza ematen dizkit".


Bide honetan "kontzertuak emateak, lagunartean aritzeak, diskoak grabatzeak,... aurrera egiteko indarra ematen dizkidate".


Azpimarratzekoa da ere, Dirty Brothers-en sasoi berean, Bad Co. Project talde alemaniarrarekin hartu-emanak izaten hasi zela: "Bad Co. behin baino gehiagotan etorri da Euskal Herrira, eta horietako batean The Motherfuckers-ekin kointziditu zuen".


Arkadako Odei Beitiarentzat erreferente handia da, eta "eurekin jotzeak ilusio handia egiten zigun, Oxymoron-eko abeslariarekin eta Front Kick-eko gitarristarekin besteak beste. Eurekin harreman onak egin genituen".


Hurrengo batean ere Euskal Herrira etorri zen, eta Dirty Brothers-ekin aritu zen. "Aipatzekoa da David Peret managerrak (Bad Co. eta Cock Sparrer taldeetaz arduratzen dena) proposatu zigula Durangoko festibalean parte hartzea. Zuzeneko hartan Bad Co.-koak oholtzara igo ziren gurekin abestera".


Handik urte batzuetara, Bad Co.-ko gitarristak taldea utzi zuen, eta bera ordezkatzeko gitarrista ezberdinak probatu zituzten. Sucker abeslariak proposatu zuen "Sala beti dabil gogotsu, eta froga bat egiteko hegaldia eta egonaldia ordaindu ahal dizkiogu".


Kontuan hartu behar da Bad Co. Project nazioarteko talde bat dela, alemaniarrekin batera, eskoziar eta euskaldun bana taldekide direlako. "Gainera, esparru ezberdinetatik iritsitako musikariak dira: bateria Mad Sin-ekoa da (rockabilly - psicobilly), baxu-jolea Tower Blocks-ekoa (hard-core, punk-rock),...".


"Sucker oso gustura aritzen da Euskal Herrian, patxarana maite du, eta David managerrarekin hitz egin zuen. David-ek aukera oso ona zela erantzun zion, bideragarria, eta azaro batean proposamena bidali zidaten".


Garai hartan Jul-en heriotza iritsi zen, baina Jul-ek, hil aurretik, "aholkatu zidan Bad Co.-ri baietz erantzutea, eta Errusiako biran parte hartzea. Ez zara damutuko, esan zidan".


Salak zalantza batzuk zituen: "Nire ingelesa oso txarra zen, eta gainera Errusia oso urrun dago, bira neguan zen, gabonetan. Hala ere, Jul-en aholkuari jarraituz, baietz erantzun nuen, baina handik gutxira Jul hil zen, eta umorea eta animoak matxakatuta neuzkan".


Hala ere, "Bad Co.-ko taldekideek biran asko lagundu ninduten, azkenean biran gozatu nuen, eta sentsazioa nuen Jul-engatik egiten nuela. Eta taldean jarraitzen dut, bueltaka".

 

 

595.Asier.Sala.Strummer (id: 8624006)  


Ordutik birak eman dituzte Europan eta Amerikako Estatu Batuetan: "Esperientzia hauetan denetarik egon da. Estatu Batuetako lehen bira Ekialdeko kostan egin genuen", eta "kontzertuak nolabait hotzak izan ziren: Furgoneta batean ibili ginen, kontzertuak areto nahiko txikietan ematen".


Bigarren biran, aurten, Mendebaldeko kostaldean
, "areto handiagoak izan dira, ikus-entzule gehiagorekin, talde potenteekin, maila altuagoko antolakuntzarekin,...".


Crim talde kataluniarrarekin egin dute bira, eta kontzertu batean soilik ez dute elkarrekin jo: "Las Vegas-en izan zen, pool-party batean, eguerdi batean, luxuzko hotel baten behealdean, barbakoa eta-guzti, 5.000 ikus-entzuleren aurrean".


Rancid-eko Lars Frederiksen abeslari eta gitarristarekin kointziditu zuten, eta "berarekin egon ginen, baita Agnostic Front-ekoarekin ere. The Adicts-eko taldekideak honezkero lagunak ditugu".


Punk-rock Bowling deitzen da festibala, eta bertan "parte hartzen dute munduko punk-rock talde onenetarikoek. Taldekideekin minutu pare batean solasteko aukera izaten da. Batzuekin harreman onak egin genituen, eta beste batzuk nahiko liauta ibiltzen dira".

 
"Eguzkipean jo behar izan genuen, 40 gradutara... Zorabiatzen geunden eta kantu edo bi ez genituen jo. Gainera azala erretzen ari zitzaigun". Kontuan hartzekoa da aurreko gauean The Casualties eta Agnostic Front bezalako taldeekin jo zutela.


Dena den, kontzertu txiki bi ere eman dituzte, etxe okupatu antzeko batzuetan, eszenatoki barik eta publikoaren maila berean, "ikus-entzuleen kontaktua ondo-ondoan sentituz".


Azken bira honetan "kontraste handiak izan ditugu, Orange Countyn (Kalifornia) adibidez armak detektatzeko makina zegoen, baina gero VIP zona oso erosoa zen, erraldoia, kamerinoak larruzkoak eta fruta eskuragai,... Giro ona egon zen taldeen artean".


Ordea, "hurrengo egunean Las Vegasen zoramena nagusi izan zen. David Peret-ek esan zigun bezala 'bienvenidos a la ciudad de la estupidez', batzuk nor baino nor aritzen zirelako, ea nork tontakeria handiagoa egin".


Kuriositate bezala, "kontzertua hasteko (antzeztokietan bezala) teloia igotzen zuten, eta orduan musikariok jotzen hasten ginen. Kontzertuko azken abestiko azken notarekin batera teloia jaisten zuten. Kuriosoa".


"Kontzertua oso ondo joan zen, salmenta oso onak egin genituen, sinatzen aritu ginen, eta gau horrekin geratzen naiz".


Asier hemen bizi denez, eta Bad Co.-ko beste taldekideak Alemanian eta Eskozian, galdetu diogu ea nola entseatzen duen:

 

"Nik kantu bat hemen prestatzen dut, youtube eta diskoa hemen dauzkat, eta anplifikadoreko bolumena igota, gitarrarekin diskoaren gainetik jotzen dut".


Adibidez, "Estatu Batuetako bira honetan 12 kontzertu eman behar genituenez, erabaki nuen asteburu bat Alemaniara joatea, elkarrekin entseatzeko eta abestiak aukeratzeko".


"Badugu 15 kantuko zerrenda nahiko finko bat, baina disko berria egiten hasi dira eta litekeena da etorkizunean zerrendako abestiak aldatzea".


Zelan ikusten duzu Arrasateko rockaren panorama musikala? "Nik uste krisialdi txiki bat izan duela baina orain berriro gorantz egiten ari dela. Talde berririk ez zen ikusten, bazirudien gu ginela oholtza gaineko bakarrak. Baina talde asko dabiltza orain ere, horietako asko indartzen ari dira: WC edota Perlata".


"Klasiko batzuek ere gogor jarraitzen dute, Arkada adibidez, Des-Kontrol itzuli da kontzertu batzuk ematera, gu geu (The Potes), Screamer & Sinners,...".


"Ni prest nago bira bat ematearren dena alde batera uzteko (lana, oporrak,...) eta uste dut nik behar dudala hemengoa baino gehiago. Arrasateko musikariek orokorrean musika zaletasuntzat dute, eta berarengandik asko ematen dute, baina gehienek ez dituzte euren oporrak galduko kontzertuak emateagatik. Nik pentsatzen dut: "Uda badator, orain dator kontzertu ugari emateko sasoia".


Bide horretan, uztailaren erdialdean Asier Bad Co.-rekin bira emango du Alemania hegoaldean, eta abuztuaren hasieran Suitzan.


"Ni ezin dut astero hara hegaldi bat hartzen, bestela nire gurasoek akatuko ninduten" esan du brometan, "galdetzen didate ea zergatik ez dudan bertako lagunekin talde bat egiten herrian bertan edo inguruan behintzat jotzeko".


Alabaina, "Bad Co. Project gustuko dut, apurka-apurka nire ingelesa hobetzen nabil, eta nazioartean Euskal Herria eta Arrasate non dauden azaltzen. Hemendik ibiltzean ere gustura nabil The Potesekin". Ondo jarraitu Sala! Eskerrik asko!


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE