Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arrasate Musikal eta Goikobaluren egoitza izateaz gain

Aprendices berriak terraza eta auditorioa izango ditu kultur taldeentzat

"Obrak berehala" hasiko direla iragarri dute gaur Udalak, LKSek eta Lurgoien-ek. Azaldu dute adibidez bigarren solairua Goikobaluk eta Arrasate Musikalek partekatuko dutela. Obrak 2019ko amaieran bukatzea aurreikusten dute.

595.Aprendices.Obren.Aurkezpena (id: 30110)


Irudia: LKS Udalaren bitartez / Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2018ko martxoak 20, asteartea

 

Gaur goizean Udaleko, LKSko eta Lurgoien enpresetako ordezkariek Aprendices eraikineko zaharberritzearen inguruko xehetasun gehiago eman dituzte. Prentsaurrekoan parte hartu dute [ezkerretik hasita]:

  • Moises Altuna, Udaleko Obrak Saileko tekniko burua
  • Jesus Alonso, Lurgoien-eko gerentea
  • Iosu Unamuno, Lurgoien-eko talde-burua
  • Maria Ubarretxena alkatea
  • Diego Ruiz, obren zuzendaria (LKS)
  • Izaro Agirre, Udaleko Obrak Saileko teknikari
  • Diego Rodriguez, arkitekto (LKS)

Obrak "berehala" hasiko dira, eta ondorioz eraikinaren ondoko haur-parkeko "zati bat hilabete batzuetan itxi beharko da" abisatu dute Udaletik. Gainera, Aprendices ondoko kotxeendako 14 aparkaleku plazak kenduko dira probisionalki, oinezkoek behin-behineko bide bat izan dezaten.


Apirilaren 9an eraikinaren demolizioa hasiko dute, teilatutik hasita eta goitik beheranzko norabidean. Fatxadako lau pareta handiak baino ez dituzte zutik utziko.


Obren bigarren fasean "lau horma hauen egonkortasuna handituko da", eta "eraikinaren barruko oinarria berria jarriko dugu". Eraikinak denera 5 solairu izango ditu: sotoa, beheko solairua, lehena, bigarrena eta hirugarrena.


Sotoan makinaria gehiena jarriko da, eta beste lau solairuetako bakoitzak 700 metro koadroko zabalera izango du.


Beheko solairuan sarrera nagusia egongo da, hegoaldeko paretan, hau da, bidegorrira ematen duen paretan. "Paretaren erdian ate nagusia jarriko dugu".


Beheko solairuan ere 174 ikus-entzulerendako auditorio bat egingo da. 240 metro koadroko zabalera izango du. "Kultur-taldeek azaldu digute - adierazi du alkateak - ekitaldi batzuetarako Kulturate txikiegia dela, eta Amaia antzokia handiegia. Horregatik, auditorio berria bien tartekoa izango da".


Auditorioa ere "publikoa, Udalarena izango denez, edonork erabili ahalko du, ez soilik Arrasate Musikalek eta Goikobaluk". Aipatzekoa da Arrasate Musikalen lehengo sarrera nagusia (haur-parkerantz ematen duena) erabiliko dela kaletik eszenatokiaren atzealdera sartzeko.

 

590.Aprendices.Simulazio.Hegoaldetik.LKS (id: 9669214)


Beheko solairuan ere entsegu gelak egongo dira, eta bi nagusienak orkestrarako eta perkusiorako erabiliko dira.
 
Lehen solairuan instrumentuak jotzeko 15 gela egongo dira, musika-hezkuntzarako (lehengo solfeo) 5 gela, bakarka ikasteko 2 gela, kantu-gela 1 eta musika-tailerrerako gela 1.


Lehen solairua Arrasate Musikalentzat izango da bere osotasunean, baina bigarren solairua Goikobalurekin partekatuko du:


Abesbatzak entseguetarako lokal orokor bat izango du, 3 soketarako entsegu-lokala eta zuzendaritza-bilera gela bat. Bigarren solairuan Arrasate Musikalentzat ondoko gelak izango dira:

 

Big Band-arako gela bat, biolentxelo eta kontrabaxurako gela bat, tronboi, tuba eta bonbardinorako gela bat, eta Arrasate Musikaleko balet talderako (orain Zerrajerako erlojuaren eraikinean entseatzen du) gela bat.

Hirugarren solairuak bi zati izango ditu: Alde batetik, Arrasate Musikalen adiministraziorako gune bat egongo da, eta bestetik, kultur-ekitaldietarako terraza bat.


Administrazio-gunea kristalezko 'kaxa' bat izango da, eta terrazari dagokionean, gehienez 100 pertsonendako tokia izango du, 150 metro koadroko zabalerarekin.

 

Terraza ez da tapatuko, aire librean egongo da, eta ekitaldietarako eszenatoki txiki bat izango du.  "Terraza hau ere erabili ahalko dute ere herriko beste kultur elkarteek". Solairu guztietan igogailua, eskailerak eta komunak izango dira.


Udalak enpresekin adostu du obrak 20 hilabeteko epean amaitzea, hau da, obrak datorren urteko azarorako bukatuta egon beharko lukete.


Arkitektoek adierazi dute "eraikinak kanpotik bere nortasunari eutsiko diola. Adibidez oraingo leihoen hutsuneak bere horretan mantenduko dira. Eraikinaren kolorea zuria izango da, eta zementu itxurakoa".


Ahalik eta energia gutxien erabiltzeko, "eraikina SATE sistemarekin isolatuko da". "Horrelako sistemarik ez dago adibidez Iturripen edo Antoñan", alkateak azaldu duenez.
Leihoak bikoitzak izango dira, "argon gasa erabiliko dute", eta eraikinak geometria txiki bat izango du azpiko lurra baliatzeko.


Ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dute Aprendices eraikina botaz gero "ezingo litzatekeela eraikina bertan eraiki, erreka ondo-ondoan baitauka. Gainera, eraikin hau elementu orijinal bat da, herriaren identitateetako bat".


Alde horretan, oraingo fatxadako eskultura ere (San José haur batekin) "kontserbatuko dugu eta erabakiko dugu non jarri". Baita "fatxadako hainbat letra ere (Arrasate Zientzia Elkarteak kontserbatutakoak). Asmo da zaharberritzea eta ikusgai jartzea".


Eraikinaren izena 'Juan Arzamendi Musika-etxea' izango da. "Herritarren bozketan 'Juanito' jartzea erabaki zen, baina familiarekin hitz egin ondoren, eurekin adostu genuen 'Juan' jartzea", azaldu du alkateak.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE