Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Matthewsen gitarra izan zen Kooltur Osteguneko protagonista
Musikari eskandinaviarrak trebetasun handia erakutsi zuen gitarrarekin eta rock-blues erritmoekin animatu zuen gaua gaztetxean. Datorren astean, atsedenaldia hartuko du Kooltur Ostegunak eta bueltan, Mursego eibartarra izango da.

595.1 (id: 5869737)

 

Koldo Carrillo- 2012/11/30

 

Krissy Matthews gazteak gitarra erakustaldia egin zuen atzo Kooltur Ostegunean. Nahiz eta askok musikari gaztea ezagutu ez, musikazale dezente bertaratu zen gaztetxera eta Matthewsen trebetasuna egiaztatu ostean, ez ziren damutuko, ez. Bateria eta baxu jolearekin batera igo zen eszenatokira eta rock-blues doinuak eskaini zituen. Hirurek ere teknika aparta erakutsi zuten bakoitzak bere instrumentuarekin eta erritmo ezberdinekin gozarazi zituzten herritarrak.

Batzuetan, rock erritmo astunak izan ziren; bestetan, blues peto-petoak, sentimenduz bustitako gitarrarekin. Krissy Matthewsek Hit the Rock dauka kaleratutako azken lana eta bertako zenbait kantu jo zituen. Jeff Beck, Jimi Hendrix edota Steve Ray Vaughan gitarraren erregeak gogora ekarriko zizkion bati baino gehiagori Matthewsek eta baita iraganeko denboratako rock talde handiak ere.

595.2 (id: 5879355)

 

Adituek blues-rock talentutzat jotzen dute Krissy Matthews gaztea eta itzela izan zen honek gitarrarekin erakutsitako maisutasuna. Solo eta doinu ederrak jo zituen bere gitarrarekin eta zenbaitetan, gitarra soil batekin ustez egin ezin zitezkeenak egin zituen eskandinaviarrak. Hortaz, gitarra zale zein gitarra joleentzat gozatzeko moduko kontzertua izan zen, zenbait musikazale aho zabalik uztera arte. Kontzertuaren tarte batean, baxu jolea eta bateria jolea atsedena hartzera erretiratu zirenean, Matthews bakar-bakarrik geratu zen eszenatokian, baina gitarrarekin lagunduta, musika jaialdia ez zen behera etorri. Oso bestela, gitarra akustikoa hartu eta flamenkoarekin ere ausartzen dela erakutsi zuen trebezia handiz. Punteatze benetan azkar eta zehatzak egin zituen jendea animatuz.

Mursego kantu berriekin itzuliko da Kooltur Ostegunera

Datorren astean atsedenaldia hartuko du Kooltur Ostegunak eta hurrengo emanaldian, abenduaren 13an, Mursego eibartarra itzuliko da gaztetxera. Adierazi digutenez, doinu berriak ekarriko ditu gurera. Esperimentazioa eta giro ona ziurtatuta egongo dira Mursegorekin.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE