Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Kepa Ormaetxea Urriaren 1aren lekuko izan zen

"Une zailetan ere, kataluniarrek eta euskaldunok elkar lagundu behar dugu"

Arrasatear honek azaldu digu Bartzelonan "hiritarrak, bozka eman ostean, pozarren irteten zirela kalera". Salatu du preso politikoen aurkako sententziak "errepresioaren bidetik jarraitzen duela". Horregatik, dei egiten du zapatu honetako manifestazio nazionalean parte hartzera.

595.U1Bartzelonan.Pozik.KEPA-ORMAETXEA (id: 854198)


KATALUNIAKO BIDEOAK ETA ARGAZKIAK: KEPA ORMAETXEA / Hemengo argazkia eta testua: Gontzal Landa Herbias / 2019ko urriak 17, osteguna

 

 

 

- Zergatik erabaki zenuen 2017ko urriaren 1ean Katalunian izatea?

 

- Ilusio itzela eragiten zidan erreferenduma izateak, eta une historikoa bertatik bertara bizi nahi nuen.

 

Lagun batzueri proposatu nien Kataluniara joatea, eta hala 'Txiron', Felix Arriaran, Kristina Azurmendi eta laurok Bartzelonara joan ginen.

 

Eneko Barberena eta nire iloba den Itxaro Artola zinegotziak ere joan ziren, beste arrasatear batzuen artean. 

 

Irailaren 30ean (erreferedumaren bezperan) Bartzelonara iritsi ginen, eta Gràcia auzoan ostatu hartu genuen.  

 

- Zer-nolako giroa bizi zen kaleetan? 

 

- Ordurako kalean giro nahasia bizi zen: alde batetik, hiritarrek bozkatzeko izugarrizko ilusioa zuten, baina bestetik, beldurra zuten estatu espainiarrak bidalitako polizia, guardi zibil,... mordoengatik. 

 

Gracia auzoan bozkatzeko bi eskola zeuden, eta inguru horietan ibili ginen jendeari elkartasuna adieraziz, giroa biziz,... Gu bezala, nazioartetik etorritako lagun piloa zeuden Bartzelonan, nazio ezberdinetatik etorriak. Baita nazioarteko begirale ofizialak tartean ere.

 

Kaleetan zehar hiritar ugarirekin hitz egin genuen, eta nik orduan ere txapela neramanez, kataluniar asko laster batean ohartzen ziren Euskal Herrikoak ginela, eta harrera egiten ziguten.

 

595.U1Bartzelonan.Pozik2.KEPA-ORMAETXEA (id: 1270122)

 

- Nazioarteko ekitaldi ofizial batean izan zineten? 

 

- Bai, egun horretan (erreferendumaren bezperan) arratsalde partean estatu gabeko nazioei harrera ofiziala egin zitzaien. Antzoki batean egin zen, eta guk bertara sartzeko aukera izan genuen. Nazio bakoitzak bere ekarpenak egin zituen.

 

Ondoren, tabernetan ibili ginen jende ugarirekin hitz egiten, besteak beste, EH Bilduko Maddalen Iriarterekin. Giro oso ona zegoen, eta kataluniarrek harrera oso ona egin ziguten.

 

- Nola esnatu zen Urriaren 1a? 

 

- Goizeko 8:00 eta 9:00 artean izugarrizko zaparrada bota zuen, baina ordurako hiritar uholde bat ilara luze-luzeak eginak zituen eskoletan bozkatzeko irrikitan.

  

Hiritarrek pertsona nagusiei ilararen aurrealdean jartzea utzi zieten. Tartean ere, une historikoa bizitzeko asmoz, aita-ama ugarik euren haurtxoak zeramatzaten. Bozkatzeko eskolak ireki ziren, eta hiritar ugarik bozka eman ostean, eskoletatik pozarren, euforiko irteten ziren.

 

Nik hori ikustean galdera bat burura etorri zitzaidan: "Noiz egin ahalko dugu gauza bera nire Herrian, Euskal Herrian?". Bozketetako irudiak kamerarekin hartzeko, eskola sartzen saiatu nintzen. Ez neukan horretarako akreditaziorik, baina nire egoera azaldu nienean, bozkalekura sartzen utzi zidaten.

 

595.Kepa.Ormaetxea (id: 1308746) 

- Nolakoa zen bozkalekuetako giroa? 

 

- Eskola barruan, bozkalekuetan irudiak grabatu eta argazkiak egin nituen, eta ikustekoak ziren adineko pertsona nagusien aurpegiak bozka ematean. Horiek ziren ilusioa eta poza!

 

Estatu espainiarrak eta gobernu espainiarrak lehen esaten zuten 'sin violencia todo es posible', baina Katalunian Urriaren 1ean argi eta garbi ikusi zen, biolentzia barik ere, gobernuaren ezezkoa. Biolentzia erabili zutenak poliziak izan ziren, Herriaren kontra gainera.    

 

Ordurako poliziak beste eskola batzuetan sartzen hasiak ziren, gure eskolan horren berri izan genuen, eta horren aurrean "prest egotera" dei egin zen gure eskolan. Jakina da poliziek pertsona ugari zauritu zituztela. 

 

Arratsaldean Gràciako beste eskolara joan ginen, eta hiritarrak bertan ere, bozka eman ostean, pozarren irteten ziren. 

 

- Zer da gehien harritu zintuena?

 

- Gehien harritu ninduen gauzetako bat izan zen hango alderdi abertzale gehienak bat-eginik zeudela, aurrera egin zezaten Herriak eragiten zielako. Euskal Herrian ez da gauza bera gertatzen. 

 

Hemengo jendarteak badu erreferenduma egiteko gogoa, baina ez gara kapaz Herri bezala alderdiei hori egitera behartzeko. Alderdi bakoitza bere kaxara doa, eta hori penagarria da.   

 

595.U1Bartzelonan.Laukote.KEPA-ORMAETXEA (id: 2429650) 

595.U1BartzelonanEH.KEPA-ORMAETXEA (id: 1341915) 

- Zer egon zen jokoan Kataluniako erreferendumean?

 

- Gure etorkizuna, ez soilik Kataluniakoa, baita estatuko beste herriena ere. Ni bezalako pertsonak adinekoak gara, eta bizitza honetatik bagoaz apurka, baina bitartean zer-nolako etorkizuna dute gure gazteek?

 

Estatu espainiarrarekin ezer gutxi egin daiteke, politikari espainiarrek demokrazia bat dagoela esaten duten arren, ez da hala. Justizia eta politika ez daude bereizita, dena nahastu dute, eta hori agerian geratu da kataluniar preso politikoen, Altsasuko gazteen eta oro har euskal preso politikoen auzietan.

 

Politikari espainiarrek egindako legeak eurek ez dituzte betetzen, eta horren ondorioz, esate baterako, praktikan euskal preso politiko batzuk bizitza osorako kondenatu dituzte. Ondorioz, senide eta lagunek milaka eta milaka kilometro egin behar izaten dituzte astero-astero. 

 

- Ordutik 'procés'a jarraitu duzu?

  

- Bai, Kataluniako ordezkarien aurkako epaiketa zuzenean jarraitu nuen telebista bidez hainbatetan. Epaituek izugarrizko duintasuna agertu zuten, egin zutena defendatu zuten, ez ziren ezkutatu.

 

Esate baterako Jordi Cuixart-en hitzek hunkitu ninduten, negarra eragin zidaten, duintasun itzela azaldu baitzuen. "Yo lo volvería a hacer" berretsi zuen, "lo hice porque era mi obligación" azalduz. 

 

Sententzia ezagutzean, frustrazioa sentitu nuen, ikusi bainuen estatu espainolak bide errepresibotik jarraitzen zuela. Ez zion bidea negoziazioei, elkarrizketei,... ireki. Berdin dio Rajoy presidentea izatea edo Sanchez izatea, emaitza berbera da. 

 

595.U1Bartzelonan.Elkar.KEPA-ORMAETXEA (id: 1455035) 

Gobernu aldaketa izan zenean, baziren aldaketarako esperantza batzuk, baina ikusi dugu estatu gaietan korda beretik jarraitzen dutela. Errepresioa baino ez dute gauzatzen. Gogorra da ikustea, herritarren bozkatzeko eskubidea posible egiteagatik, 13 urte arteko kartzela zigorrak ezartzen direla.

 

Nazioartea ikusten ari da estatu espainolean ez dagoela demokraziarik. Horri esker, nazioarteak presioa egin dezake, baina oso zaila ikusten dut aldaketa handi bat izatea. Hala ere, nik uste kataluniarrek bide horretan jarraitu behar dutela, bai ala bai.

 

- Nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera? 

 

- Niri tristura eragiten dit Euskal Herrian gu kapaz ez izatea Katalunian egindakoa hemen egiteko. Gure Esku bezalako ekimenak oso ondo daude, baina uste dut ez direla nahikoak.

   

Suposatzen dut hemen, Katalunian gertaturikoa ikusirik, beldur puntu bat dagoela, eskarmentua duela. Politika mailan ez ezik, gizartean ere etorkizuna beltz ikusten da:

 

Gero eta probezia handiagoa dago, aberats batzuk gero eta aberatsagoak dira, gazteek lan bila kanpora joan behar dute edo hemen lan prekarioak dituzte, borroken ondorioz lortutako eskubideak pikutara joaten ari dira,...

 

- Kataluniaren alde, Gure Eskuk antolatuta, manifestazio nazionala izango da zapatuan Donostian.

 

- Ea Arrasatetik autobusetan herritar asko joaten den, izen-emateak zabalik jarraitzen du. Aurrera egin behar dugu, Euskal Herria askatu arte, eta une zailetan ere kataluniarrek eta euskaldunok elkar lagundu behar dugu.

 

595.Urriaren1a.Katalunian.KEPA-ORMAETXEA (id: 3506877) 




EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE