Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
Solozar baserria, mendeen iragaitearen testigu
San Andres auzoan kokatuta dagoen Solozar baserria herriko zaharrenetakoa da eta gaur egun erakusten duen itxura traketsa bada ere, ezaugarri arkitektoniko aberatsak dauzka bere ate eta leihoetan.

595.1 (id: 3509119)

 

Testua: Koldo Carrillo/Argazkiak: K.C. eta GureGipuzkoa.net|Solozar (Mantentze-lan:4) © CC-BY-SA- 2012/08/17

 

Denboraren iragaiteak, urteen eta mendeen joan etorriak, kolpatu du Solozar baserria egun ezagutzen dugun egoeran geratu arte. Harrizko etxeak itxura fantasmagorikoa erakusten du Bedoña auzoko errepidearen bazterrean, urteen isiltasunean abandonatuta. Bestalde, bere garaian, herri guztian zabaldu zen baserriko bizilagunak egun batzuez izututa izan zituen sorgina baten istorioa. Baserri bitxia, berezia eta Arrasateko zaharrenetako bat da Solozar. Egun erakusten duen itxuraren ostean, baina, edertasun eta berezitasun arkitektonikoak ere mantentzen ditu Solozar baserriak, beste bizitza hobe baten seinale.

Gaur egun, metalezko estruktura handiek eta bere ezaugarri arkitektonikoak ezkutatzen dituen landarediak inguratzen dute baserria. Harrizko hormek tinko eusten diote zutik, baina teilatuaren zati batzuk behea joak eta arriskutsuak dira baserrira inguratzera edo sartzera ausartzen den edonorentzat.

595.4 (id: 4818873)

 

500 urtez, esan daiteke, zutik iraun du Solozar baserriak, baina XX. mendeko bigarren erdialdean Arrasatek jasandako eraldaketak guztiz alboratu du baserria eta egun, errepide, fabrika eta harrobiaz inguratuta, baztertuta geratu da, denboraren iragaiteak eragindako kalteekin mutu. Larrinoko Ignacio Izurrategi eta Bolinburuko Gregoria Heriz izan zituen Solozar baserriak azken bizilagun, baina Fagor Arrasatek hartu zituen nekazaritza-lurra itzelak, ordurainoko jarduera etenez. Baserriaren bestaldean, ostera, San Josepeko harrobia zulatzeari ekin zioten. Azkenean, etxearen jabea zen Arriola familiak, saihesbideko enpresa eraikitzaileari saldu zion baserria.
300.1 (id: 3470201)

 

Ezaugarri gotiko eta erromanikoak sarrera eta leihoetan

Solozar baserria gotiko berantiarreko etxe bat dugu eta estiloarengatik, 1500. urtearen bueltan kokatu daiteke bere eraikitzea. Hasierako baserriak ez zeukan gaurko itxura, aurrerago jantziko baitzuten etxea harrizko hormekin. Baina baserri honen berezitasun handiena, sarrera eta leihoak dira. Izan ere, baserriaren sarrera puntu erdiko arku erromaniko batek osatzen du (beheko eskuineko irudian), XVI. mendeko ezaugarria, eta oraindik ere landarediak ezkutatzen dituen gotiko estiloko hainbat leiho ditu (ezkerreko irudian), arku bizkaitarrarekin, giltzarririk gabekoak. Gure herrian badaude sasoi honetako baserriak; Asube, Iramendi edo Salturri, eta Salturri eta Askasibar baserriek, adibidez, leihoen goiko lobelak mantentzen dituzte oraindik. Dena dela ere, Solozar da bere jatorrizko ezaugarri arkitektonikoak hoberen mantentzen dituena. Urteen joan etorrian, aldaketa eta hobekuntzak jasan zituen Solozar baserriak eta hala, XIX. eta XX. mendeetako mansardak ere baditu.
300.2 (id: 3484462)

 

Historian pixka bat arakatuz gero, 1477. urtean azaltzen da Solozar izenaren lehenengo aipamena, Juan de Soraçar-en eskutik. Dokumentu honetan, Juan de Soraçarrek Meatzerreka auzoan egindako salmenta baten berri ematen da eta horrek, gizon honen gizarte-mailaren berri ematen digu, nolabait. 1551an, ostera, Pedro de Sorozar delako baten berri ematen zaigu Gipuzkoako biztanleriaren errolda batean, baina oraindik ez da baserririk aipatzen izen horrekin. 1625ean, hain zuzen ere, Solozar izena aurkitzen da, Solozar baserria moduan.

Hainbat egunez izututa izan zituen sorginak baserriko bizilagunak

Bada Solozar baserriari jite misteriotsua ematen dion istorioa eta oraindik, inguruko bizilagun helduek memorian gordetzen dutena. Izan ere, 1934. urtean, herri guztian zabaldu zen Solozarreko sorgina edota bertako iratxoen agerpena. Egun batzuk iraun zuen kontua izan zen, baina orduan baserrian bizi ziren Arriola-Arabaolazatarrak izututa izan zituen pertsonaia honek. Istorioa, metodo arrazionalaren bitartez argitu zen, baina merezi du gogora ekartzeak.

Arrasateko amandre biren ahotik entzun dugu kontaketa. Hauetako bat, Solozar baserrian eman zituen bere haurtzaroko lau urte eta gertaera zehaztasunez gogoratzen ez badu ere, egun haietan, “baserrira etortzen zen jende guztia”, memorian dauka. Hauek, Solozarreko sorginaren agerpenaren gainean entzun eta baserrira gerturatutako herritar kuriosoak eta baserriko bizilagunen senideak ziren, beren zentzumenez sorginaren existentziaz jakin nahi zutenak, hain zuzen ere.

595.2 (id: 3521642)

1915. urteko argazkia, Arriola-Arabaolaza familia. Pedro Jose Arriola eta Felipa Arabaolaza (argazkiaren erdian) beren zortzi seme-alabekin. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: Vicenta, Antonio, Manuela, Pepita, Demetri, Eugenio, Perico eta Maritxu.

 

Garai hartan, 1934. urtean, Arriola aitajauna, honen alaba eta bere senarra, hauen bi seme-alabak eta neskamea bizi ziren baserrian. Azken hau, aramaioarra, “gaixorik zegoen”, esan digute, eta sarrerako atearen ondoan zeukan logela. Gainontzekoek, goiko solairuan egiten zuten lo. Egun hauetan, “atean zaratak entzuten ziren”, azaldu digu arrasatear honek, “norbaitek atean hatz-koskorrekin joko balu moduan”, gogoratzen du. Baserriko bizilagunak izututa zeuden eta atarira hurbiltzen ziren bakoitzean, ez zuten inor ikusten. Halako egun batean, misterioa argitu nahian, “etxeko aitajaunak sarrerako ateari kare esku bat eman zion”, norbaitek atea joko balu, eskuan marka bat egiteko, baina honek ez zuen emaitzarik eman.

Hortik egun batzuetara, baserrira hurbildutakoen artean, Rufino Pinche zegoen eta honek argitu zuen behin betiko Solozarreko sorginaren eta ateko zaraten jatorria. Izan ere, ez zen Solozarren sorginik, ezta iratxorik ere. Herritar eta bizilagun guztien buruan sortutako iskanbila bizidun batengan zeukan jatorria, neskamean, hain zuzen ere. Kontatzen dutenez, Rufino Pinche Solozarren zela, neskamearen logelako atera hurbildu eta orduan konturatu zen zaratak ez zetozela atetik, neskamearen logelatik baizik. Orduan, honen logelako atea ireki eta ohean aurkitu zuten neska, ondoan zeukan armairuko atea jotzen. Kontatzen da, misterioa argitu bezain laster, “gaueko 03:00ak inguruan ziren”, azaldu digute, baserriko aitajaunak neskamea hartu eta astoan Aramaiora bidali zuela.


 

Erreportaje hau osatzeko, ezinbestekoak izan dira Ana Isabel Ugalde artearen historian adituaren eta sorginaren istorioa kontatu diguten bi arrasatearren laguntza.

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE