Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Garagartzako planta ''erdi desmuntaturik'' dago

23 milioi € inguru zor dizkie erakunde publiko, langile eta hornitzaileei CNAk

Epaile konkurtsalak, Pedro José Malagón, onartu du Edesa Industrialek aurkeztutako planteamendua. Ondorioz, baliteke CNAko enpresak Aldundiari eta Jaurlaritzari zor dienaren zati bat ez ordaintzea. Sareteknika ere hartzekodunen artean dago.

590.Garagartza.Planta4 (id: 5821742)


Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkia: MB Artxiboa / 2019ko urtarrilak 9, asteazkena


Donostiako Merkataritza Alorreko 1. Epaitegiak onartu berri du Edesa Industrialeko zuzendaritzak aurkeztutako hartzekodunen hitzarmena.


Pedro José Malagón epailearen sententziak urtarrilaren 2ko data dauka, eta besteak beste, langile ohien ordezkaritzari jakinarazi dio.

 

Hitzarmeneko pasiboa 104 milioi eurokoa da, hau da, CNAren enpresak dirutza hori zor ditu. Pasibo horretako %70aren hartzekodun titularrek onartu egin zuten Edesa Industrialen proposamena, epaileak berriki ontzat emandakoa.

 

Bien bitartean, langile guztiek euren lanpostua galdua dute, eta "argi dago ez digutela lana itzuliko" azaldu digu Rikardo Perezek, Enpresa Batzordeko lehendakariak.


Enpresak langileei guztira milioi bat € zor dizkie, eta "suposatzen da aurrerago ordainduko digula, enpresak aurrera jarraitzen badu. Hartzekodunen lehiaketa bukatzean, teorian enpresak zorra ordaindu behar digu".


"Nik uste ordainduko digutela, baina auskalo noiz, ez dut uste epe motzean egingo dutenik. Gai honek urte erdi bat gehiago luzatu daiteke".


"Zorren ordainketen ordenari dagokionez, gu teorian pribilejiatuak gara, guri teorian zor guztia ordainduko digutelako, baina noiz ordainduko diguten ez dakigu".


Lehenbizi Edesa Industrialek (CNA Taldeko parte) hartzekodunen lehiaketako zorrak kitatu beharko ditu. Ondoren, langileei ordaintzeko txanda izango da, eta gero, beste aldeei, tartean erakunde publikoei.


Hartzekodunen artean badira ere Fagor Electrodomesticosen hartzekodunak ere bazirenak, besteak beste, Arrasateko Udala, Aldundia eta Jaurlaritza. Beraz, zigor bikoitza jaso dute. Guztira 3'9 milioi € zor dizkie, horietako 1'8 milioi Aldundiari.


"Langileen ordezkaritzari ez digute azaldu enpresak eta erakunde publikoek akordiorik lortu duten edo ez", adierazi du Komiteko lehendakariak.

 

"Teorian, enpresak Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin dituen zorren zati bat langileona bezalakoa da, hau da, enpresa zor zati horiek ordaintzera behartuta dago".


Edesa Industrialek ere zorrak ditu hainbat enpresa hornitzailerekin, 18'6 milioi € guztira, tartean Arrasateko Sareteknika kooperatibarekin, Iberdrolarekin eta Endesarekin.


Edesa Industrialek bankuekin, ordea, %90eko kitak adostu zituen, eta beraz enpresak bankuei %10a baino ez die ordaindu beharko. Gainera, hori egiteko 10 urteko epea izango du, interesak ordaindu barik, eta aurten zorra kitatzen hasi gabe.


Hartzekodunen artean daude Banco Sabadell, Bankia, Targobank, Caixabank eta Santander, baita Nafarroako Caja Rural ere.

Epailearen sententziak itxi egin du prozesu konkurtsala, baina akordio batzuk adostea falta da oraindik. Gainera, helegitea aurkezteko 20 eguneko epea dago.

 

Alde horretatik, "ez dakigu alderen batek sententziari helegitea aurkeztuko dion edo ez", azaldu digu Enpresa Batzordeko lehendakariak.

 
Bien bitartean, Garagartzako planta "honezkero erdi desmuntaturik dago. Prentsa batzuk saldu ditu enpresak, eta makina horiek ia desmuntatuta daude. Enpresak Geyserreko makinak salduak ditu".

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE