Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
ART-ko bazkideek argi berdea eman diote Zuzendaritza Batzordearen kudeaketari
Mojategiko bilera gelara bertaratutakoek onartu egin dituzte Ane Agirreren lantaldeak aurkeztutako kontuak, 83.000 euroko aurrekontuarekin. Aurtengo ekitaldirako gastuak handiagoak izango direla iragarri dute eta, kirol esparruan, pozik agertu dira lehen taldeak erakutsitako mailarekin.
Isei Barbero / 2018ko azaroak 7, asteazkena

 
Arrasate Errugbi Taldeko bazkideek onartu egin dituzte asteazken honetako Ohiko Batzar Orokorrean landutako puntu guztiak.  Mojategiko bilera gelara bertaratutakoek argi berdea eman diote Ane Agirre buru duen Zuzendaritza Batzordearen kudeaketari eta, oro har lasaitasuna ardatz izan duen batzarrean, klub zuri-moreko agintariak pozik agertu dira klubak azken ikasturtean egindako kirol ibilbidearekin, lehen taldea zein harrobiari dagokionez.

Ohi bezala, bertaratutakoen zenbaketarekin ekin diote batzarrari eta, ondoren, aurreko bilerako akta irakurri dute.  Bazkideek aipatutako dokumentua onartu egin dute eta, horren ostean, Ohiko Batzar Orokorreko punturik mamitsuenari eman diote paso:  2017-2018ko balantze ekonomikoa eta kirol esparruaren gaineko balorazioa.  Agirre presidenteak adierazi duenez, “ekonomikoki denboraldia juxtu xamar amaitu dugu, eta datorren urterako ere gastuak zertxobait igotzea aurreikusten dugu, gero eta jokalari gehiago baitauzkagu klubean”.  
 
392 (id: 8790209)
Zuzendaritzako kideak bazkideekin batera. 

2018-2019 denboraldirako 83.000 euro pasatxoko aurrekontua onartu dute ART-ko bazkideek.  Ohi bezala, kirol jardueraren esparruan espero ditu gasturik handienak Arrasate Errugbi Taldeak aurtengo ekitaldirako:  Entrenatzaile eta monitoreen ordainketak (17.000), kanpoko partiduetarako desplazamenduak (14.000), Federazioari fitxen tramitazioagatik egindako ordainketak (12.000) eta, baita ere, jokalarientzako arropa (4.000).

Diru-sarrerei dagokionez, aurten ere Garagardo Azoka klubaren diru-iturri nagusienetakoa izatea aurreikusten dute.  Zazpinako txapelketarekin batera, klubaren historian tradizioan bilakatu den ekimen honen bitartez orotara 13.000 euroko mozkinak ateratzea espero du Agirreren lantaldeak.  Bigarren diru-iturri nagusia jokalarien kuotetatik etorriko da (15.000 euro) eta, erakunde publikoen diru-laguntzen bitartez, 10.000 euro pasatxo jasoko ditu Arrasate Errugbi Taldeak.  Azkenik, bazkide, babesle eta bazkide laguntzaileen bidez 20.000 euro baino zertxobait gehiago jasoko du klubak.

Kirol esparruarekin ere “oso pozik agertu dira ART-ko agintariak, batez ere lehen taldeak egindako ibilbidearekin.  “Iazko erronka nota altuarekin gainditu genuen, promozioa jokatu barik mailari eusteko gai izan baikinen”, azpimarratu du Agirrek.  Gaineratu duenez, “senior taldea kalitate handiko errugbia egiten ari da baina, zoritxarrez, batzuetan hori ez da nahikoa Euskal Ligako 1. Mailako moduko kategoria gogor batean partiduak irabazteko”. 
 
Beste behin jokalari nahikorik ez edukitzea oztoporik handiena dela onartu dute Zuzendaritza Batzordekoek baina, era berean, pozik agertu dira harrobiaren esparruan egindako lanarekin.  “Azken urteetan ez bezala, aurten ia kategoria guztietan ekipo propioak dauzkagu, federatutako infantilena salbuespen bakarra izan dela; Bide honetatik jarraituz gero baikorrak gara oso etorkizunari begira, harrobia baita lehen taldearen iturria”.  Zentzu honetan, errugbia herritarren artean ezagutarazi eta jende berria klubera erakartzea “etorkizunerako erronka nagusiakdirela azpimarratu dute.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE