Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
“Tabako Kerik Gabe” kanpaina aurkeztu dute

“Tabakoa da gehien prebenitu daitekeen heriotza-kausa”

Osasun Publikoa, Osakidetza eta eskualdeko udalak elkarlanean hasi dira, tabakismoaren aurka. Arrasaten egin daiteke, bakarka edo taldeka, tabakismoaren aurkako tratamendua. Tabakoak erretzailearen “bizitza-itxaropenari 15 urte kentzen dizkio”. Erretzaile pasiboak ere kaltetzen ditu.

590.Tabako.Kerik.Gabe.Aurk1 (id: 3526090)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2014ko maiatzak 20, asteartea

 

“Debagoieneko tabako-kerik gabe” programa aurkeztu dute gaur goizean Kulturateko areto nagusian. Aurkezpen-lanak egin dituzte:

  • Miren Dorronsoro (Jaurlaritzako Osasun Publiko eta Mendetasunen zuzendaria)
  • Inazio Azkarragaurizar alkatea
  • Juan Manuel Sanzo (Debagoieneko ESIko Medikuntza Arloko Laguntza Koordinazioko zuzendaria)

Programaren helburuak dira tabakismoa prebenitzeko eta horrekiko mendetasuna gainditzeko.

 

Datorren astean Kerik Gabeko Astea egingo da nazioartean, Osasunerako Mundu Erakundeak antolatuta.

 

Aste horren barruan, 31n Tabakorik Gabeko Munduko Eguna egingo da, egun horretan Arrasaten eta eskualdean zenbait jarduera izango direlarik.

 

Arrasaten, maiatzaren 29an, karpa bat jarriko da Seber Altuben, zabalik izango delarik 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

 

Tabakoaren adikzioagatik eta tabakoa erretzea “normaltzat” hartzen delako, tabakismoari aurre egiteko, beharrezkoa da borroka osasun esparruan ez geratzea:

 

Gizarte-eragileek eta udalek ere parte hartu behar dute borroka honetan. Horregatik eskualdean lankidetzan hasi dira udalak, Osakidetzako Debagoieneko ESIa eta Osasun Publikoaren Zuzendaritzaordea. Ekimen honen ordezkariek prentsaurrekoan parte hartu dute.

 

Beste eragile batzuk ere erakarri nahi dituzte, tabakismoaren aurkako ekimen honetara: farmazien elkargoak, dentisten elkargoak, ikastetxeak, tokiko elkarteak,…

 

Alkateak azpimarratu ditu tabakismoa gainditzeak gizarteari eta pertsonari ekartzen dizkion onurak.

 

Halaber, nabarmendu du elkarlan hau “esparru parte-hartzaile berri bat” izan daitekeela.

 

590.Tabako.Kerik.Gabe.Aurk2 (id: 3553827)

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publiko eta Mendetasunen zuzendariak, Miren Dorronsorok, jakitera eman du Gipuzkoan gizonen %27k erretzen duela (normalean edota noizean behin). Baita emakumeen %21ak ere.

 

15 eta 24 urte arteko gazteen artean erretzaileen portzentajea baxuagoa da. Baita ekonomikoki aberatsagoak direnen artean ere.

 

Juan Manuel Sanzok (Debagoieneko ESIko Medikuntza Arloko Laguntza Koordinazioko zuzendaria) azpimarratu du “tabakoa dela gehien prebenitu daitekeen heriotza-kausa”. Eta kontuan hartu behar da tabakoak erretzailearen “bizitza-itxaropenari 15 urte kentzen” dizkiola.

 

Erretzaile pasiboa, batez ere haurra bada, tabakismoaren kalteak jasaten ditu. Horregatik “funtsezkoa da ez-erretzaileak babestea”.

 

Debagoieneko ESIak erretzaileei eskaintzen die, tabakismoa gainditzeko, terapia bat, taldeka edota bakarka egin daitekeena. Terapiak fruituak eman ditzan, erretzaileak “benetan argi izan behar du arazoa gainditu nahi duela”.

 

Kalkuluen arabera, eskualde honetan “15.000 pertsonek erretzen dute” borondatez, eta 7.500 aholkatu zaie tabakoa uztea.

 

Gazteak 14-16 urterekin hasten dira erretzen. Hori ekiditeko “Kerik Gabeko Gelak” ireki dira. Bertan parte hartu dute Arrasateko eta eskualdeko beste udalerri batzuetako 400 ikaslek.

 

Honen helburua da “gazteek erabaki osasungarriak eta seguruak har ditzatela”. Gela hauei esker, gazteak konturatuko diren bezala, “erretzeak ez du abantailarik, bai ordea eragozpen ugari”.

 

Juan Manuel Sanzok orokorrean nabarmendu nahi izan du erizainek betetzen duten funtsezko papera, eta osasun zerbitzuetako zita hartzeko zerbitzuari dagokionez, herritarrek telefonoz deitzerakoan ez diela robot batek erantzungo, orain arte gertatu den bezala, baizik eta arreta zerbitzuko pertsona batek.

 

Programa honek mezu eta logotipo bana ditu. Horretarako lehiaketa bat antolatu da, eta gure eskualdean Arrasate Institutuko DBHko 1. B gelak irabazi du lehiaketa tabakismoaren kontra.

 

Bestalde, hauxe duzu Arrasateko osasun zentroko telefono zenbakia: 943 03 52 50.

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE