Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
EAJ-PNV: ''IPCaren araberako egokitzapenak dira''

Alkatearen eta beste liberatuen soldatak igotzea erabaki du Plenoak

EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek igoeren aurka azaldu dira. Udal-gobernuak azaldu du igoerak EUDELen araudiari jarraituz egin direla.

595.Plenoa.Soldaten.Igoeren.Alde (id: 3736064)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko uztailak 10, asteazkena

 

Atzoko udalbatzarrean alkatearen eta liberatutako zinegotzien 2019-2023rako ordainsariak erabaki ziren.

 

Udal-gobernuko bi taldeek, EAJ-PNVek eta PSEk, dedikazio osoko karguei, hau da, alkateari eta bi zinegotziri, ondorengo soldatak aplikatzea planteatu zuten:

  • Alkatea Maria Ubarretxenari 67.466'86 euroko soldata gordina urteko.
  • Bigarren alkateordea eta Tokiko Gobernu Batzordeko kide Oscar Garciari 39.881'98 euroko soldata gordina urteko.
  • Hirugarren alkateordea eta Tokiko Gobernu Batzordeko kide Ander Garayri 39.881'98 euroko soldata gordina urteko.

Zatikako dedikazioa izango duten liberatuentzat:

  • Lehen alkateordea eta Tokiko Gobernu Batzarreko kide Ibon Arruperi 21.935'09 euroko soldata gordina urteko, %55eko dedikazioarekin.
  • Laugarren alkateordea eta Tokiko Gobernu Batzarreko kide Maitane Muñozi 19.940'99 euroko soldata gordina urteko, %50eko dedikazioarekin.


Udal-talde politiko bakoitzak 750 € kobratuko ditu hileko. Era berean, talde bakoitzak 200 € jasoko ditu hileko, taldekoa den zinegotzi bakoitzeko.


Dedikaziorik aitortu ez zaien zinegotziei ondoko dietak jasotzea planteatu zen atzoko udalbatzarrean:

  • Udaleko Batzorde informatzailera edo Bozeramaileen Batzordera bertaratzeagatik: 90 € bilera bakoitzeko.
  • Udalbatzarrera edo Tokiko Gobernu Batzordera bertaratzeagatik: 180 € bilera bakoitzeko.

Elkarrekin Arrasateko Igor Urizar zinegotziak jakitera eman zuen alkatearen soldata, aurreko legealdiarekin konparatuta, 2.500 € igo dela. Halaber, liberatuen ordainsariak, aurreko legealdiarekin alderatuz, %18 igo dira, eta horiek "igoera oso handiak dira".


Salatu duenez "igoera horiek guztiak ez dira zilegi herritarren artean prekarietate tasa handitzen ari den bitartean". Orokorrean, "legealdi honetan 35.000 € gehiago ordaindu beharko dituzte arrasatearrek Udal-gobernuko soldatetan".

 

595.Plenoa.Soldaten.Igoeren.Aurka (id: 3798346)

 

EH Bilduk gehitu duenez "oposizio duin bat egiteko kontsentsua apurtu duzuela, asignazioak murriztuz eta dietak nabarmen mugatuz".

 

Kepa Urteaga zinegotziak adierazi zuenez "oposizioa ekonomikoki ito egin nahi duzue, aberastasunaren banaketari buruz daukazuen kontzeptua agerian utziz".

 

EAJ-PNVek ezagutzera eman du ordainsarien "egokitzapena IPCaren [Kontsumorako Prezioen Indizearen] araberakoa izan dela" eta EUDELen [Euskadiko Udalen Elkarteak] araudiari jarraituta egin direla.


Anuska Ezkurra zinegotziak azpimarratu zuen Arrasatek, 20.000 biztanle baino gehiago dituen arren, bertako Udalak aplikatutako "egokitzapenak Bergarakoaren parekoak direla", baita 5.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerrietakoak baino txikiagoak.

 

Udal-gobernuak adierazi duenez igoera hauek kargu horiek dituzten "karga eta ardurarekiko koherenteak dira". Anuska Ezkurra zinegotziak Igor Urizar zinegotziari gogoratu nahi izan zion bera izan dela "Batzorde Informatzaile bateko lehendakari kargua izan barik, liberazio altuena kobratu" duena.

 

EH Bilduk proposatu zuen, oposizioko talde nagusiena izanik, bere ordezkariaren liberazioa, baina Udalak ezetz erantzun zion Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 33. artikulua argudiatuta. Koalizioak erantzuna ontzat eman zuen.

 

Udalbatzarreko taldeen interbentzioen ostean, ondokoak izan ziren bozketako emaitzak:

  • Aldeko botoak: 11 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Aurkako botoak: 8 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)
 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE