Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Bidea oinezkoentzat ere izaten jarraituko du

Kataiden bidegorria egingo da 2020ko "lehen seihilekoan"

Aldundiak eta Udalak azaldu berri dute proiektua martxan dagoela, eta litekeena da obrek "sei aste" irautea. Bide berria 40 zentimetro zabalagoa izango da, eta industrialdearen atzetik igaroko da.

595.Bidegorri.Proiektua.Kataiden.Aurkezpena (id: 5618181)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko irailak 23, astelehena

 

Kataide industrialdearen atzealdeko egungo bideak 30 urte inguru ditu, eta gaur egun ez dago egoera onean:

 

Sakonguneak ditu, nahiko estua da eta askotan oinezkoen eta txirrindularien arteko harremana ez da egokia.

 

"Kexa ugari jaso ditugu bere egoeragatik", Maria Ubarretxena alkateak gaur goizeko prentsaurrekoan onartu duenez.

 

Agerraldian ere parte hartu du Rafaela Romerok, Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak. 

 

Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean bilera egin zuten, eta Udalak hala eskatuta, Aldundiak onartu zuen bidegorri zati hau egitea.

 

"Proiektuaren idazketa teknikoa egina du Aldundiak, eta orain lizitaziora aterako du. Proiektu honentzako diru-partida sartu dute datorren urteko Aurrekontuetan".

 

Obrak "datorren urteko lehen seihilekoan" hasiko dituzte, Aldundiak iragarri duenez, eta baliteke obrek "sei aste" irautea. 

 

595.Bidegorri.Proiektua.Kataiden (id: 5669032) 

Bidegorri zatia Hiper Eroski ondoko zubian hasiko da (Zabaleta inguruan) eta araztegian amaituko da. Horrela, bat egingo du orain haraztegitik San Prudentziora doan bidegorri zatiarekin.

 

Tramu berria 690 metro luze izango da, eta partekatu egingo dute oinezkoek eta txirrindulariek. "Elkarbizitza horren alde egin behar dugu", adierazi du Rafaela Romero diputatuak.

 

Aurrekontua 227.199'19 eurokoa da. Obrak errekaren ondoan egingo direnez, Eusko Jaurlaritzako URA agentziaren baimena lortu behar izan da.

 

"Errekaren bidetik 5 metro baino gutxiagora egingo diren proiektuek URAren baimena behar dute, uholde arriskuagatik". Zorua asfaltozkoa izango da.

 

Iñaki Pregok, Aldundiko Mugikortasun zuzendariak, adierazi du egungo harrizko baranda kenduko dela, eta bere ordez metalezko bat jarriko dela. Halaber, egungo zuhaitzak ez dira botako, eta bidea 40 zentimetro zabalagoa egingo da (ezkerretik eta eskumatik tokia hartuta).

 

Hala ere, "4 metroko edo gehiagoko zabalera izango ez duenez, ez dira bizikletentzako eta oinezkoendako bideak fisikoki ezberdinduko. 3'50 metro inguruko zabalera izango du".

 

Bidegorrian zehar LED argiak jarriko dira, Zabaletako zubipea barne. Lanek iraun bitartean "litekeena da bide alternatiboa industrialdetik igarotzea". Bidegorri zati honek "gerturatuko ditu herrigunea eta Etxezarretako egitasmoa".

 

Arrasateko eta Debagoieneko txirrindulari ugarik gogora ekartzen dute, autopista egin zenean, Aldundiak NIPetako parte-hartzaile sozialei hitzeman ziela bailaran zehar ere bidegorria egingo zela.

 

Hala ere, Aldundiak ez du hitz hori bete. Horretaz galdetu zaio prentsaurrekoan, eta erantzun duenez "agirian ez da hitzemate hori jasotzen". Gaineratu duenez, Leintz Gatzagatik igaroko litzatekeen bidegorria "proiektu oso zaila dela, Eusko Jaurlaritzak balizko ibilbidea kulturalki babestua duelako".

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE