Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

GIZONON PAPERAZ

Oihan Vitoriaren iritzi artikulua.

595.Martxoak8.OIHAN.VITORIA (id: 3592383)


Testua eta goiko argazkia: Oihan Vitoria / Portadako argazkia: MB Artxiboa /

2018ko Martxoak 8, eguena

 

Galduta ikusi ditut azken asteotan inguruko zenbait gizon gaurko greba feministaren harira. Horietako batzuk feminismoaren ideiekin aski kontzientziatuta, besteak ez hainbeste. Gizonok guzti honetan jokatzen dugun rolaz galdezka edo greba egitearen arrazoiengatik zalantzati. Aldiz, bakarra ere ez dut entzun urte osoko norbere jarrerez gogoeta egiten edo maskulinitateaz hausnartzen.

Bada, nola ez, gisa honetako aldarrikapenekin baztertua sentitzen denik. Lilatoiarekin ere gertatzen da sarri. Urteroko kontua: zergatik ezin dezaket parte hartu aldarrikapenekin bat banator? 364 eguneko erosotasunaren ostean, botere eta protagonismo eremuak kentzen zaizkigunean hartzen dugun jarrera paternalistaren seinale. Agerikoa da berdintasunaren bidea elkar hartuta egin behar dugula gizarte parekide eta justua helburu duen helmugara iristeko. Guztioi dagokigu lema hartzea, ez izan zalantzarik. Hori bai, kontuan hartuta sistemak, gizarteak edo guk geuk, gizonok, emakumeoi ostu dizkiegun eskubideak berreskuratzeko ahaleginean lehen lerroa haiei uztea dagokigula. Bada ordua.

Urte osoan lanean, kalean, gaueko iluntasunean, instituzioetan ukatzen zaien protagonismoa zor diegu. Eta ez gaurko egunean soilik. Horregatik da horren premiazkoa emakumeek, eta haiek bakarrik, greba egitea. Emakumeen lana balioan jartzeko eguna da martxoaren 8a, daukaten indarra ikusarazteko ozen oihu egiteko eguna, zeren gai diren erakustekoa, haiek gabe mundua geldituko litzatekeela irudikatzekoa.

Ondo egingo genuke, gizonok, kexaka aritu eta aldarrikapenok marmarti hartu ordez, jaiotzen garenetik ezartzen zaizkigun pribilegioei uko egingo bagenie. Sikiera horretan hasiko bagina. "Nola? Zer egin gizonezkoa banaiz eta greba sostengatu nahi badut?", galdetuko dute bikotekide, aita, anai eta seme askok, zilegitasun osoz. 

Behingoagatik etxeko lanen ardura gure gain hartuta, adibidez. Edo zaintza lanetan murgilduta. Edo estereotipo jakin batzuk elikatzen dituzten produktuak kontsumitzeari utzita. Edo mobilizazioetan parte hartuta pankartaren atzealdeko ohiko inertziak hautsiz. Edo eztabaidak sustatuta. Edo aginduak eman ordez esku bat botata. Edo, sinpleki, beste alde batera begiratzeari utzita. Pribilegioetaz kontzientzia hartzeko aukera paregabea izan daitezke greba osteko egunak ere. Kontua da horretarako prest ote dagoen bat baino gehiago.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE