Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Axier Valle: “Ez dut ikusten neure burua entrenatzaile bezala”
Ford Mugarri-ko atezaina agur esan dio taldeari 22 urte eskubaloian jokatu ostean

Testua: Iker Murillo Argazkiak: Iker Murillo eta Arrasate Eskubaloi / 2019ko urriak 23, asteazkena. 

 

Axier Vallek ondo ezagutzen du eskubaloiaren mundua. 22 urte eman ditu kirol honetan atezain bezala (hauetako 18 Arrasaten), bidean historia, oroimen eta anekdota ugari bildu ditu hainbeste partidu eta txapelketa jokatu ostean. Aurreko denboraldiko azkenengo partidan agur esatea erabaki zuen eta orain Mondraberriko mikrofonoaren aurrean jarri da zenbait oroitzapen ezagutzera emateko eta taldeari eta bere etorkizunari buruz hitz egiteko.

 

(id: 2987437)

 

Nolatan hasi zinen eskubaloian?

Kirol honetan 22 urte eman ditut. Hauetako 18 gutxi gorabehera, Arrasaten. Almengo taldean ezagutu nuen kirol hau eta handik Arrasatera pasatu nintzen kategoriaz igo nindutenean. Hasieran, denok hasi garen moduan, multikiroletan egin nituen nire lehenengo partidak eta gero Arrasatera egin nuen salto.

Betidanik argi zenuen atezain izan nahi zenuela?

Bai. Beti jokatu dut atezain bezala. Beste kiroletan ibiltzen nintzenean ere beti atezain izatea nuen gustoko, gainera Almenen atezain bakarra nintzen, eta beraz partida denetan, partida osoak jokatu nituen.

Zergatik hartu duzu orain agur esateko erabakia?

Urte asko pasa dira hasi nintzenetik. Gazteagoa nintzenean lagun asko nituen taldean eta hauetako gehienak ez daude orain. Denekin tratu oso ona daukat baina ez da berdina zure adinekoekin jokatzea edota 20 urte gazteagoak direnekoekin jokatzea eta entrenatzea. Ez dugu gauza berberetaz hitz egiten eta azkenean giroa niretzat ez da berdina. Hasi nintzenean lagun asko nituen, eta horietatik inork ez du honezkero jarraitzen. Bada garaia agur esateko.

 

(id: 3041418)

 

Oroitzapen ugari izango dituzu hainbeste urte pasa eta gero…

Urte hauetan bizipen ugari izan ditut, eta gogoan dauzkat. Pentsatzen jarrita, asko esan dezaket baina orain bertan burura Santoñako partida etortzen zait gogora. Astebukaera borobila izan zen lagunekin eta taldeko kideekin, eta zalantza barik nire urte hauetako oroitzapen politeenetarikoa dut hura.

Beste batzuk barregarriagoak izan dira: behin Maritxu Kajoi osteko egun batean Hondarribiraino joan ginen jokatzera goizeko hamarretan eta buelta eman behar izan genuen arbitrorik ez zegoelako, zorionez. Talde erdia lo egin barik zegoen…

Beste batean garabiak eraman zuen furgoneta udaltzainen tokian aparkatu genuelako eta taldeak ordaindu behar izan zuen isuna guk dirurik ez genuelako… horrelako ehunka daude.

Arrasateko eskubaloi taldeak beti izan du oso giro ona.

Egia da. Azkenean talde txikia da, denok gure artean elkar ezagutzen dugu, eta gauzak denon onerako egiten saiatu izan gara beti. Familia bat bezalakoak gara beti, dena gure artean galdetu eta eztabaidatu izan dugu.

Faltan somatzen duzu orain?

Ez bereziki. Egia da orain lehen baino ordu libre gehiago ditudala, eta agian entrenamenduak eta partida aurreko tentsioa eta emozioa bai somatzen ditut faltan beharbada. Baina egia esan ez nago triste eskubaloiari agur esateagatik.

 

(id: 3001278)

 

Pentsatu duzu entrenatzaile edo laguntzaile bezala jardutea?

Ez dut ikusten neure burua entrenatzaile bezala. Oraindik ez dut erabaki zerbait egin edo ez, baina egia esan ez dut uste entrenatzailea izango naizenik. Betidanik atezaina izan naiz, eta ez ditut eskubaloiko teknikak eta estrategiak behar beste ezagutzen.

Entrenamenduetan laguntzeko prestutasuna azaldu nion Patxiri, baina orain bost atezain daude taldean, eta beraz oraingoz kantxako gune hori nahiko beteta dago.

Nola aurreikusten duzu Arrasate Eskubaloiren etorkizuna?

Ondo aurreikusten dut. Jende gazte ugari dago, eta gogotsu daude gauzak egiteko eta aurrera jarraitzeko. Azken urte hauetan jokalari berri ugari etorri dira taldera. Eskubaloiak interesa pizten du oraindik gazteen artean eta hori oso positiboa da. Etxeko partidak ikusten saiatzen naiz eta maila ona dagoela uste dut. Askok oraindik esperientzia falta dute baina hori jokatzen konpontzen da.

 

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE