Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

ZURICH-ETIK OHARRAK

Jesus Markaideren iritzi artikulua.

Testua: Jesus Markaide / Itzulpena: Mondraberri / Argazkia: MB Artxiboa / 2018ko maiatzak 16, asteazkena


Suitza, 8 milioi biztanle 4 hizkuntzek eta bi erlijiok "baturik". Zurich, alemana hitz egiten den eremuko hiriburu ekonomikoa. Gosaria Reifa kurduaren kafetegian. Frantsesezko egunkari bat bilatzen dut (bigarren hizkuntzarik garrantzitsuena), eta aurkitzen ez dudanez, bezeroei galdetzen diet. Erantzuten didate Zurichen ez dela frantsesezko egunkaririk argitaratzen (antza, ez direlako irakurtzen). Bezero batek erantzuten dit egunkari horiek argitaratzen diren lekurik hurbilena Basilea dela (60 kilometrora). Azkenean, alemanierazko dozena bat egunkarien artean, aurreko eguneko Le Temps aurkitu dut, eta lehen orrialdean kexu dira Valais kantoian zerga bat jaitsi asmo dutelako beste kantoiekin kontsultatu barik. Aditu batek dio 'Swiss made' bezala saltzen diren produktuen erdiak baino gehiagok suitzar duten gauza bakarra etiketa dela. Nik lehen kafea hartzen dudan bitartean, nire bizilagun Juan, 80 urteko eta 90 kiloko suitzarra, bere bigarren garagardoa hartzen ari da. "Frantziarrek izorratzen naute" marmartu du, nik ea zergatik galdetu diot, eta erantzuten dit mutikotan hizkuntza hori 3 urtez ikastera behartu zutelako.

Hauptbanhof-en (Estazio Zentralean) kamuflajezko trajedun bi tipo berbetan ikusten ditut. Ez daramate txanorik, fusil bana daramate bizkarrean eta kartutxera bat gerrikoan, antza denez beteta. Galdetu diet ea poliziak edo militarrak diren, ez bata ez bestea: 23 urteko bi gazte dira, eta derrigorrezko 120 eguneko "milia" egiten dabiltza. Ez dakite frantsesez, eta 'cetme'a etxean daukate. Eta ez naiz ausartzen galdetzera ea zer gertatuko litzatekeen nagusiak alemanez ez baleki. Guia Michelin-en arabera, protestanteek (gehienak alemanez mintzatzen direnak) katoliko independetistei (batez ere frantximantak) egurra eman zieten 1848an, bi egunetan, eta ordutik inor ez da kexu.

Estazioko papertegian ikusten diren frantsesezko egunkari bakarrak Le Figaro, Le Monde eta Liberation dira. Denak Pariskoak dira, eta EL PAISek lehen orrialdean dioenez, "hizkuntzaren inguruko gatazka politikoa beste autonomia batzuetara zabaltzen da".

Eta El Pais irakurtzera noa Guisan Jenerala Paseora, nik dakidala tiro bat ere bota ez duen militar bakarra, eta bere herrialdea II. Mundu Gerran neutral mantendu zuena. Hori, agerikoa denez, 100 bataila irabaztea baino interesgarriagoa da.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE