Aurreko urteetan bezala, oraingoan ere Ointxe Saskibaloi Taldeko “familia” guztia Nafarroa aldean izan da, dagoeneko ohikoa bilakatu den aurre-denboraldiko egonaldia egiten. Aurten ere aukeratutako jomuga Tafalla izan da, eta klub zuri-moreko kideek asteburu osoa igaro dute bertan. Iaz bezala, aurten ere euren kuartel nagusia Beyre herriko aterpetxean egon da.
Arrasatearrek Tafallan hainbat partidu jokatu dituzte, Lagunak, Oncineda eta Burlataren kontra, hain justu ere. Horrelakoetan ohikoa den moduan, emaitzak era guztietakoak izan dira. Goraipatzeko modukoak lehen taldea eta errendimenduzko kateen emaitzak, honako hauek jokatutako partidu guztiak irabazi baitituzte. Beste kasuetan, esan bezala, era guztietako emaitzak egon dira. Dena den, Josu Larreategi entrenatzaileak talde zuri-moreek itxura “oso ona” eskaini dutela azpimarratu du.
Mondragon Unibertsitateak partidu guztiak irabazi zituen Tafallan.
Hala eta guztiz ere, Mondragon Unibertsitateko entrenatzailearen hitzetan, “esperientzia hau ez da soilik kirol arlora mugatzen”. Bere esanetan, talde bakoitzaren maila zelakoa den frogatzeko baliagarria izateaz gain, egonaldi hauek beste aspektu batzuk lantzeko ere balio omen dute: “bizikidetza, hezkuntza, sozializazioa, taldearekiko konpromisoa edota ardura”.
Egonaldi honetan, albiste oso pozgarria jaso dute Ointxekoek, Tafallan ere Unai Barrena izan baita. Gogoratu beharra dago orain direla hilabete batzuk Barrenak istripu larria izan zuela Polonian, eta hainbat egun koma egoeran eman zituen. Bere errekuperazioan emandako aurrerapausoak “ikaragarriak” izan direla dio Larreategik, “eta dagoeneko taldekide bat gehiago ere bada”.
Denboraldi hasiera bi aste barru
Denboraldi ofizialari dagokionez, 1. Mailan lehiatuko dute Mondragon Unibertsitateak bi aste barru ekingo dio ligari. Larreategiren mutilek aurreneko partidua hilaren 29an jokatuko dute Iturripen, Askartza talde bizkaitarraren kontra arratsaldeko 18:00etan hasita.
Askartzaz gain, arrasatearrek beste aurkari hauei egin beharko diete aurre aurten: Atletico San Sebastian, Seky.es, Lagunak, Fundacion 5+11, Ordizia, Mikeldi, Tabirako, Araberri, Zarautz, Iraurgi, La Peña, Bide Bide, Padura eta Autocares Artieda.