Katurik ez dagoen etxean, saguak dantzan

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
Ivan Velascok ez du Euskaltel Euskadin jarraituko
Igor Gonzalez de Galdeanok jakinarazi berri dio erabakia Arrasateko txirrindulariari, antza denez, puntu nahikorik lortu ez dituelako.
Isei Barbero / Argazkiak:  Wikipedia / 2012ko irailak 19, asteazkena

 

300 (id: 2999876)Ivan Velascok ez du Euskaltel Euskadin jarraituko.  Hedabide ezberdinek -Euskadi Irratia eta DEIA tarteko- aditzera eman dutenez, horrela jakinarazi dio Igor Gonzalez de Galdeano kirol-zuzendariak txirrindulari arrasatearrari.  Aditzera eman dutenez, talde laranjak ez du Velascorekin kontatzen kirol-proiektu berrirako, ezta  Amets Txurruka bizkaitarrarekin ere.

 

Gauzak horrela, Euskaltel Euskadik une honetan 12 txirrindulari ditu taldean 2013 ikasturterako:  Samuel, Antón, Nieve, Izagirre anaiak, Landa, Sicard, Egoi Martínez, Pello Bilbao, Ricardo García, Sáez de Arregi eta Cabedo. Era berean, egunotan Galdeano Verdugo, Urtasun, Astarloza, Rubén Pérez, Alan Pérez, Azanza, Oroz, Mínguez eta Cazaux moduko txirrindularien kontratuak berritzen dabil. Zabaldutako informazioen arabera, bakarrik lehenengo biek dituzte aukera handiak talde laranjan jarraitzeko.

 

Honenbestez, Velascok Euskaltel Euskadin egindako 5 urteko ibilbidea amaierara heltzen da.  2006an Orbea taldean aritu ostean, hurrengo urtean eman zuen jauzia talde laranjara.  2007an parte hartu zuen Italiako Giroan aurrenekoz, eta 76. postuan sailkatu zen.  Hurrengo urtean 54.ena izatea lortu zuen, eta Espainiako Itzulian 51. sailkatu zen.  2010ean Frantziako Tourrean parte hartu zuen, eta 62. postuan amaitu zuen, aita izan zen urte berdinean.  Handik urtebetera esperientzia errepikatu zuen, baina erretiratu behar izan zuen.

 

Izan ere, denbora honetan guztian ez du suertea aldekoa izan txirrindulari arrasatearrak, hainbat eroriko izan baititu.  Orain , 32 urte dituela, erronka berri baten aurrean aurkitzen da Velasco, talde berria topatu beharko baitu.  Honenbestez, arrasatearrak aro berri bati ekingo dio.  Zorte on!

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE