Gaur, astelehena, Espainiako itzuliaren hirugarren etapa ospatuko da, eta tropelak Arrasate zeharkatuko du. Txirrindulariak eguerdiko 13:35etan jarriko dira martxan Arabar Errioxa inguruan, eta Arrasatera Arlabango mendatea zeharkatu ostean helduko dira. Antolakuntzako kideek egindako aurreikuspenen arabera, tropelak gure herriko saihesbidea zeharkatuko du arratsaldeko 16:30ak aldera. Hirugarren etapa honek guztira 155,3 kilometroko luzera izango du, eta helmuga Eibarren egongo da, Arrateko mendatean.
Atzoko etapan, Vianan amaitu zena, Joht Degenkolb txirrindulari alemaniarra nagusitu zen esprintean, 4 ordu 38 minutu eta 40 segundoko denborarekin. Halere, sailkapen orokorrean egungo liderra Movistar Taldeko Jonathan Castroviejo da; bere atzetik, denbora berdinarekin -4 ordu 57 minutu eta 31 segundo- beste bi taldekide daude: Nairo Quintana kolonbiarra eta Javier Moreno, azken hau espainiarra ere.
Gure ordezkariei dagokionez, Ivan Velasco arrasatearra 143. postuan dago. Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia Castroviejo liderretik minutu bat eta 43 segundora dago. Markel Irizar oñatiarrari dagokionez, honako hau Radioshack-Nissan taldekoa, liderretik 55 sendora dago 95. postuan.