Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Iñigo Arriaranen argazki-galeria

Elorrioko lokatzean egin du estropezu Kanpanzar Arrasatek

Isei Barbero / Argazkiak:  Iñigo Arriaran / 2017ko apirilak 2, domeka


 

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko lehenengo porrota jaso zuten Bizkaia aldean zapatu arratsaldean, Elorriori egindako bisitan, hain justu ere.  Sarrailagileek lehen zati txukuna jokatu bazuten ere, atsedenaldi ostean lokarturik zelaira ziren eta, testuinguru horretan, etxeko taldearen nagusitasuna erabatekoa izan zen.  Azken emaitza 16-3 izan zen eta, gauzak horrela, Irunen kontrako partidua hil ala bizikoa izango da Isasiren mutilentzat.

 

Elorrioko hitzorduak zuen garrantziaz jakitun, sarrailagileak kontzentratuta zelairatu ziren, eta hasierako 40 minutuetan jokoan agindu eta etxeko taldea bere zelaian sarrarazi zuten.  Dena den, edukitako aukerei probetxurik atera ez eta egindako akatsengatik, atsedenaldira markagailuan atzetik joan ziren arrasatearrak.  Partiduaren 10. minutua bete baino lehen hartu zuen aurrea Elorriok, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe bati esker.  Kanpanzar Arrasateren erantzuna berehala iritsi zen eta, beste zigor kolpe bati esker, balantza berriro orekatu zuen (3-3).  Baina handik bost minutu eskasera Elorriok entsegua lortu, eta 8-3koarekin joan ziren bi taldeak aldageletara.

 

Bigarren zatian Isasiren mutilak lo zelairatu eta noraezean ibili ziren.  Elorrioren nagusitasuna erabatekoa izan zen mele zein touchetan eta, lehen zatian egin bezala, beste zigor kolpe bati esker 11-3koa jarri zuten markagailuan.  Bizkaitarrak, baina, ez ziren horrekin konformatu, eta bigarren zatiko ordu erdia betetzean arratsaldeko bigarren entsegua egin zuten (16-3).  Isasiren mutilak nahi eta ezin ibili ziren, eta emaitza horrekin amaitu zen neurketa.  “Lehen zatian agindu badugu ere, ez gara kapaz izan izandako aukerei etekina ateratzeko, eta atsedenaldi ostean lo zelairatzea garesti ordaindu dugu”, adierazi zuen norgehiagoka amaieran Isasik.

 

Ikasturteko lehenengo porrota denboraldiko unerik erabakigarrienean iritsi da Kanpanzar Arrasaterentzat, liga jokoan dagoenean.  Gauzak horrela, hurrengo jardunaldian Irunek Mojategira egingo duen bisita erabakigarria izango da Isasiren mutilentzat.  Bidasoakoak mendean hartuz gero, eta Elorriok estropezu egingo balu, Isasiren mutilek txapela jantziko lukete liga amaitzeko jardunaldi baten faltan.  Kontrako kasuan, sarrailagileek azken jardunaldira arte itxaron beharko dute txapeldunak ote diren edo ez jakiteko.


Galeria de fotos
Elorrio-ART 2. Fasea

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE