Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Nere Arregi atleta Mundialerako aukeratua izan da

"Lan-istripua izan ostean Mundialerako prestatzen ari naiz"

Ziorlako atletak aurten lan-istripu batean atzamarreko falange zati bat anputatu zuen, eta aurrez erdi-lesionatuta ibili zen. Hala ere, egunero entrenatzen dabil, eta Errumanian irailean lehiatuko den lasterketan parte hartuko du.

550.Nere.Arregi.Mundialerako.Prestatzen (id: 2822296)


Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkia: MB Artxiboa / 2019ko uztailak 23, asteartea


"Erronka zaila dut aurrean, azken hilabeteak onenak izan ez direlako, baina gogoz nago eta dena emateko prest" adierazi digu Nere Arregi Sagasta mundialistak.


Izan ere, "erdi lesionatuta izan naiz denbora batean, eta ondoren, entrenamenduei berrekin nienean lan-istripua izan nuen, atzamarreko falange zati bat anputatu nuen. Horren ostean ere entrenatu barik egon behar izan nuen denbora luzez".


Oztopoak oztopo, Estatu mailako selekziorako aukeratu dute, eta Nere Mundiala prestatzen dabil: "Prestaketa azkarra egiten ari naiz, pentsa, horrelako proba bat prestatzeko 6 hilabete inguru ematen dira, baina nik gauza bera egiteko 12 aste ditut soilik".


"Egunero entrenatzen dut, nahiz eta gaur bezalako egun sargoritsuak izan. Orain, atzamarraren arazoagatik bajan nago, eta behintzat lan-istripuari bere alde ona baliatu dut. Gaur goizeko 8:00etan entrenatzen nenbilen, beroa saihesteko".


Dena den, "egun batzuetan goiz eta arratsaldez entrenatzen dut. Bero handira ere ohitu beharra daukat".


Mundiala aurten Errumanian jokatuko da, irailaren 1ean, Brasov-en. "Zirkuituaren inguruko daturik ez digute eman antolakuntzatik". "Jakin ahal izan dudanez, Errumanian aurten bero handia egiten ari da".

 

Espainiar selekzioak aurre-aukeratutako atletak Sorian kontzentrazioa egitera deitu ditu. Kontzentrazioa zapatuan hasiko da, eta 10 eguneko iraupena izango du.


"Soria altuera gehiagoan dago, eta han entrenatuta gorputza globulu gorri gehiago sortzen ditu eta gorputza gehiago indartzen da". Hortik aurrera entrenamenduek ere jarraituko dute.


Nerek iaz Munduan parte hartu zuen, eta esperientzia hura aurtengorako onuragarria izan daiteke. "Gainera iazko taldekide gehienak aurten ere taldekide gara, eta hori oso garrantzitsua da".


Hala ere, "nik ez dut altueran inoiz entrenatu, eta baliteke gorputzak gehiegi sufritzea eta ez errekuperatzea. Profesionalek, altueran entrenatzen dutenek, ezagutza gehiago dituzte".


Nerek adierazi du "aurten ez naiz nire gaitasun fisikoen %100ean izango, baina nire esku dagoen guztia emango dut. Beste helburu bat esperientzia baliatzea izango da".


Zentzu horretan, "iazko Mundialeko markatik ahalik eta gehien gerturatzen saiatuko naiz. 12 asteko prestaketarekin ezin da miraririk gertatu. Kontuan hartu behar da antibiotikoek gorputzean eragina izaten dutela". Aupa Nere! Eutsi gogor!
 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE