Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Interneten ere zati bat irakurgai duzue

"Mondragon en su historia" liburua idatzi eta argitaratu du Josemari Velez de Mendizabalek

Goienagusi elkartearen ekimenez, Velez de Mendizabalen bi hitzaldiren edukia jasotzen du liburuak. Liburuak kokatzen du "Arrasatek izandako bilakaera bere testuinguruan". Gainera, zenbait arrasatear aldarrikatzen ditu, eta XIX. mendeko historian sakontzen du, besteak beste.

590.Velez.Mendiz.Mondrag.Libur (id: 2637755)


Liburuaren portadako margolana: Julio Galarta / Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2014ko urtarrilak 15, asteazkena 

 

Goienagusi elkartearen ekimenez, Josemari Velez de Mendizabal arrasatearrak Arrasateri buruzko hitzaldia eman zuen abenduaren 6an.

 

Ekitaldiak entzule ugari erakarri zituen, eta entzuleek interes handia agertu zuten, Etxaluze eraikinean.

 

Bide horretan, Josemari Velez de Mendizabalek bigarren hitzaldia emango du astelehenean, gai berberari helduz.

 

Bi hitzaldi horiek lau orduko iraupena izango dute guztira, eta hitzaldien edukia laburtu du bere liburu berrian: Mondragón en su historia (y en cuatro horas).

 

Aurkezpena gaur goizean egin da, Erdiko kaleko Elkar liburu dendan, eta bertan izan dira [Goiko argazkian, ezkerretik: Sagrario Osa, Goienagusiko Batzordeko kide; Josemari Velez de Mendizabal liburuaren egilea; eta Begoña Markaide, Goienagusiko lehendakaria].

 

Josemari Velez de Mendizabalek ez du bere burua historialaritzat, baizik eta datuen biltzaile eta dibulgatzailetzat.

 

Aurkezpenean bertaratutakoekin konpartitu du “bihotzez egindako” liburua dela, eta Goienagusiri eskerrak eman dizkio aukera ematearren.

Egileak azaldu du “nik idatzita neukana nire artxiboetan,... biltzea ez zela nekeza izan. Bai, ordea, liburuari titulua jartzea, izan ere, lau ordutan ezin daiteke Arrasateko historia laburbildu, hori garbi dago”.

Ildo horretan Gandhi aipatu du: “Berak esaten zuen gizaki bezainbeste jainko dagoela, denok baitaukagu jainko bat. Jainkoren definizioa eskatuko baligute, seguruenik denok era ezberdinean erantzungo genuke. Historiarekin gauza bera gertatzen da: Ez dago historia bat, denok bizi izan baitugu historia era ezberdin batean”.

Horregatik “nik ez dut titulu bezala “Arrasateko historia” edo “Historia de Mondragón” jarri, baizik eta “Mondragón en su historia”. Arrasatek izandako bilakaera bere testuinguruan kokatu nahi izan dut, hobeto uler dadin. Duda barik, hau ez da Arrasateko historia, baizik eta Arrasateko historia bat”.

Beraz, “aukeraketa bat egin behar izan nuen, aukeraketa naturala, bi multzo nagusi daudelarik: XIV-XV. mendera arte (gezurra dirudien arren, garai horretaz daukagu Arrasateri buruzko informazio gehien) eta XIX eta XX. mendeak (nire ustez gakoak dira egungo Arrasateko errealitatea ulertzeko, batez ere XX.a noski, baina mende hori ez zen horrela izango XIX. mendean gertatutakoengatik ez balitz)”.

XIX. mendeari buruz “gutxi genekien orain gutxira arte, baina zorionez orain gehiago dakigu bi arrazoirengatik: Internet eta Miguel Madinabeitiaren dokumentuen aurkikuntza”.

“Internetek XIX. mendea hurbildu digu, hemerotekak digitalizatu direnean, informazio ugari agertu delako, ezkutuan zegoena. Hemerotekak erabili ditut XIX. mendea nolakoa genuen behintzat antzemateko”.

Hala, “Hots Begi Danbolinak nire blogean publikatzen duen informazio ugari hemerotekatik ateratzen nabil”.

“XIX. mendearen iturri handiena Madinabeitiaren dokumentuen aurkikuntza izan zen. Madinabeitiak garbi idatzi zuen XIX. mendeari buruz. Klabea izan zen Arrasateko historian”.

Bi sasoi horiek dira Goienagusik eskatutako 4 orduko hitzaldiaren bi foko nagusienak.

Historia “nire ustez errebisatu eta errepikatu behar da derrigorrez. Zergatik? Errebisatu behar da etengabean, adibidez, Barandiaranek Lezetxikiko umeroaren aurkikuntza egin zuenean (1956an), Barandiaranek 40.000 urte zituela adierazi bazuen ere, baina gaur egun badakigulako gutxienez 125.000 urte dituela. Zergatik? Teknologia berriek, aurkikuntza berriek, ikerketak berak,... laguntzen gaituztelako. Derrigorrezkoa da errebisioa etengabean egitea. Historia ez da gaur finkatzen betiko. Liburu berri honek gauza berriak aportatzen ditu, orain 40 urte jakitea ezinezkoak zirenak”.

Era berean, “historia errepikatu beharra dago, zergatik? Ba belaunaldi berriak etengabe sortzen direlako, eta gaztetxoek ez dakite aurrekoek esan zutena, baina derrigorrez jakin behar dute Arrasaten edo beste toki batzuetan zer gertatu den”.

Liburuak errepikatu egiten du. “Lehen aldiz erdaraz idatzi dut, baina errepikatzen ditut lehen euskaraz adierazitako gauza ugari. Ez dut ezer asmatzen”.

Josemari Velez de Mendizabalek azpimarratu duenez, “ni ez naiz historiadorea, nik datuen apuntadorea eta dibulgatzailea naiz. Horregatik gustuko dut dakidana besteei transmititzea. Nik ez dut historia interpretatzen, historiadoreak egin dezakeen moduan”.

Gehitu du “ez dut idatzi era ortodoxoan. Inork liburuak jasotzen duenaren kontrakorik baldin badauka, eta konbentzitzen baldin banau, prest nago liburuan jartzen dudana kentzeko”. Dena den, publikatu baino lehen, Josemari Velez de Mendizabalek beste 3 aditurekin kontrastatu du liburuaren edukia, hanka-sartzeak saihesteko.

Liburua “hitzaldi bitan publiko bati zuzendutako materiala da. Gainera era kolokialean idatzita dago, hitzaldian adierazi bezala idatzi dut liburua”. Liburuak 4 kapitulu ditu, hitzaurreaz eta bibliografiaz gain:

  • Aurrehistoria eta 1260ra arte
  • 1260-1448: Tregua gabeko gerrak
  • Jauzi handi bat: 1448tik XIX.era
  • XIX eta XX: Oinarrizko Arrasateren historian


Bibliogafiari dagokionez, “nire bibliografia jarri dut, niri Arrasateko historiaz gehiago jakiteko baliagarria izan zaidan bibliografia”.

Josemari Velez de Mendizabalek liburuan zenbait arrasatear aldarrikatzen ditu. “Hitzaldian aipatzen ditut inon agertzen ez diren arrasatearrak, arrasatearrak ez balira bezala”. Liburuan aldarrikatzen ditu honako arrasatear hauek:

 

- Pedro Ignacio de Barrutia: “Aramaion jaio arren, familia hemengoa zen, Arrasateko eskribaua izan zen, berak idatzi zuen euskarazko lehen antzezlana,... baina hala ere arrasatearrok ez dugu bera erreibindikatzen...”.

- Gaizka Barandiaran: “Oñatin jaioa baina txiki-txikitatik Arrasaten hazi zen, arrasatear peto-petoa, Europako entziklopediek jasotzen dute, foklorista bezala”.

- Jose Letona eta Jose Mari Uranga: “Gakoak dira XX. mendean. Historiologia oso gutxi zekiten, gai izan ziren Madinabeitiarengandik apurtxo bat edateko, baina zoritxarrez ez zuten niri Internetek eman didan aukera. Beraiek zekiten “Euskalerria” aldizkaria irakurri zutelako, baina ez “Noticiario bilbaino”, “La Voz de Guipúzcoa”,... Hala ere, egundoko lana egin zuten, eta euren garaian onartuak izan ziren, baina neurri handiagoan errekonozitu behar genituzke gaur egun”.

 

Biteriren ekarpena ere azpimarratu du, “funtsezkoa da”, baina berau jada erreibindikatuta dagoela baieztatu du.

XIX. mendea “poliki-poliki bada ere, berreskuratzen ari gara. Industriarekin mende oso batean gutxienez zarrailagileak izango gara. Hozkailu ekoizleak 50 urtez”.

XIX.era itzuliz, garai gatazkatsua izan zela adierazi du: “1808an frantziarrak sartu zirenetik 1936ra, Arrasate gerran izan zen: Frantziarrak, Lehen Karlistada, Bigarren Karlistada eta 1936ko gerra”.

Hortaz gain, delikuentzia handia zegoen. “1802-1803 inguruan Arrasate herri oso arriskutsua zen: bandoleroak, gaizkileak,... zeuden, eta 1807an aldatu ziren udalerriko barne ordenantzak, segurtasuna bermatu nahian”.

Josemari Velez de Mendizabalek konpartitu du “liluratuta nagoela Isabel II erreginak Arrasate bisitatzerakoan izandako giroarekin. 1845ean agertu zen Arrasaten, Lehen Karlistadaren hasieratik 9 urtera. Astebete eman zuen erreginak Arrasaten. Udaletxean izugarrizko iskanbila politikoa sortu zen, brokel dantza egin zenean plazan: Orduko Aldundiko lehendakariak dantza baino lehen kantariei esan zien, ohitura zen moduan, “Gora foruak!” oihuka zezatela. Udaletxeko balkoian erregina eta Ministroen Kontseiluko presidentea (Narvaez generala) zeuden. Oihua entzuterakoan Narvaezek sablea atera zuen eta Alduniaren lehendakariari oihukatu zion hori nahikoa zela bera foruen kontra jartzeko. Iskanbila handia sortu zen, Espainian ere eragin zuena, eta guzti hori ez genekien, baina Internetek jakitera eman digu”.

500.Velez.Mendiz.Mondrag.JULIO-GALARTA (id: 8038328)

Josemari Velez de Mendizabalek azaldu du, “1845eko Espainiako prentsak Arrasateri buruzko irudi idilikoa publikatu zuela, adibidez, Iturriotzeko ura ezin hobea zela publikatuz, eta arrasatearren arabera, ur hori edateagatik Arrasateko emakumeek zeuzkatela hain begi politak...Eta Arrasateko gizonek ez? [barreak]”.

Josemari Velez de Mendizabalek Unibertsitatean Historia ikasitako arrasatearrei egunero dei egiten die “hor araka dezatela, hor sekulako altxorra dute, nahiz eta agian ez dieten lan horrengatik ordainduko”.

Prentsa espainiarrak antzeko zerbait egin zuen Franco 1949an Arrasatera etorri zenean. “Prentsak bere irakurleak lasaitu zituen Arrasate arriskutsua ez zela adieraziz...”.

1941 urteari garrantzi handia ematen dio Josemari Velez de Mendizabalek: “Urte horretan bi pertsonai klabe agertu ziren herrian, XX. mendea ulertzeko ezinbestekoak: On Jose Maria Arizmendiarrieta eta On Jose Luis Iñarra. Ene uste apalean, hierarkia eklesiastikoak Arrasaten apropos jarri zituen, gerra osteko hemengo gristasuna, oinazea, gorrotoa,... gainditzeko. Bi pertsona erabat ezberdin ziren, baina osagarriak. Ezin da ulertu baten lana besteak egin zuena ulertu barik”.

1941ean “heldutasun prozesu bat hasi zen, 15 urte iraungo zituena, 1956an kooperatiba sortu arte. Nire liburua hortxe bukatzen da. Ondoren etorritakoaren inguruan asko idatzi da”.

Aipatzekoa da Josemari Velez de Mendizabalek liburu berri bat sortzen dabilela, Ulibarri-Ganboako klub nautikoaren historia jasoko duena. Arrasatearra klub nautikoaren sortzaile izan zen 1962an.

Azpimarratzekoa da Arrasateri buruzko liburua Josemari Velez de Mendizabalek berak argitaratu duela bere poltsikotik dirua jarriz. Liburua salgai dago Elkar dendan, Ttukunen eta Garibaiko kioskoan ("Tiburón" bezala ezagutzen den kioskoan).

Baina Interneten ere irakurgai dago liburuaren zati bat: Josemari Velez de Mendizabalek  jada irakurgai jarri ditu liburuaren lehen bost orriak bere blogetako batean, Hots Begi Danbolinak . Hortaz gain, iragarri du liburuaren eduki gehiago publikatzen joango dela bertan.

Etorkizunera jarrita ere, Josemari Velez de Mendizabalek emango duen bigarren hitzaldia astelehean izango da (urtarrilak 20), Goienagusik antolatuta, Etxaluze eraikinean, goizeko 10:00etan.

Goienagusiko lehendakariak, Begoña Markaidek, eskerrak eman dizkio aurkezpenean Josemari Velez de Mendizabali bai hitzaldiengatik, baita liburuagatik ere. Goienagusiko lehendakariak gehitu du: “Liburua baliagarria da hitzaldiko edukia ez ahazteko eta eskura izateko. Ez bakarrik guretzako, baita arrasatearrentzat ere”.



Hots Begi Danbolinak bloga

Goienagusiren bloga

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE