Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
AURKEZPEN IREKIA ASTEAZKEN HONETAN

Sara Vitoriak 'No entiendo a mamá' liburua idatzi du

Arrasateko psikologoak, kasu errealetan oinarriturik, liburu ulergarri hau idatzi du, haurrari "zama kentzeko" gurasoak "erantzukizunak hartu eta norberaren burua hobeto ulertu dezan". Aurkezpena asteazken honetan izango da Kulturaten.

595.Sara.Vitoria.Liburuarekin (id: 4946643)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / Irudia: Quiel Ramos / 2019ko ekainak 10, astelehena

 

Sara Ines Vitoria Zabaleta arrasatearra dugu sortzez, eta psikologo bezala dihardu. Bikote eta familia terapeuta da, terapia sistemikoan espezializatuta dagoelarik.

 

"Familia pertsonaren nukleoa da - baieztatu digu bere kontsultan - jasotzen duenaren oinarri eta sustraia. Pertsonaren balore, muga, baldintza,... gehienak familiatik datozkio".

 

Sara Vitoriak bere ibilbide profesionalean konstelazio familiarrarekin tupust egin zuen: "Konstelazio familiarra metodo bat da, familiak izan ditzakeen desoreka edota desorden guztiak orekatzeko edota ordenatzeko metodo bat".

 

Berau aplikatzeko "lantalde bat sortu beharra dago - azaldu digu - eta bertatik ordezkariak aukeratzen dira, behin arazoa edo zailtasuna aurkeztuta".

 

Metodo hori "ezagutu nuenean nire bizitza eta arima bertan murgildu zirela uste dut, eta Bert Hellinger-en konstelazio familiarra sakonki aztertzen hasi nintzen".

 

Psikologo arrasatearrak bere kontsultan metodo hau aplikatzen du bakarkako konstelazioetan "panpinak, harriak edota beste elementu batzuk erabilita, hain zuzen, pertsonak bizi ari dena adierazteko baliagarriak direnak".

 

595.SaraVitoria.Quiel.Ramos.Noentiendoamama (id: 7099262) 

 

Metodoa "lantaldean aplikatzeak potentzialitate handiagoa dauka", eta emaitza "oso positiboak lortzen dira. Izan ere, zehazten duzu arazoaren muina edo jatorria non egon daitekeen, eta baieztapen osasungarriak erabili daitezke. Pertsona orekara bidera daiteke".

 

Sara Vitoriak, bere ezagutzetan, lanean eta kasu errealetan oinarrituta, 'No entiendo a mamá' liburua idatzi du. 

 

"Amatasunak nire bizitzan astindu bat suposatu zuen, erabateko iraultza: nire hutsune, ezintasun, gabezia, arazo eta proiekzio erakutsi dizkit mutikoa edukitzeak. Horren aurrean, eta jarrera irekia izanda, sekulako hazkuntza pertsonala ekarri dit".

 

Kontuan hartzekoa da "gurasoon nahi, proiekzio,... guztiak era oso inkontziente batean bada ere, gure seme-alabei botatzen dizkiegu, eta horrek ondorioak ditu seme-alaben jarreretan. Horretaz konturatzeak niri eboluzio pertsonala ekarri dit".

 

Liburuaren helburua da "laguntza gisa, ezagutzera ematea zein gauzek baldintzatu ahal duten gure izaera. Horiek jakinda, guk gure kontzientzian eta osotasunean landu behar ditugu, gure seme-alabei zentzu horretan ere babesa emateko, nolabait gure seme-alabak gugandik ere babesteko".

 

Zentzu horretan "liburuak ere haurdunaldiaren, traumen,... inguruan hitz egiten du. Nola begiratu gure seme-alaba era garbi batean, hau da, nolabait esanda, bera moldeatzeko pretentsiorik gabe. Izan ere, haurrak bere horretan altxorrak dira".

 

Liburua "umeei, helduei ere oro har adin guztiei zuzenduta dago. Ez da sakontasun teorikoetan sartzen, ezta traumetan murgiltzen ere; zehatza eta irakurterraza da".

 

595.Sara.Vitoria.Liburuarekin2 (id: 4988023)

 

 

Horrela, argitalpen honek "helduak erakarri gura ditu, teoria astunetan sakondu barik", eta hizpide ditu "pertsonoi era inkontziente batean gertatu ahal zaizkigunak, eta horretaz jabetzea bilatzen du". Horretarako, liburuak bi zati ditu:

 

Ipuinak 'Leopardita'ren istorioa kontatzen du, jaiotzen denetik bere hazkundera arte. "Berak bizitako guztiak bere gurasoen beldurretan, minetan, saminetan,... dute jatorria".

 

Bera amak, 'Elefanta'k esparru hori "landu du eta horri esker, familiak eboluzionatzen du eta 'Leopardita' ohartzen da bere burua zaintzearekin nahikoa duela, eta ez dituela bere gurasoak zaindu behar".

 

Horrek erakusten du "helduok gure erantzukizunak gure gain hartzean, haurrei zama kentzen diegula, askeago egiten direla".

 

Sara Vitoria egileak aita-amei gomendatzen die "gurasoak bere seme edo alabari, ipuineko ilustrazioak erakutsiz, gurasoaren beraren ipuina (kasu erreala) kontatu ahal diola, hau da, ez dio derrigorrez 'Leopardita'ren ipuina hitzez hitz kontatu behar". 

 

Izan ere, "oso garrantzitsua da jakitea nondik gatozen, nolakoak ziren gure aurrekoak, gure aitona-amonak eta gurasoak". Liburuaren egileak argitu du "helburua ez dela inor bere burua errudun sentiaraztea. Haurdunaldiaren eta traumen harira, askok erasotuak sentitzen dira. Helburua da erantzukizunak hartzea eta norberaren burua hobeto ulertzea". 

 

Liburuaren bigarren zatiak teoria aipatzen du "ipuinean aipatutako hainbat puntu azalduz". Oro har, egitasmo honen helburu nagusienetako bat "pertsonak norberaren burua ulertzea da".  

 

Liburua idaztea "prozesu oso luzea izan da, bi urte eman ditut horretan, idazteko denbora gutxi izan dudalako, eta niretzat astindu handia izan delako. Nire historia, nire amatasuna,... berraztertu behar izan ditut. Erresistentzia batzuk izan ditut, aldaketak egin behar izan ditut,...".

 

Liburuaren lehen zirriborroa "oso luzea zen, eta gauza garrantitsuenak aukeratuz laburbiltzen joan naiz. Ondorioz, nire esperientziatik liburuan islatu gura nukeen guztia ezin izan dut islatu".

 

Gustuko ilustratzailea aurkitzea ere ez da lan erraza izan: "Nire gustuko ilustrazioen egile bat aurkitu nahi nuen, eta 9 hilabete eman ditut horrentan. Quiel Ramos ilustratzaile bikaina da, eta bere lanak niretzat inspirazio handiak dira". Bartzelonarra sortzez, egun Toledon bizi da.  

 

Liburuaren aurkezpen irekia asteazkenean izango da Kulturaten, arratsaldeko 18:30ean. Herritar guztientzat zabalik egongo da; hala, umeak, helduak, nagusiak zein gazteak ongi etorriak izango dira. 

 

Ekitaldi irekian ipuina kontatuko da, aurkezpen bat izango da eta ondoren liburuak sinatzeko aukera izango da.  

 

Liburua aurkezpenean jarriko da erosgai, eta hortik aurrera liburua erosgai izango da, besteak beste:

  • San Andresko Marta ontzi dendan
  • 658 72 09 87 whats app-aren bitartez
  • noentiendoamama@gmail.com helbidean 

'No entiendo a mamá' tituluak "zentzu borobil-borobila duela uste dut: nire terapietan parte hartzen dutenen gehiengoak amarekin arazoren bat konpontzeke daukate, eta neurri handi batean , ondorioz, aitarekin. Kontuan hartzekoa da haurdunaldian izandako gertaera batek gerora pertsonaren hazkuntzan eragina izan dezakeela". Hortik "etor daitezke ulertzen ez ditugun haurraren jarrera batzuk". 

 

Ipuinean 'Leopardita'k ere "ez du ulertzen amak zer esan gura dion, baina azkenik ulertu egiten du. Era berean, amak 'Leopardita'ren amama ulertu egiten du, baita birramona ere. Prozesu amankomun bat da".  

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE