Isei Barbero / 2012ko ekainak 23, zapatua
San Juanak hemen dira jada, izan ere, goizeko 12:00ak pasatxo zirenean txupinazoa jaurti dute txosna-gunean. Hori baino lehen, ordea, pregoia irakurri dute, eta aurten Ford Mugarriko mutilek hartu dute horren ardura. 1. Nazionalera igotzea lortu ez arren, Arrasateko eskubaloi taldeak denboraldi bikaina egin du, eta guztien txaloak jaso ditu gaurkoan. Gogoratu beharra dago iaz ere kirol talde batek izan zuela ohore hori, Mondrako emakumezkoen taldeak, hain justu.
Ekaitz Aranburuzabalak bete ditu bozeramaile lanak, eta eskerrak eman dio Jai Batzordeari "gutxiengoan dagoen kirol bati horrela aukera ematearen”. Aranburuzabalak egungo egoera politikoa ere izan du hizpide, “eta espero dugu datorren urteko San Juanetan denak hemen egotea”.
Honenbeste, arrasatearrak San Juanetan murgildu dira buru-belarri, eta jaiak ez du atsedenik izango datorren martitzenera arte. Gaurkoa San Juanetako egunik potoloenetarikoa izango da, tradiziozko ekitaldi ugari egongo dira: herri bazkaria, koadrilek makala jaso, errementaria dantza, San Juan sua eta nagusien Danborrada, besteak beste.
ARGAZKI GALERIA