Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
ESTATU PROPIOA ZERTARAKO?
Beñi Agirreren iritzi artikulua.

Testua: Beñi Agirre / 2018ko azaroak 19, astelehena

 

Etxeko bestelako lanak egiten ari nintzela, irratiaren zarra-zarra etxelagun, Donostian

turismoak sortzen dituen trabaz ari zirela sumatu nituen. Kanpotarren masifikazioak

sortzen duen ohitura aldaketa eta bertakoen bazterketaz ariko zirela uste dut. Halako

batean, danba!, tiro baten moduan sentitu nuen elkarrizketatuaren esaldi bat.

Horrelako zerbait: herritarrak lasai egon daitezke, zeren, hostalariak eta hoteletakoak

derrigortuta daude informazioa gutxienez gaztelaraz izatera. Danba! Berriro ere.

Segundo batzuk itxaron…, baina, ez. Ez zuen esan euskaraz ere ematera derrigortuta

zeudenik.

 

Hori da, gaur egungo Europan estatu propioa izatearen edo ez izatearen aldea. Alegia,

estatua duenak hizkuntza inposa dezake, ez duenak ez. Euskal Herria nazioa izan

daiteke, baina ez da estatu, ezin du deus derrigortu Euskal Herrian. Espainiak eta

Frantziak, bai.

 

Bai Euskal Herriak bai eta euskarak bizirauteko estatu propioa behar dutela esaten

dugunok eta euskara estaturik gabe ere salbatu daitekeela uste duten euskaldunen

arteko talka ez da oraingoa. Hala ere, satorren moduan, gaia sartu eta atera egiten da

noizbehinka. Berriki, Julen Zabalori egozten zaion esaldia atera da prentsan “ [...] ezin

dugu esan euskara denik herri baten [...] muina, eta hortik jarraituta ezin dugu esan

duela berrehun urte Euskal Herria Euskal Herriagoa zenik”. Zertaz ari da Euskal Herria

esaten duenean?

 

Euskal Herria eremu geografiko baten kontzeptuan ari bada Euskaltzaindiak Axularren

definizioari jarraituz egiten duen bezala, arrazoia du; Araba, Bizkaia (…) batera

izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena baitio arauak. Azken berrehun urte hauetan

Euskal Herri geografikoaren mugak ez dira aldatu, beraz, ez da ez Euskal Herriago ez

gutxiago. Aldiz, “[...] ezin dugu esan euskara denik herri baten [...] muina…” esaten

duenean Euskal Herri euskaldunago edo ez euskaldunago den neurtu beharko

litzateke. Horretarako estatistikara jo beharko genuke, eta kitto. Nire ustean, baloratu

beharko litzateke orain berrehun urte euskara hegemonikoagoa zela gaur baino, eta

gaur, euskarak orain berrehun urte baino garapen tresna eta zabalkunde gehiago

dituela; baina, ez dela hegemonikoa inon.

 

Hortaz, gaiak, azpigai eta mami gehiago ditu azalean ikusten direnak baino. Adibidez,

Maddi Txoperenari irakurri diot Benedict Anderson antropologoa aipatuz: “Eta, beraz,

nazio bateko herritarrek elkarren artean duten partaidetza sentimenduak irudikatua

izan behar du, nahitaez. Horregatik irudikatua ez haatik gezurrezkoa edo asmatua”.

Ados. Hala ere, Carod Rovira filologo eta politikari katalanaren definizioa kontuan

hartzeko da labur esaten duenean “nazio bat, kontakizun (errelato) bat da”.

 

Estatua, ordea, ez da nazioaren sinonimoa. Max Weberren esanetan “Lurralde jakin

batean legezko indarkeria menderatze-tresna gisa monopolizatzea lortzen duen

erakundea (erakunde multzoa) da. Instituzio forma hartzen du”. Alegia, estatua

lurralde jakin baten muga-marren barruan egikaritutako boterea da eta nazioa jende

multzo batek irudikatutako eta partekatutako kontakizuna.


Euskal Herria nazio bat da?

 

Euskal Herria nazio bat da? Ez dakit bat ala hiru diren. Eneko Bidegainek bere Lurraldea

eta herria liburuan maisutasunez aztertzen du gaia. Hirurak bat, laurak bat eta zazpiak

bat leloen hurrenkera eta erabilpena garbi azaltzen digu historiaren argitan. Zalantza

handia dut, ordea, besteek gaur egun herri bakarreko (subjektu sozial, historiko eta

politiko bakarreko) kontakizuna bultzatzen ari diren ala, ezjakintasunez edo ondorioak

neurtu gabe, hiru kontakizun bultzatzen ari diren gaurko Euskal Herrian (Hirurak bat

berria: Euskadi, Nafarroa Garaia eta Iparraldeko euskal Elkargoa); kontuan hartu gabe,

hiru narrazioek hiru nazio izango luketela ondorio. Alabaina, Euskal herria ez da estatu

bat. Argi dago.

 

Maddi Txoperenari jarraituz, “Nazioaren ideia ez litzateke, beraz, iragan komun batean

soilik oinarrituko: hori ondotik egindako interpretazioa edo kontakizuna litzateke,

nazioari nolabaiteko oinarria jartzeko asmoz egindakoa”. Enric Calpena kazetari

kataluiniarraren iritziz, ordea, “identitate krisia duten gizarteetan historiari buruzko

interesa handiagotu egiten da”. Kataluiniari begira bizi gara azken bolada honetan

euskal herritarrok eta asko haiena kopiatzen saiatzen dira. Ez legoke gaizki,

kataluinarrek euren 1714koaz egin duten narrazioa gure oroimen historikoaren

mugarriekin (ez soilik 1936tik gaurdainokoekin) egingo bagenu.

 

Errelatoa (nazioari identitatea ematen dion kontakizuna, hegemoniaren bila) ez da

historiaren narrazioa soilik. Eta “soilik” horretan egon daiteke gakoa, Maddik “iragan

komun batean soilik oinarrituko” esaten duenean. Historiak kokatu egiten gaitu gu.

Izan garenatik abiatuta, garenaz hausnartuz irabaziko dugu etorkizuna (errelatoaren

hegemonia). Nazioa izateko (herritarrek elkarren artean duten partaidetza

sentimenduak irudikatzeko) ez da behar iragan komuna, baina, erabat kezkagarria

litzateke Euskal Herria nazio bat bezala irudikatzeko eskura dugun historia komun

oparoa ez baliatzea. Agian, hiru nazioen Euskal Herri berriaren errelatoa egin nahi

dutenei oztopo zaie. Ez dut ezetz esango.

 

Estatua izateko, berriz, beharrezkoa al da hizkuntza (euskara gure kasuan) bakarra? Ez

nuke baietz esango. Ivan Iztuetaren iritzi artikulu batean Julen Zabaloren hizpideen

aurrean dio: “Zabalok tesi «antiesentzialista» klasikoa formulatzen digu, [...] koiuntura

edo «moda» kontua dela pentsatzea Euskal Herria eta euskararen erabilera txanpon

beraren bi aldeak direla”. Kasu honetan, zer da Euskal Herria? Estatua ala kontzeptu

geografiko-kulturala? Eta euskara? Hizkuntza nazionala edo normalizatua?

Ingelesarekin batera, adibidez.

 

Euskal Herriaren subjektutasun historiko (inola ere bazter uztekoa), sozial eta politiko

subirano eta independentearen aitortzatik abiatzen gara? Euskal Herria Estatua, da

abiapuntua? Horretan ados egonik, marko horretan ados egonik, marraztuko dugu

hizkuntzei buruzko normalizazioa, Nafarroa-Euskadi-Euskal Herria izena, ikur eta

bandera, eta oro har, behar den guztia; baita horretara iristeko estrategia ere.

Gainerakoan nahiko antzuak izateaz gain, nahasgarriak ere izango dira errelato edo

kontakizunak. 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE