Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Cesar Strawberry: “Blind Rock bezalako ekimenak antolatzea beharrezkoa da”
Def Con Dos taldeko kide ospetsuarekin hitz egin dugu Mondraberrin larunbatean Herriko Plazan eskainiko duten kontzertuaren harira.


595.DefConDosTaldea (id: 2091012)
Testua: Iker Murillo / Argazkia: Def Con Dos / 2019ko urriak 23, asteazkena
 
Vigon sortutako Rap-Metal taldeak 30 urte daramatza eszenatokietatik eta hau ospatzeko asmoz bira bat antolatu dute estatu mailan. 10 disko kaleratu ditu, eta bizipen ugari izan ditu. Ondorengo lerroetan 'Strawberry'k Arrasate, adierazpen askatasuna eta batez ere Errebeldeak Blind Rock jaialdiari buruz hitz egin du.
 
Arrasate ez da ezezaguna Strawberry-rentzat. Urte asko daramatza Arrasatera etorri barik, baina nahiko ondo ezagutzen ditu herria, bere inguruak eta bertako jendea: “Lotura handia dugu Arrasaterekin. Urte luzetan kontzertutan erabili dugun ekipoa Arrasateko enpresa batek prestatzen zigun, eta horren ondorioz hemengo jende ugari ezagutzeko aukera izan dugu. Gainera, 90eko hamarkadan kontzertu batzuk eskaini genituen Gaztetxean. Nire beste taldearekin, Strawberry Hardcore, Aretxabaletan jo dut, eta plazer bat da beti hona bueltatzea”.
 
Oraingo honetan I. Errebeldeak Blind Rock Festival-aren harira bueltatuko da Strawberry Arrasatera, Def Con Dos-ekin. Ekimenak helburu du itsuak diren pertsonen lana eta gaitasunak ikusaraztea: “Urtero, ohiko kontzertuez gain, solidarioagoak diren kontzertuak egiten saiatzen gara. Kasu honetan ekimen oso interesgarria eta aldarrikatzailea iruditu zitzaigun, beraz plazer handia da bertan parte hartzea eta hau bultzatzea. Horrelako jaialdiak antolatzea beharrezkoa da. Gainera sustatzaile nagusietako bat Ibon Casas bezalako pertsona bat da. Errespetu handia diogu bere historiagatik eta itsuen egoera ezagutzera emateko egin duen lanarengatik. Gure inguruan pertsona itsu ugari ditugu, eta oso gertuko gai bat da, beraz oso erraza izan da kontzertu honi baietza ematea”.
 
Ibon Casasen lanak animo handiak eman dizkie Def con Dos-eko kideei: “Ibonen kasua oso berezia da eta ondo ezagutzen dugu. Urte luzetan Blind Rock bezalako ekimenak bultzatzen dihardu, bere historioa ezagutzera emanez. Nahiz eta bizitzan besteok baino oztopo gehiago dituen, itsutasunaren handicap-a beretzat ez da eragozpen bat antolaketa lanak egiteko. Beraz gu oso pozik erantzuten dugu bere deiari. Ikusmena ondo daukagunok ez gara konturatzen baina itsua den pertsona batentzako ohiko egun baten kalera ateratzea ekintza heroikoa da, eta hori ezagutzera ematea ezinbestekoa da. Gainera Arrasate bezalako herri bateko Herriko Plazan kontzertua eskaintzea aukera paregabea da guretzat”.
 
Larunbateko kontzertua heldu baino lehen Strawberry-k taldea momentu “paregabean” dagoela adierazi du: “Azkenengo hilabeteetan taldea berriztu dugu eta forma oso onean gatoz Arrasatera. Zuzeneko oso onak eskaintzen ari gara eta sormen maila ere oso altua daukagu oraindik. Taldearen 30. urteurrena ospatzen gabiltza aurten, eta single berriak kaleratu ditugu diska berria argitaratu baino lehen. Guztiak harrera oso ona izan dute zaleen artean, ondorioz oso pozik gaude alde horretatik. Gure kontzertuak oso animatuak eta potenteak dira beti. Betiko abestiez gain kaleratutako bi single berriak joko ditugu: ‘Zombie Franco’ eta ‘Mamarrachismo Power’, beraz espero dugu jendea etortzea eta gurekin batera ondo pasatzea”.
 
Izan ere, azkenengo hilabeteetan, taldeak 30. urteurrena ospatzeko abesti berriz jositako diskoa kaleratzea erabaki zuen, abesti ospetsuen bildumaren ideia alde batera utziz. Strawberry-ren hitzetan gaur egungo telebistako berriek abestiak sortzeko materiala soberan eskaintzen dute: “Fikzioak askotan errealitatea gainditzen du eta orain inoiz baino gehiago ikusten ari gara. Def Con Dos-en joera ironiko eta kritikoa oso ondo murgiltzen da gai hauetan eta nola ez, hauei buruz asko hitz egiten dugu”.
 
Gainera, abesti berrietaz gain, zaharrek oraindik gaurkotasuna dute: “Orain direla 30 urte idatzitako abestiak ez dira gu bezala zahartu. Jorratzen dituzten gaiak gaur egun puri-purian daude, eta askotan etorkizuneko gertakariak iragarri dituzte. Hortan gu izan gara lehenengo harrituak. Nahiago genuke abesti horiek anekdota ironiko hutsak izatea, baina gaur egun zoritxarrez ez da horrela. Beraz, talde bat egin izan ez bagenu, eta astrologo bezala lan egin izan bagenu, arrakasta handia izango genuke”.
 
Hain zuzen, etorkizunaren harira, Def Con Dos-ek oraindik asko daukala esateko aipatu nahi izan du Strawberry-k: “Hau guztia lagungarriak sentitzeko egiten dugu. Musikariak gara eta ahalik eta denbora gehien mantentzen saiatuko gara mundu honetan. Ez dugu gustoko esatea gure musika beharrezkoa denik, baina guretzat ezinbestekoak dira musika egitea eta zaleen aurrean aurkeztea”.
 
Arrasaten urte askotako punk tradizioa dago. Honi buruz, eta gai ezberdinak salatzen dituzten taldeen adierazpen askatasunari buruz, Strawberry-k egoera larrian gaudela adierazi du: “Mundu osoan eta bereziki Espainia mailan txiste, abesti eta kulturatik etorritako adierazpen ezberdinak derrigortzen ari dira gobernutik. Baita kartzela zigorrak inposatzen ere. Hau guztia betiko sistema defendatzeko makina bat bezalakoa da, eta defentsa hau ziurtatzeko oinarrizko eskubide ugari urratzen dituzte. Botere judizialean ere izugarrizko segurtasun eza dago, eta horrek orain bizi dugun egoerara heltzea laguntzen du”.
 
 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE