Testua: Gontzal Landa Herbias / Portadako eta beheko argazkiak: G.L.H. /
Goiko argazkia: Lahaine.org / 2012-ko uztailak 2, astelehena
Herrira mugimenduko 14 kide (hauen artean Josu Beltran de Gebara arrasatearra) Madrileraino joan ziren ostiralean.
Euskaldun talde hau prest agertu zen larriki gaixo dauden 14 euskal preso politikoen tokia hartzeko.
Halaxe jakinarazi zioten Estatu espainiarreko Espetxeetako Zuzendaritzari, hain zuzen, Zuzendaritzaren egoitzaren aurrean ekintza eginez.
Hortaz gain, salatu zuten gatibu hauek kartzela barruan jasaten duten egoera. Preso horien artean Iosu Uribetxeberria arrasatearra dago.
Espetxe Erakundeen zuzendariari, Angel Yusteri, eskutitz bat utzi zioten egoitzako idazkaritzan.
Gutunak azpimarratzen du larriki gaixotutako euskal preso politikoen “askatasuna giza eskubideei loturiko afera” dela.
Izan ere, “ikuspegi humanitario batetik ulertezina delako pertsona hauek, egoera honetan, preso mantentzea”.
Horregatik, “egoera larri hau konpontzeko proposamen bezala, gure askatasuna eskaintzen dizuegu, hamalau euskal preso politiko hauen askatasunaren truke”.
“Edo hobe oraindik: Hamalauak aska ditzatela eta inor gehiago ez dezatela kartzelatu; bakeranzko urratsak egiten has daitezela eta ahalik eta lasterrena amai dadila sufrimendu hau”.