Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Besteak beste, liburua Amazonen erosgai dago.

Josune Murgoitiok 'Viaje a Turquia' bidaia-egunkaria kaleratu du

Liburu honekin bidaien eta emakumeen literaturara bueltatu da arrasatearra, Turkia eta Euskal Herriaren artean lan egiten duen bitartean.

595.Josune.Murgoitio.ViajeaTurquia (id: 1932315)


Testua eta argazkia: Marijo Simon. 2019ko ekainak 10, astelehena.


Josune Murgoitio idazleak 'Viaje a Turquia', bere azkenengo liburua, kaleratu zuen maiatzaren 3an. Liburu honekin bidaien eta emakumeen literaturara bueltatu da arrasatearra, Turkia eta Euskal Herriaren artean lan egiten duen bitartean.  Liburua Amazonen dago erosgai modu digitalean (2,99 €) eta paperean (15 €). Baita ere Valentin Arana Ezkurra estankoan eta Iturriotz tabernan.


Aurten  Murgoitiok Kurdistanera bueltatzeko asmoa du ere. Bere helburua da Turkiari buruz liburu gehiago idaztea, adibidez, Turkiar Egeori buruz gidaliburu baten borradorea idatzita dauka.


- Zer aurkituko du irakurleak liburu honetan?


- Bidaia-egunkari bat da, eta bertan Turkiara bakarrik egin nuen bidai batean bizitakoak kontatzen ditut. Hiru leku desberdin bisitatu nituen orain direla 7 urte: Marmaris, Istanbul eta Diyarbarik. Nire lehen egonaldi luzea izan zen, eta  2 hilabete eta erdi egon nintzen Turkiako Egeoan. Momentu horretan Kurdistanera bidaiatzeko erabakia hartu nuen. Turkian Kurdistanekin arazo politiko bat dute, batez ere, PKK taldearekin. Egoera honek antza handia du Euskal Herrian ETArekin gertatutakoarekin. Garai hartan 'Colores prohibidos' liburua idazten ari nintzen, eta gai honekin oso sentsibilizatuta nengoen. Turkiarren ikuspuntua ezagutzen nuen, eta kurduen ikuspuntua ezagutu nahi nuen.


Bidaia honek aukera eman zidan, ez soilik paisaiak eta herriak nola aldatzen diren ikusteko, baita ikusteko ere emakumeen egoera zein desberdina den Turkiako hainbat lurraldetan.


- Zein da emakumearen egoera Kurdistanen? Egoera berezia bizi dute, ezta?

 

- Marmadisen, Turkiar Egeoan turismoaren eraginez emakumearen egoera libreagoa da. Istanbulen  berriz, aldeen arabera, denetatik dago. Bestalde, Kurdistanen, Diyarbariken, emakumeen egoera askoz mugatuagoa da. Liburu honetan nahasten dira leku bakoitzean zer ikusi, emakumeen egoerak eta nik inguruak nola sumatzen ditudan.


- Emakumea izanik, arazorik izan zenuen bidaian zehar?


- Kurdistanen ez da turismo gehiegi sartzen. Momentu horretan bake prozesu batean murgilduta zeuden, eta bidaia egiteko aukera paregabea izan nuen. Egia da bidaia hau egiteko asmoa ingurukoei  kontatu nienean, Turkiako nire lagunek ez zuten ulertu, emakume izanda  bakarrik bidaiatzea oso arriskutsua zela esan zidaten.


Beldur apur bat nuen, baina bidaiarekin aurrera egitea erabaki nuen.  Egin nuen lehenengo gauza  Diyarbakirren bizi ziren emakume batzuekin kontaktuan jartzea izan zen. Eurak kurdu-turkiarrak ziren, eta euren babes osoa eman zidaten. Hala ere, egoera deserosoak bizi izan nituen. Mardin herrian adibidez, belauneraino soineko bat eramateagatik jende guztia kalean guri begira geratzen zen.


- PKK taldearekin harremanetan jartzea kostatu zitzaizun?


- Ez, euskalduna izanda, jende ugari nirekin hitz egitera hurbildu zen. Kurduera hizkuntzaren aldeko manifestaldi batera gonbidatu ninduten ere. Diyarbakirreko  Zur auzoko alkatea elkarrizketatu nuen, orain espetxean dago, talde armatuarekin kolaboratzea leporatzen dio turkiar gobernuak.


- Kurdistani buruz hitz egiten dugunean, emakumeen egoerari buruz ere hitz egitea beharrezkoa  da, batez ere, milizian aritzen diren emakumeei buruz... Nolakoa da posible dikotomi hori egotea hain tradizionala den lurralde batean?

 

- Miliziatik kanpo dauden emakumeei buruz ez da inoiz hitz egiten, tradizioaren menpe daude. Nik 2012an egon nintzen Kurdistanen, eta aldaketa txikiak egon dira, feminismoak aurrera egin du. Asko sufritu duen lurraldea da, eta dena kendu dizkiete ohorea ez ezik. Liburuak hiria nola den azaltzen du, zerk ikusi dudan, zerk entzun dudan,... Jihaden auka borrokatzen duten emakumeetatik haratago joan nahi izan dut.


- Zer-nolako antzekotasunak eta desberdintasunak aurkitu dituzu Kurdistango eta Euskal Herriko gatazken artean?


- Antzekotasun handiena dudarik gabe,  komunikabideek ematen duten ikuspegia da. Euskal Herritik kanpo gerra giroan bizi ginela pentsatzen zuten, segurtasun falta zegoela. Tentsioa bazegoen, baina gure eguneroko bizitza normala zen. Turkian berdin gertatzen da, PKK taldeari buruz hitz egiten denean berdin gertatzen da.  Bestalde, gizarte-segmentuen artean aurreiritzi asko daude. Orokorrean, turkiarrek ez dute iritzi onik kurduei buruz, eta alderantziz. Ikusezineko biolentzia horrek asko harritu ninduen.
Desberdintasunak ere baditu. Geografikoki egoera desberdina da, lurralde askoz ere handiagoa da. Gainera, guk ditugun eskubideak edukitzetik oso urrun daude.

 

Kurdistango lagun batek askotan esaten dit "guk zuen eskubideak izanda ez genuke borrokatuko". Euren eskubideak oso mugatuak dira hizkuntzari, askatasunari, eta abar... dagokienez.


- Bidaia honetan bizi eta sentitu dituzunen artean zerekin gelditzen zara?


- Turkia ez dela iluna ezta argia ere, biak dela. Hedabideek ikuspuntu oso negatiboa ematen dute. Turkiak beste alde bat du, bisitatzeko leku zoragarriak, gastronomia, kultura,... Lurralde askotan banaturiko herrialdea da, oso handia da eta kontrastez betea. Bestalde, emakumeen egoera ikusezina da, eta Europatik egoera aldatzen ez dugu laguntzen. Turkiar emakumeei buruz biktima moduan hitz egiten da, baina ez  bertan lan egiten duten emakume feministei eta borrokalariei buruz.


Liburuaren portadan islatu nahi izan ditut sentimendu hauek guztiak. Portada oso bizia da, eta Mediterraneoaren turkesa kolorea da nagusi. Turkian erabiltzen diren azulejoak ere bertan agertzen dira, niretzat oso garrantzitsuak direlako.

'Almila'


Proiektu berri bat jarri du martxan  Murgoitiok. Turkiatik ekarritako bitxiak saltzeko proiektua, 'Almila'. Bitxi hauek emakumeak egiten dituzte, eta arrasatearrak  Euskal Herrira ekartzen ditu.  Aurten San Juanetako artisau azokan egongo da, eta urrian internet bidez saltzen hasiko da.

Informazio gehiago:


Blogean: Brave Readers
Facebooken: Viajes  Slow: Tradiciones, tabues y mujer
Instagramen: Almila: Esencia de Turquia.

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE